Alderdi politikoekin eta gizarte zibileko ordezkariekin bildu ostean, Gabonen iragan asteazkenean estatu kolpea eman zuten militarrek datozen hilabeteetarako bide orriaren lehen xehetasunen berri eman dute. Agintea hartu duen juntako buru eta trantsiziorako presidente —bihar hartuko du kargua— Brice Oligui Nguemak herenegun gauean jakinarazi zuen erreforma politikoak egingo dituztela, erakunde «demokratikoagoak» izatea helburu hartuta; hori bai, ez zuen hauteskundeetarako datarik finkatu, «iraganeko hutsegiteak errepikatzeko» arriskua dagoelakoan.
«Trantsiziorako eta Instituzioak Berrezartzeko Batzordeak dei egiten die alderdi politiko guztiei trantsizioan parte hartzeko eta erakunde indartsuak sortzeko, Gabongo herriaren helburuei erantzuteko asmoz», esan zuen juntako buruak Gabon 24 telebista katean emandako hitzaldi batean. Estatu kolpeaz geroztik, gobernua, Senatua, Asanblea, Auzitegi Konstituzionala eta Hauteskunde Organoa deseginda daude, «behin-behinean», eta hauteskunde orokorrak eta haien emaitzak, baliogabetuta; Ali Bongok irabazi zituen boz horiek, botoen %64,2 jasota —2009tik zegoen presidente karguan—, baina militarren ekintzak Bongo familiaren 50 bat urteko aro politikoa amaiarazi zuen.
Orain, juntaren asmoa da «ahalik eta azkarrena mugitzea», baina horrek ez du esan nahi, Nguemaren arabera, hauteskundeak «azkar antolatuko» dituztenik, uste baitu hori eginda arriskua legokeela «jende berberak agintean amaitzeko». Iragan asteko larunbateko bozetan «irregulartasunak» izan zirela salatu du oposizioak, eta, egunotako adierazpenak ikusirik, militarrek agerian utzi dute iritzi berekoak direla, eta hori izan zela estatu kolpea emateko arrazoietako bat.
Harrezkeroztik, Bongo etxeko atxiloaldian dago, familiarekin batera. Militarrek ustelkeria eta «ardurarik gabeko eta ustekabeko gobernantza» leporatzen dizkiote, eta, horregatik, trantsizio garaian erakundeak «hobetu» nahi dituzte; besteak beste, «giza eskubideak, oinarrizko askatasunak, demokrazia eta zuzenbide estatua errespetatzeko». Hori bermatzeko neurrietako bat beste konstituzio bat idaztea litzateke, juntak egunotan azaldu duenez.
Bide orri horren berri eman arren, militarrek ez dute xehetasun gehiagorik eman, eta, beraz, ikusteko dago zeintzuk izango diren erakunde «demokratikoagoak» lortzeko neurri zehatzak. Oposizioari, behintzat, erreformetan parte hartzeko deia egin dio juntak, eta haren eskarietako bat bete du: atzodanik, herrialdeko mugak irekita daude berriz.
Estatu kolpe gehiago
Afrika mendebaldean eta erdialdean kezka handitzen ari da, urteotan estatu kolpeak ugaritzen ari direlako. Gabonen joan den asteazkenean egindakoa eskualde horretan 2020tik hona izandako zortzigarrena da; eta, gainera, herrialde horretan saiakera bat egin zuten 2018an, baina atxilotu egin zituzten Bongo boteretik kentzen saiatu ziren hiru militar —hamabost urteko kartzela zigorra ezarri zieten 2021ean—.
Gabonen ez ezik, Nigerren—joan den uztailean—, Burkina Fason —iazko urtarrilean, eta beste bat irailean—, Ginean —2021eko irailean—, Txaden —2021eko apirilean— eta Malin —2020ko abuztuan, eta beste bat 2021eko maiatzean— egin dituzte estatu kolpeak azken hiru urteotan. Horietan guztietan militarrak daude agintean oraindik ere.
Gabongo juntak erreformak iragarri ditu, erakunde «demokratikoagoak» xede
Kolpistek ez dute hauteskundeetara deitu, «iraganeko hutsegiteak errepikatzeko» arriskua dagoelakoan. Mugak berriz ireki dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu