Gorrotoari aurre egiteko eskatu du Scholzek, bost hildako eragin dituen erasoaren biharamunean

Magdeburgoko Gabonetako azokan egindako erasoan 200 bat lagun zauritu dituzte. Ustezko erasotzailea atxilotu dute: Saudi Arabiako sendagile bat da, eta erasoaren atzean arrazoi islamofoboak egon daitezke.

Olaf Scholz kantzilerra eta beste agintari batzuk erasoa izan den tokian, gaur. FILIP SINGER / EFE
Olaf Scholz kantzilerra eta beste agintari batzuk erasoa izan den tokian, larunbat honetan. FILIP SINGER / EFE
Edu Lartzanguren - Mikel Garcia Martikorena
2024ko abenduaren 21a
16:35
Entzun

Gabonetako kaleko azoka baten aurka egin zuten eraso bart Magdeburgen (Alemania). Auto batekin sartu zen erasotzailea azokan, eta bertan zeuden bisitarien aurka egin zuen, ziztu bizian, ehunka harrapatuz. Alemaniako larrialdi zerbitzuek gaur jakinarazi dutenez, erasoan bost lagun hil zituen gidariak, eta zaurituak 200 baino gehiago dira. Azken horien egoerari dagokionez, 41 lagun «oso larri» daude, herrialdeko kantziler Olaf Scholzek gertatutakoa gaitzesteko eta egoeraren inguruko informazioa emateko azokan gaur egin duen agerraldian esan duenez.

Kantzilerrak erasoaren «basakeria» salatu du: «Ezerk ez du bakea hobeto ordezkatzen Gabonetako azoka txiki batek baino. Zein ekintza basati eta eroa den bertan sartzea jendea hiltzeko eta zauritzeko». Gainera, «gorrotoari» aurre egiteko eskatu die herritarrei Scholzek, erasoaren atzean egon daitezkeen arrazoi islamofoboak direla eta: «Gorrotoak ez dezala erabaki nola bizi garen».

Ildo beretik jo du Saxonia-Anhalt landerreko barne ministro Tamara Zieschangek: «Alemaniako askatasuna eta demokrazia babestea da gure helburu nagusia». Gaineratu duenez, «eztabaida sakon eta argi bat» egin behar da hiriek, landerrek eta Alemaniak hartu behar dituzten segurtasun neurrien inguruan; baina «orain ez da hori egiteko garaia»: «Utzi iezaguzue hau elkarrekin gainditzen». Azken mezu hori berretsi nahi izan du Scholzek ere: «Herrialde gisa elkarrekin egotea garrantzitsua da oraintxe».

Elkarren laguntza hori erasoaren momentuan hasi zela nabarmen du Scholzek, eta lehen minututik istripuan zauritutakoak laguntzen aritu ziren herritarrak goraipatu ditu: «Oso eskertuta nago laguntzen aritu diren guztiekin; haiek egindakoari esker, zerbait okerragoa saihestu dugu». Zaurituentzat eta haiek laguntzen aritu ziren herritarrentzat Alemaniako Gobernuak laguntza jarriko duela nabarmendu du kantzilerrak.

Ustezko egilea

Ustezko erasotzailea atxilotu dute. Zieschangek esan duenez, erasotzailea 50 urteko sendagile bat da, Saudi Arabiakoa, eta Alemanian bizi da 2006tik, legalki. Agintariak jakinarazi duenez, Poliziaren aurreneko ikerketek diotenez, erasotzailea bakarrik aritu zen, eta ez dago informaziorik laguntzaileren bat izan zuela pentsarazten duenik.

Alemaniako zenbait hedabidek azken orduetan kaleratu dutenaren arabera, ustezko erasotzailea islamaren aurkako ekintzaile ospetsu bat da, eta, hedabideen ustez, hori izan liteke erasoaren motibazioa. Emakume saudiarabiarrak herrialdetik atera eta Alemaniara etortzeko bideak erraztean hasi zuen ekintzaile lana, baina, denborarekin eskuin muturreko diskurtsoa hartzen hasi zen.

Aurreko astean, esaterako, AEB Ameriketako Estatu Batuetako blog islamofobo bati eman zion elkarrizketa. Alemaniak musulman ohiei «jazartzeko operazio sekretu bat» martxan duela adierazi zuen bertan. Are gehiago, X sare sozialean Angela Merkel kantziler ohiak (2005-2021) abiarazitako «muga irekien» politikak gaitzetsi izan ditu hainbatetan: Merkelek Europa «islamizatzeko» plan bat zuela adierazi izan du hainbatetan ustezko erasotzaileak.

Der Spiegel Alemaniako aldizkariak ustezko erasotzaileak AfD Alemaniarentzako Alternatiba eskuin muturreko alderdiarekin duen harremana azpimarratu du. Alderdiarekin musulman ohientzako eskola bat sortu nahi zuen, Alemaniako kulturan barneratzeko. Aldizkari berak argitaratu duenez, ustezko egilearen aurkako salaketa bat jarri zuten iaz haren adierazpenak zirela eta; Poliziak, baina, ondorioztatu zuen ez zela «arriskutsua».

Gehien hedatu den hipotesiak eraso islamofobo bat izan dela dioen arren, kantzilerrak ez du baieztatu hala denik. Horren inguruan galdetu diote kazetariek Scholzi, eta hark erantzun du kasua «ahalik eta zehaztasunik handienaz argitu» behar dela arrazoiak ulertzeko eta erasoari «legearen bitartez erantzuteko».

Magdeburgekoa ez da Alemaniako Gabonetako azoka baten aurka azken urteetan egin duten eraso bakarra. Duela zortzi urte, 2016an, Berlinen oso antzeko eraso bat egin zuten. Hango hartan, hamabi lagun hil zituzten. Alemaniako hiriburuan egin zuten erasoaren muinean, ordea, arrazoi islamistak zeuden.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.