Azken bi asteetan pixkanaka borrokak irabazi ostean, Muammar Gaddafi iritsi da azkenean errebeldeen azken gotorlekura, eta gaur aireportua bonbardatuz hasi du erasoa. Oraingoz ez dute jakinarazi hildakorik eta kalterik izan den. Errebeldeek, ordea, erasoari erantzun zioten, eta Gaddafiren hegazkinek ihes egin behar izan zuten.
Bengaziz gain, hala ere, Ajdabija ere kontrolatzen du oraindik oposizioak. Atzo eraso latza egin zuen Gaddafik Bengazitik 160 kilometrora dagoen hiri horretan, baina errebeldeekin bat egin zuen Abdelfatah Junes Barne ministro ohiak esan du "galera nabarmena" eragin diotela Gaddafiri. Bere hitzetan Gaddafiren aldekoak hiri erdigunera erakarri zituzten, eta segada egin zieten hor, sei tanke hartuz eta beste hiru suntsituz.
Borroka horietan Gaddafiren artean hildakoak "hamarka" izan zirela esan du Junesek, eta 120 preso hartu zituztela. Jaled Essayeh errebeldeen armadaburuetako batek esan du gaur goizean Ajdabija bonbardatzen jarraitzen duela Gaddafik.
Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak dei egin du Libian indarkeria berehala geratzeko, eta Gaddafiri exijitu dio uzteko Bengaziko bonbardaketa.