Gabon

Gabongo oposizioak elkarrizketak hasteko deia egin dio junta militarrari

Estatu kolpearengatik zoriondu dituen arren, hauteskundeetako emaitzak errespetatzeko eskatu die oposizioak militarrei. Juntako lider Brice Oligui Nguema astelehenean da presidente karguaren zina egitekoa.

Gabongo herritarrak militarren estatu kolpea ospatzen, atzo, Akandan (Gabon). EFE
maddi iztueta olano
2023ko irailaren 1a
12:11
Entzun

Gabongo oposizioko Alternantzia 2023 alderdiak bi eskaera egin dizkio herenegun estatu kolpea eman zuen junta militarrari: bi aldeen arteko elkarrizketak hasteko eta oposizioko lider Albert Ondo Ossak boz orokorrak irabazi zituela aitortzeko. Larunbatean egin zituzten hauteskunde orokorrak han, eta Alternantzia 2023 izan zen bigarren, botoen %30,7 bilduta.

Militarrek estatu kolpea eman eta bi egunera iritsi da oposizioaren erantzuna: «Gure herrialdeak batasuna eta kohesioa behar ditu, ez banaketa. Gabongo herritarren gehienek Ossa hautatu zuen presidente, eta ezin diegu eskatu hautu horri uko egiteko. Gabongo herriak ez du onartuko». Alternantzia 2023k —sei alderdik osatutako koalizioa da— hauteskunde prozesuarekin jarraitzeko eskatu die militarrei.

Oposizioaren arabera, «ezinbestekoa» da militarrek haiekin negoziatzea. Ezinbestekoa, behintzat, «nazioarteko komunitateak ezarritako zigorrak eta bakartzea» saihestu nahi badituzte. «Proposatzen dugun bidea arrazoiaren, jakintzaren, zuzenbide estatuaren eta demokraziaren bidea da», berretsi dute atzo zabaldutako oharrean. Bide horren amaieran, bi aldeen arteko gobernu bat egon liteke, «irtenbide onena elkarlanean bilatzea» proposatu baitiete militarrei, eta prest agertu dira gobernua haiekin partekatzeko.

Are, estatu kolpearengatik zoriondu egin dute junta militarra. Kolpistek asteazkenean hartu zuten boterea, Ali Bongo presidente izendatua izan eta minutu gutxira. Hark irabazi zituen larunbateko hauteskunde orokorrak, botoen %61 lortuta. Militarren ustez, ordea, bozak ez ziren «gardenak» izan, eta «iruzurra» egitea leporatu zieten Bongori eta haren alderdiari. Iritzi horrekin bat egiten du oposizioak. «Estatu kolpea eman zutenean, Errepublikako Indar Armatuek eragotzi zuten gure herrialdea berriz ere herritarren asmoen aurka gobernatua izatea. Ekintza horrekin hauteskunde krisi larri batetik salbatu zuten gure herria».

Beste iritzi bat dute, ordea, orain arte kolpearen inguruan hitz egin duten nazioarteko erakundeek eta herrialdeek. Atzo bertan, AB Afrikako Batasunak erakundetik kanpo utzi zuen Gabon, behin-behinean, «ordena berrezarri arte». Bestalde, Bongo «berehala» aske uzteko agindu die gaur militarrei, baita haren eta senideen «giza eskubideak, segurtasuna eta osasuna» bermatzeko ere. Asteazkenetik etxean dute atxilo Bongo, eta harekin daude senideak eta medikuak.

Beste lehia bat presidentetzarako

Estatu kolpea eman eta ordu gutxira, juntako burua eta trantsiziorako presidentea hautatzeko bildu ziren junta militarreko kideak. Brice Oligui Nguemaren alde egin zuten guztiek, eta datorren astelehenean da karguaren zina egitekoa, Gabongo Auzitegi Konstituzionalean.

Orain arte, Guardia Errepublikanoko burua izan da Nguema, eta boteretik kendutako Bongo presidente ohiaren lehengusua da. «Pixkanaka trantsizioko erakunde guztiak» berrezarriko dituela eta «atzerriko eta herrialdeko konpromiso guztiak» errespetatuko dituela ziurtatu du junta militarreko liderrak. Halere, oposizioak ez du begi onez ikusi haren izendapena.

Bongoren lehengusua izanik, Ossak uste du bai asteazkeneko estatu kolpea, bai Nguema herrialdeko trantsizioko presidente izendatzea «Bongo familia boterean mantentzeko estrategia bat» direla. Haren arabera, hautagai bakarra dago presidente kargua eskuratzeko: bera. Hala aldarrikatu zuen atzo TV5 Monde telebista katean egindako elkarrizketan.

Oraindik ez dute hitz egin Nguemak eta Ossak, nahiz eta biek adierazi duten horretarako prest daudela. Edonola ere, ikusteko dago nork emango duen lehen pausoa. Ossak irmo berretsi zuen atzo: «Nik irabazi nituen hauteskundeak; beraz, hark etorri behar du nigana, ez nik harengana».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.