Frantziako lehen ministro berria elkarrizketarako prest agertu da

Elisabeth Borneren dimisioaren ostean, Macronek Gabriel Attal izendatu du gobernuburu. Gaur arte, Hezkuntza eta Gazteriako ministroa izan da gobernuan.

(ID_13480194) FRANCE GOVERNMENT PRIME MINISTER
Gabriel Attal, Elisabeth Borneren alboan, Frantziako lehen ministroaren kargua hartzen, gaur, Parisen. YOAN VALAT / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko urtarrilaren 9a
12:56
Entzun

Gabriel Attal Frantziako Gobernuko lehen ministro izendatu du Emmanuel Macron presidenteak. Gobernu taldean aritu da Attal legealdi honetan, Hezkuntza eta Gazteriako ministro gisa. Elisabeth Bornek atzo emandako dimisioak eragin du izendapen hori; Borne bezala, Attal Frantziako PS Alderdi Sozialistan ibili zen 2016ra arte, eta ondoren joan zen estatuburuaren alderdira, Renaissancera. 34 urteko politikaria Frantziako V. Errepublikako 26. lehen ministroa izango da, postu hori inoiz hartu dutenetan gazteena. Macronen alderdiak eta haren aliatuek ez dute gehiengoa parlamentuan, eta, legeak aurrera eramateko, akordioen beharra dute. Horren jakitun dago Attal, gaur kargua hartzeko ekitaldian eskua luzatu baitio oposizioari, elkarrizketarako prest dagoela adierazita.

Macron 2017ko maiatzaren 14an Eliseora heldu zenetik kargu horretan arituko den laugarren lehen ministroa izango da Attal, eta bigarrena 2022tik hona. Haren aurretik, Edouard Philippe —2017tik 2020ra—, Jean Castex —2020tik 2022ra— eta Borne —2022tik atzo arte— aritu dira gobernuburu postuan.

Frantziako presidenteak gaur eguerdian X sare sozialaren bidez adierazi duenez, konfiantza du lehen ministro berriarengan: «Attal maitea, badakit zure energiaz eta konpromisoaz fida naitekeela iragarri dudan berrarmatze eta birsortze proiektua martxan jartzeko. 2017ko izpirituarekiko fideltasunean: gainditzea eta ausartzia. Nazioaren eta frantsesen zerbitzuan»

Bornek, atzo dimisioa aurkeztu zuenean, zera adierazi zuen: erreformekin jarraitzea «inoiz baino beharrezkoagoa» dela. Baliteke urteotako politikek eragindako higatzea egotea kargua utzi izanaren atzean; immigrazio legea eta erretreten erreforma, batez ere. Are, 30 zentsura mozio baino gehiago gainditu behar izan ditu gobernuak. Lehen ministroaren postua utzi arren, Asanblea Nazionalean jarraituko du Bornek, diputatu. Izan ere, Calvadosko seigarren barrutiko diputatu hautatua da.

Lehen ministroaren aldaketak gaitzespena piztu du azkar. Marine Le Pen ultraeskuindarrak, presidenteak legez, X erabili du Attalen inguruan duen iritzia helarazteko; kasu horretan, aurkakoa: «Zer espero dezakete frantsesek zazpi urtean izaniko laugarren lehen ministroarengandik eta bosgarren gobernu honengandik? Ezer ere ez. Handinahien eta egoen ballet inozo honetaz asperturik, lehentasun publikoen muinean jarriko dituen proiektu baten zain daude. Aldaketarako bide hau ekainaren 9an hasten da». Ekainaren 9an Europako Parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte, eta, inkesten arabera, RN Batasun Nazionalak zortzi-hamar punturen aldea aterako lioke Macronen alderdiari.

Bideari eutsi

Parisko Matignon jauregian —lehen ministroaren bizilekuan—, kargua Attalen esku uzterakoan, Bornek berriro ere azpimarratu du nahitaezkoak zirela azken bi urteetan egindako politikak. Ados agertu da lehen ministro berria: Attalek herrialdearen segurtasuna «ezinbesteko helburutzat» jo du kargua hartzerakoan eman duen hitzaldian. Herritarren arteko «elkartasunerako garaia» dela gaineratu du, eta ingurumena zaintzearen garrantziaz ere mintzatu da.

Ekonomiari dagokionez, bestalde, Frantziak «hiru ardatz» behar dituela iritzi dio. Lehenik, lanari «lehentasuna» ematea: «Lan egiteak lan ez egiteak baino balorazio hobea izan behar du beti, inflazioak frantziarren bizitzan eragina duen bitartean». Bigarrenik, «ekonomiaren askapena»: «Enpresen eta ekintzaileen bizimoduak sinplifikatzea». Eta, azkenik, «gazteen talentuari zukua ateratzea»

Kargua hartu aurretik, gaur goizean, Attalek bilera izan du Frantziako ikastetxeetako buruekin. Atzo bertan behera geratzekoa zen sindikatuekin zuen bilera hori, baina, azkenean, hitzordua berriz programatzea erabaki zuen ministerioak. Bertan, «esker oneko» mezua helarazi die, eta hezkuntzan «egiteko asko» geratzen zaiela azpimarratu du: «kalitatea eta eskolaren eta gurasoen arteko harremana handitzea», esaterako. Adierazpen horiek egin dituenean, oraindik ez zuten baieztatu lehen ministro izango zenik. Botere aldaketa irudikatzeko ekitaldian, Attalek eskolari ere egin dio aipamena: «Nirekin batera eramango dut eskola».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.