G7koek aurreakordioa egin dute Ukrainari 46.000 milioi euroko mailegua emateko

G7ko herrialdeek emango diote mailegua Kievi, eta Errusiari izoztutako aktiboen interesak erabiliz itzuliko da dirua. Xehetasunak finkatzeko geratuko dira, baina agintariek aurreikusten dute urte bukaeran hastea dirua helarazten.

G7ko kideak bilduta, gaur, Italian. DONATO FASANO / EFE
G7ko kideak bilduta, gaur, Italian. DONATO FASANO / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko ekainaren 13a
15:00
Entzun

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik argi utzi du G7koek gaur Puglian (Italia) hasi duten —eta etzi arte iraungo duen— goi bileraren helburuetako bat Kieven «erresilientzia ekonomikoa» bideratzea izango dela. Munduko herrialde industrializatuenen taldeak aurreakordioa egin du Ukrainari 46.000 milioi euro baino gehiagoko mailegu jarioa emateko. Mailegu hori ordaintzeko, Errusiako Banku Zentralari blokeatutako zenbait aktibok sortu —eta sortuko— dituzten interesak erabiliko dituzte. AEB Ameriketako Estatu Batuen iritziz, interes horiek ez dira inorenak, eta erabil daitezke; Moskuk, ordea, bereak direla aldarrikatzen du. Aurreneko funtsak Ukrainara urte bukaeran heltzea aurreikusten dute.

Oraindik sinatzeko dute akordioa G7koek —Alemaniak, Kanadak, AEBek, Frantziak, Italiak, Japoniak eta Erresuma Batuak osatzen dute taldea; gainera, EB Europako Batasunak ordezkaritza politiko iraunkorra du—, baina azken hilabeteetan mahai gainean egon da afera. Bilera hasi baino lehen, Jake Sullivan AEBen Segurtasun Nazionaletako aholkulariak aurreratu du «aurrerapauso onak» eman direla negoziazioetan, eta gaur «luze gabe egin beharreko urratsen inguruko ikuspegi bateratua» egongo dela. Are gehiago, zenbait hedabidek egintzat ematen dute akordioa, negoziazioen berri duten iturriak aipatuta. Hala ere, Sullivanek nabarmendu du Italian onartuko dena «soilik esparrua» izango dela, eta datozen hilabeteetan erabakiko dituztela xehetasunak.

Ukrainari emango dioten dirua, beraz, ez da zuzenean etorriko Errusiari bahitutako dirutik edo hark sortutako etekinetatik. G7ko herrialdeek utziko diote dirua Ukrainari, eta hark ordaindu beharko duena etekin horietatik etorriko da. Errusiak Ukraina 2022ko otsailean inbaditu zuenetik Moskuk nazioartean zituen finantza aktiboak —beste herrialdeek igorritako bonuak, akzioak eta deribatuak, besteak beste— izoztuta eduki dituzte herrialdeek. 260.000 milioi euro inguru dira guztira, eta horietako 196.600 milioi euro Bruselan bertan daude, Euroclearren kontuetan. Euroclear munduko konpentsazio ganberarik handiena da. Inbertsio horiek urtean 3.000 milioi eta 5.000 milioi euro bitarteko etekinak dituzte. Hori baliatuko du Ukrainak G7ko kideei mailegua itzultzeko.

Beraz, Kievek 46.000 milioi euroko mailegua itzuli ahal izateko gerrak ez du luze gabe amaitu behar; hala aurreikusten dute nazioarteko agintariek. Hedabideek aipatutako iturrien arabera, diru horren xede nagusiak Ukrainak bere defentsa indartzea, ekonomia egonkortzea eta herrialdea berreraikitzea izango dira. G7ko kideek, hala ere, ez dute dirua galdu nahi, gerra bukatu ondoren Errusiak bere aktiboen kontrola berreskuratu eta Ukrainak mailegua itzultzeko arazoak izango baititu. Hori dela eta, behin baino gehiagotan azpimarratu izan dute Moskuri blokeatutako diruaren kontrola ez diotela itzuliko harik eta gerra bukatu eta hark Ukrainari kalte ordainak eman arte.

Abala, eztabaida iturri

Horiek ezbaian egoteak zalantzak sortu ditu G7ko kideen artean, batez ere EBn. Izan ere, mailegu horren abala nork jarriko duen eztabaida iturri bihurtu da herrialdeen arteko negoziazioetan. AEBak egiten ari dira ahaleginik handiena Ukrainari babes ekonomiko hori emateko, eta abala finantzatzeko bestelako bideak bilatzen dabiltza, beste kideek mailegua begi hobeekin ikusi dezaten; enpresa pribatuak tartean sartzea, esaterako.

Washingtonek beste herrialdeak konbentzitzeko saiakera horietan koka daiteke AEBetako Altxorreko idazkari Janet Yellenek gaur The New York Times egunkarian argitaratutako iritzi artikulu batean nabarmendu izana Ukrainari mailegu hori emateak «mezu argi bat» helaraziko diola Errusiako presidente Vladimir Putini. Yellen izan dute buru AEBek Ukrainari funtsak bideratzeko negoziazioetan, eta, haren ustez, maileguak adierazten du Mendebaldea «denbora luzez» egongo dela ukrainarren alde. «Ameriketako Estatu Batuek eta gure aliatuek blokeatutako Errusiako aktiboen balioa askatzeko garaia da, Ukrainak lehenbailehen behar duen laguntza ekonomikoa ziurtatzeko», idatzi du.

abortu seguruaren aldeko adierazpenik ez

Ohi bezala, G7koak adierazpen bateratu bat egitekoak dira etzi, Pugliako goi bileraren amaieran, hartutako erabakien berri emateko. Hartan, abortu seguru eta legala ziurtatzearen alde egitea espero zen; baina, Italiako hedabideek argitaratu dutenaren arabera, Italiako presidente Giorgia Meloniren eskaeraren ostean adierazpenetik kentzea erabaki du taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.