'Fumata' zurira arteko bide iluna

Frantzisko aita santuaren heriotzaren ostean, abian da Eliza katolikoaren burua hautatzeko prozesua. Baliteke aste batzuk irautea, kardinalek hurrengo aita santua zein izango den bozkatu arte.

KARDINALAK
Frantzisko aita santu hautatu zuten konklabea, 2013an. OSSERVATORE ROMANO / EFE
inaut matauko rada
2025eko apirilaren 21a
13:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Hilabete batzuk osasunez gaizki egon ostean, gaur 07:35 aldera hil da Frantzisko aita santua. Hamabi urte pasatxo eman ditu gaur arte Jorge Mario Bergogliok karguan. Lehen aita santu argentinarra izan da, baita lehen latinoamerikarra ere. Nahiz eta jakina zen gaixorik zegoela, Frantziskoren heriotzak erreakzio ugari eragin ditu, eta hainbat galdera sortu dira: nola hautatzen dute aita santua? Zenbat irauten du prozesuak?

Gutxi dira karguari uko egin izan dioten aita santuak, gehienek hil arte iraun izan baitute; Frantziskoren aurreko aita santua izan zen bere borondatez kargua utzi zuen azkena, Benedikto XVI.a. Aita santua hil egin denetan, kamerlengoak berretsi behar du hil dela, medikuen txostenetan oinarrituta, eta aita santuaren gertukoenak etxe pontifikaleko kaperan biltzen dira, heriotza nola iragarriko den erabakitzeko. Frantzisko hil eta gutxira eman du horren berri Kevin Joseph Farrel kamerlengoak.

Dokumentu ofizialak zigilatzeko balio duen aita santuaren eraztuna berehala suntsitzen dute, eta bertan behera uzten dituzte Vatikanoaren tramite gehienak, gehienetan aita santuaren sinadura behar baitute. Orain, hileta elizkizunak prestatzeari ekingo diote, eta abian jarriko dute hurrengo aita santua hautatzeko prozesua. Vatikanoko zeremonien maisuak, Diego Raviellik, adierazi du Santa Marta Etxeko kaperan zainduko dutela gorpua, eta 20:00etatik aurrera egingo dutela heriotzaren berrestea. Frantziskoren aurretik, Jauregi Apostolikoan egin izan dute hori, baina Bergoglio Santa Marta eraikinean bizi izan da, ez Jauregi Apostolikoan.

'Fumata' zurirako konklabea

Aita santua hil eta bi aste inguru igarota bildu ohi da konklabea, eta bozkatzeko eskumena duten kardinalak biltzen dira bertan. Vatikanoaren webgunearen arabera, gaur egun 252 kardinal daude, baina soilik horietatik 137k dute bozkatzeko eskubidea; izan ere, 80 urte beteak dituzten kardinalek ezin dute botoa eman. Beraz, 137 kardinal horiek Vatikanoan bilduko dira egun batzuk barru, eta horietako bat hautatuko dute aita santu izateko.

Santa Marta Etxea izango da kardinalen egoitza, eta Kapera Sistinoan egingo dute otoitz egun horietan. Inkomunikatuta egongo dira, eta, goizetan otoitz egin eta gero, Eliza katolikoak behar duenari buruz arituko dira. Horren ostean, bozketa sailak hasiko dira. Kardinal bakoitzak boto paper bat izango du, eta bertan idatziko du haren ustez aita santu kargurako egokiena zein den. Botoak zenbatu eta paperak erre egiten dituzte, eta bi herenen babesa duen kardinal bat agertzen ez den arte, bozketak bata bestearen segidan egiten dira.

Lau bozketa egin daitezke egunero, eta, hiru egunean adostasunik ez badago, pentsatzeko tarte bat hartzen dute, ostera bozketei berriro ekiteko. Prozesua, beraz, luzatu egin daiteke; Erdi Aroan, esaterako, aita santua hautatzeko prozesuren batek hiru urte ere iraun zuen. Gaur egun, halere, egun batzuetako kontua izaten da.

Kapera Sistinoaren tximiniatik ateratzen den keak ematen du bozketa prozesuaren berri: bozketa bakoitzean, paperak erre egiten dituzte, eta ke beltzak adierazten du aita santurik oraindik ez dutela aukeratu. Ke zuria ateratzen denean, hau da, fumata zuria denean, aita santua aukeratu dutela esan nahi du, eta hor hasten da aitasantutza aldi berria. Done Petri plazan bilduta dauden kristau guztiek jasotzen dute Habemus papam mezua: «Badugu aita santua».

Ostera, aita santu hautatu berriak bere lehen urbi et orbi (hiriari eta munduari) bedeinkapena egiten du, aitasantutza berria adierazteko, eta handik gutxira Erromako katedralean kargua hartzen du; izan ere, aita santuak ere badu beste kargu bat: Erromako gotzaina. Hain zuzen, atzo egin zuen Frantzisko aita santuak bere azken urbi et urbi bedeinkapena, Pazko igandean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.