Energia fosilak

G7ko herrialdeek 2035erako itxiko dituzte ikatz zentralak

Japoniak sortu du arazo gehien, baina azkenean denak jarri dira ados energia iturri hori murrizten hasteko. Beranduenez 2035ean itxi beharko dituzte zentralak.

ESPAÑA ECONOMIA ENERGÍA
Almeriako (Espainia) ikatz bidezko zentral termiko baten eraistea, martxoan. CARLOS BARBA / EFE
inaut matauko rada
2024ko apirilaren 30a
15:20
Entzun

Zazpien taldea ados jarri da gaur Turinen (Italia), ikatz bidezko zentral termikoak ixteko data jartzeko: beranduenez 2035ean itxi beharko dituzte ikatza erregai gisa erabiltzen duten zentral termikoak. Japonia izan da orain arte arazo gehien jarri dituena, herrialdeko elektrizitate iturrien zerrendan hirugarren postuan baitago. Hala ere, azkenean neurriak onartuko ditu Asiako herrialde hark. Nahiz eta G7aren goi bilera Italian egin, Erresuma Batuak iragarri du neurria.

Alde handiz, AEBak dira G7ko ikatz erretzaile nagusiak, baina onartutako neurriek ez die eragingo zazpien taldetik kanpoko herrialdeei. Hala ere, G7ko herrialde guztiek, Alemaniak bereziki, izango dituzte arazoak ikatza alboratzeko, eta beste elektrizitate iturri batzuetako inbertsioak handitu beharko dituzte, berriztagarrietan bereziki. Alemaniaren ikatz bidezko elektrizitate ekoizpena asko handitu da azken bi urteetan; izan ere, 2022ko otsailaren aurretik, Ukrainako inbasioaren aurretik alegia, gas mordoa jasotzen zuen Errusiatik Nord Stream eta Nord Stream 2 gasbideetatik.

Moda industria eta protestak

Beste arazo batzuei aurre egiteko konpromisoak ere hartuko dituzte Mendebaldeko zazpi potentzia nagusiek —AEBak, Erresuma Batua, Kanada, Italia, Frantzia, Alemania eta Japonia—; esate baterako, jantzien industriak ingurumenean duen inpaktuari aurre egitea. Hala ere, adierazpena ez da neurri zehatzetan sartzen, egoerari aurre egiteko konpromisoetan baizik. Nabarmendu dute beharrezkoa dela neurriak hartzea jantzien industriaren «kontrolik gabeko garapenari» aurre egiteko, moda azkarrari batez ere.

Modaren munduak «zirkularragoa» izan behar duela nabarmendu dute, eta azpimarratu birziklapena eta berrerabilera ezinbestekoak direla.

Atzo eta gaur egiten ari dira goi bilera, eta elkarte ekologistak eta antolakunde ezkertiarrak protestak egiten ari dira kalean mandatarien aurka. Lider nagusien irudiak erre dituzte, eta Poliziak behin baino gehiagotan egin du manifestarien aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.