«Hamarkadak behar izan ditu iragarpen honek», adierazi du Ameriketako Estatu Batuetako Energia Departamenduak . Azaldu dutenez, 2022ko abenduaren 5ean, Kaliforniako Lawrence Livermore Laborategi Nazionaleko talde batek «arrastoa utzi du historian, fusio sutzea lortuta».
BREAKING NEWS: This is an announcement that has been decades in the making.
— U.S. Department of Energy (@ENERGY) December 13, 2022
On December 5, 2022 a team from DOE's @Livermore_Lab made history by achieving fusion ignition.
This breakthrough will change the future of clean power and America’s national defense forever. pic.twitter.com/hFHWbmCNQJ
Orain arte inork ez du lortu fusioa eragiteko gastaturiko energia baino gehiago ateratzea erreakziotik. AEBetako Energia Departamentuaren arabera, operazioa errentagarria izatea lortu dute historian lehen aldiz. Horrek mugarria ezarriko luke gizateriaren energia beharren historian, noiz eta horrek kliman eragin duen larrialdiaren ondorioak gero eta nabarmenagoak diren honetan, eta energiaren arazoa nazioarteko gatazken muinean dagoela oso argi ikusten den honetan.
Atzo Financial Times kazetak aurreratu zuen albistea, esperimentuaren txostena aipatuta. Gaur, berriz, iragarpen ofizial arranditsua egin dute Washingtonen, Energia Departamenduaren egoitzan. Horretan lan egin duten zientzialariak goraipatu ditu Jennifer M. Granholm AEBetako Energia Idazkariak. «Horien lanak lagunduko du gizateriaren arazo konplexuenak eta larrienak konpontzen; esaterako, energia garbia sortzea klima aldaketari aurre egiteko, eta disuasio nuklearrari eusteko proba nuklearrik egin gabe». Laborategi publiko batek egin du esperimentua, eta lorpenaren alderdi militarra eta harrotasun nazionalari emaniko bultzada nabarmendu nahi izan ditu Energia Departamenduak.
Lawrence Livermore Laborategi Nazionalean, fusioa lortzeko konfinamendu inertzialaren metodoa ikertzen aritu dira azken hamarkadotan. Abenduaren 5eko esperimentuan, hidrogenoaren plasmazko bolatxo bat munduko laserrik handienarekin bonbardatu zuten. Financial Times-ek atzo aurreratu zuen laserrak 2,1 megajouleko energia gastatu zuela, eta fusio erreakzioak 2,5 megajoule sortu zituela. Baina gaurko laborategiak zehaztu du esperimentuan 2,05 megajoule jaurti zizkiotela helburuari, eta erreakzioak 3,15 megajoule sortu zituela.
Edonola ere, praktikan erakutsi dute etorkizun batean fusioaren bidez energia sortu ahalko dela argindar zentral batean.
«Mende batez ulertu izan dugu fusioaren teoria, baina jakitetik egiterako bidea luzea eta malkarra izan daiteke», esan du Arati Prabhakar AEBetako presidentearen Zientzia eta Teknologia aholkulariak. «Gaurko mugarriak erakusten du zer egin daitekeen jo eta ke lan eginez gero».
Fusioaren bidez energia sortzea «gizateriaren erronka zientifiko handienetako bat da, eta hura lortzea zientziaren, ingeniaritzaren eta, batez ere, jendearen garaipena da», adierazi du laborategiko zuzendari Kim Budilek. 60 urteko lana izan dela gogorarazi du.
Politikariak ere egon dira aurkezpenean; esaterako, Charles Schumer Senatuko Gehiengoaren burua. «Aurrerapen txundigarri honek eramango gaitu erregai fosilik beharko ez duen etorkizun batera, fusio energia garbiak mugituko duena».
Zoe Lofgren diputatuak bonba atomikoa ekarri zuen Manhattan egitasmoarekin parekatu du emaitza. «Bigarren Mundu Gerran, Manhattan egitasmoa garatu genuen, eta emaitzak garaiz lortu. Munduak gaur dituen erronkak ordukoak baino are handiagoak dira. Orain bikoiztu egin behar dugu apustua, eta ikerketa azkartu, bideak esploratu fusioak agindu digun energia garbi eta mugagaberako».
Fisioaren arriskurik gabeko energia
Fusioa eta fisioa antzeko hitzak dira, baina bi gauza oso ezberdin. Fisioa, hain zuzen, bonba atomikoetan eta gaurko zentral nuklearretako erreaktoreetan erabiltzen dute. Fisioa arriskutsua da, une oro kontrolpean ez badago kate erreakzioa sortzeko joera duelako berez, Txernobylen eta Fukushiman agerian geratu bezala. Horrez gain, fisio erreakzioen hondakinak oso erradioaktiboak dira, eta arriskutsu izaten jarrai dezakete milaka urtez.
Fusioa beste kontu bat da: izarretan gertatzen den erreakzio bat da; Eguzkian, kasurako. Presio eta tenperatura handien eraginez, bi hidrogeno atomoen nukleoak elkartzen dira, eta, ondorioz, helioa sortzen da. Prozesuan energia asko askatzen da. Prozesuak ez du fisioaren arriskurik, ez duelako kate erreakziorik sortzen (elikatu ezean, gelditzeko joera du berez). Gainera, hondakin erradioaktiborik sortzen badu, erradioaktibitate apalekoak dira, eta urte gutxi behar dituzte kaltegabe bihurtzeko.
Fusioaren bultzatzaileek agindu dute prozesua eraginkorra izatea lortzen bada horrek gizateriaren energia arazoak konpon ditzakeela, indar iturri «agorrezin eta merke» bat lortu ahalko litzatekeelako. Fusiorako kilo bat lehengaik gaurko erregai fosilen kilo batek baino hamar aldiz energia gehiago eman dezake, eginiko kalkuluen arabera. Energia hori sortzean, gainera, prozesuak ez du berotegi gasik askatzen. Hainbatetan jarri duten adibideari jarraikiz, katilukada bat hidrogenorekin etxe baten energia beharrak ase daitezke ehunka urterako.
Edonola ere, 1950etik ari dira fusioa errentagarri egiten saiatzen, eta dirutza gastatzen ari dira horretan mundu osoan. Horren lekuko da fisikarien inguruan asko zabalduta dagoen txiste bat: fusioaren apustuan zenbat diru gastatzen ari diren ikusita, agian fisika aldetik eraginkorragoa litzateke energia sortzea zuzenean dirua erreta.
Lasterketa, mundu osoan
Bi metodo erabiltzen ari dira nagusiki munduan, fusio errentagarria lortzeko: gaurko albistearen protagonista den konfinamendu inertziala alde batetik, eta konfinamendu magnetikoa bestetik.
Azken metodo horrek albistea ekarri zuen otsailaren hasieran. Oxfordeko (Ingalaterra) JET laborategian fusio erreakzioen marka ezarri zuten: bost segundoz eutsi ahal izan zioten fusioari, eta 59 megajouleko beroa sortu zuten. 1997. urteraino egin behar da atzera aurreko marka aurkitzeko. JETek berak segundo bateko erreakzioan 22 megajoule lortu zituen.
Orduan ez zuten gastaturiko energia baino gehiago atera. Baina ohartarazi zuten JET laborategian zuten erreaktorearen imanek ezin zutela kudeatu bost segundoko erreakzio bat baino luzeagorik. Beraz, esperimentuaren garrantzia beste nonbait zegoela azaldu zuten: erakutsi zuten ahal zen guztia atera diezaioketela erreaktoreari, plasmaren fisikak nola funtzionatzen duen praktikan ongi ulertzen dutela dagoeneko, eta, ondorioz, saioa erreaktore ahaltsuago batean eginez gero emaitza handiagoa lortuko litzatekeela. Horrek frogatuko luke posible dela fusioaren bidez energia errentagarria lortzea.
Ametsetako erreaktore ahaltsu hori aspaldi ari dira eraikitzen Frantzian, Marseillatik oso gertu: ITER esperimentua.
Izan ere, Oxfordeko JET laborategian dagoen makina tokomak motakoa da, hau da, plasma barruan gordetzeko erroskilla huts moduko bat (toro bat, alegia), eta ITER ere mota horretakoa da, eta Oxfordeko arrakastak erakutsiko luke ITER-ek ere funtzionatu egingo duela.