Gabongo oposizioak elkarrizketak hasteko deia egin dio junta militarrari

Alternantzia 2023 koalizioak kolpistei eskatu die «bozen emaitzak errespetatzeko». Nguema etzi da presidente karguaren zina egitekoa

Gabongo herritarrak militarren estatu kolpea ospatzen, asteazkenean, Akandan (Gabon). EFE.
maddi iztueta olano
2023ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Gabongo oposizioko Alternantzia 2023 koalizioak atzo bi eskaera egin zizkion asteazkenean estatu kolpea eman zuen junta militarrari: «bi aldeen arteko elkarrizketak hasteko» eta «oposizioko lider Albert Ondo Ossaren garaipena aitortzeko». Duela astebete egin zituzten hauteskunde orokorrak han, eta Alternantzia 2023 izan zen bigarren, botoen %30,7 bilduta.

Militarrek estatu kolpea eman eta bi egunera iritsi zen oposizioaren erantzuna: «Gure herrialdeak batasuna eta kohesioa behar ditu, ez banaketa. Gabongo herritar gehienek Ossa hautatu zuten presidente, eta ezin diegu eskatu hautu horri uko egiteko. Gabongo herriak ez du onartuko». Alternantzia 2023k —sei alderdik osatutako koalizioak— hauteskunde prozesuarekin jarraitu dezatela eskatu zien militarrei, atzo zabaldutako prentsa oharrean.

Oposizioaren arabera, «ezinbestekoa» da militarrek haiekin negoziatzea; «nazioarteko komunitateak ezarritako zigorrak eta bakartzea» saihestu nahi badituzte, behintzat. «Proposatzen dugun bidea arrazoiaren, jakintzaren, zuzenbide estatuaren eta demokraziaren bidea da», berretsi zuten. Bide horren amaieran, bi aldeen arteko gobernu bat egon liteke, «irtenbiderik onena elkarlanean bilatzea» proposatu baitzieten militarrei, eta prest agertu ziren gobernua juntakoekin partekatzeko.

Are, estatu kolpearengatik ere zoriondu zituzten militarrak. Kolpistek asteazkenean hartu zuten boterea, Ali Bongo hirugarren aldiz presidente izendatua izan eta minutu gutxira. Bongok irabazi zituen larunbateko hauteskunde orokorrak, botoen %61 lortuta. Militarren ustez, ordea, bozak ez ziren «gardenak» izan, eta «iruzurra» egitea leporatu zieten Bongori eta haren alderdiari. Iritzi horrekin bat egiten du koalizioak: «Estatu kolpea eman zutenean, Errepublikako Indar Armatuek eragotzi zuten gure herrialdea berriz ere herritarren asmoen aurka gobernatua izatea. Ekintza horrekin, hauteskunde krisi larri batetik salbatu zuten gure herria».

Presidentetzarako lehia

Estatu kolpea eman eta ordu gutxira, juntako burua eta trantsiziorako presidentea hautatzeko bildu ziren junta militarreko kideak. Brice Oligui Nguemaren alde egin zuten guztiek, eta etzi da karguaren zina egitekoa, Gabongo Auzitegi Konstituzionalean. Orain arte, Guardia Errepublikanoko burua izan da Nguema, eta boteretik kendutako Bongo presidente ohiaren lehengusua da. «Pixkanaka trantsizioko erakunde guztiak» berrezarriko dituela eta «atzerriko eta herrialdeko konpromiso guztiak» errespetatuko dituela ziurtatu du.

Halere, oposizioko liderrak ez du begi onez ikusi Nguemaren izendapena. Bongoren lehengusua izanik, Ossak dio «Bongo familiak boterean irauteko estrategia baten» parte dela bai asteazkeneko estatu kolpea, bai Nguema herrialdeko trantsizioko presidente izendatzea. Haren arabera, hautagai bakarra dago presidente kargua eskuratzeko: bera. Hala aldarrikatu zuen ostegunean, TV5 Monde telebista katean egindako elkarrizketa batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.