Kanto ibarra atzean utzi berri, eguzkia zeruan gora doala, Fukushimako kostaldera iristeko (Japonia) Jobango autobide bihurgunetsutik pasatu behar da, Ibaraki mendien magaletik. Irratia kontatzen ari da ezen Tepco, Fukushimako zentral nuklearraz arduratzen den enpresa, berriz hasiko dela ura isurtzen ozeanora, egiaztaturik ez zela inolako arazorik izan lehen isurialdian. Oraingoan 7.800 tona ur isuriko dituzte, hamazazpi egunez, eta egunero egingo dituzte testak zentralaren inguruan, hiru kilometroan. Litroko hamar becquerel: horra orain arteko tritio kontzentraziorik handiena, datu ofizialen arabera. 700 becquereleko kontzentrazioa ezarri zen isuria eteteko muga gisa, eta, beraz, oso urrun dago datu ofiziala.
Fukushimako prefekturan sartu eta gutxira, ongietorria ematen du trafiko seinale batek: sentsore bat da, adierazten duena orduko zenbat mikrosieverteko erradiazioa dagoen. Markatzen du orduko 0,120 mikrosievert daudela, hots, platano bat jatean askatzen den adina isotopo erradioaktibo, gutxi-asko. Futabako irteeran, paisaia goitik behera aldatu da: ezin konta ahal eguzki plakak egiten dute ongietorria portura bidean. «Lugorrian ere, hobe probetxua ateratzea»: japoniar kutsukoa oso.
Autobidetik irten eta Ukedoko portura bitartean, etxe gutxi batzuk baino ez dira ikusten, eta ematen du are gutxiagotan bizi dela norbait. Paisaia bitxia da oro har: Japonian, mantentze lanak txukun eginda eta ondo zainduta ageri ohi dira espaloiak, kaleak eta errepideak, baina Namieren aldirietan ez da horrela, eta oraindik ikusten dira saltoki eraikin erabat abandonatuak. Ez da harritzekoa ere, zeren duela hilabete gutxi kendu baitzen ebakuazio agindua inguruko zenbait lekutan. Landaretza errepideraino hedatu da, eta orotariko landarez beteak ageri dira espaloiak. Halaxe daude eguzki plakarik ez dagoen lursail gehienak ere: basa landaredia nabarmendu egiten da arrozaren uztaldiaren aurreko egunetan izan ohi den paraje berde arrexkaren ondoan.
Ukedon, ongietorria oso-oso hotza izan da, nahiz eta udazken hasiera honetan sargori dagoen; dozena bat barku dago, eta bakar batean ikusten da norbait. Hurbiltzerakoan, agerikoa da ez daudela oso pozik kazetaria ikusirik; galdetzen hasi, eta arrantzaleetako batek mesfidati begiratu du: ez du hitz egin nahi.
Portuan arrantzaleen kooperatibaren eraikina dago. Atean, honela dio japonieraz idatzitako kartel batek: «Ez dugu kazetariekin hitz egiten». Sekula halakorik. Kooperatibako arduradun batek, oso atsegin, esan du ezin diotela prentsari ezer esan, ezta atzerrikoari ere. Zergatik galdetuta, «horiexek dira arauak» erantzun du, hotz eta motz. Eraikinerako bidea erakutsi duen arrantzaleetako bat iritsi da autoan, eta, elastikoan Dragoi Bola-ko Kame Sennin daramala ikusita (Iratxo Dortoka), aitzakia horrekin, berriz ekin diogu mintzaldiari; hizketarako gogoz daude, antza: «Lehen, egunero irteten ginen; orain, berriz, noizean behin baino ez». «Arraina saltzen duzue?». «Bai horixe, baina orain ez egunero». «Eta zergatik ez egunero orain?». Besoak gurutze jarri da berehala. «Ezin dugu besterik esan», erantzun du Iratxo Dortokaren elastikoa daraman arrantzaleak. «Zentralera joan beharko zenuke, Iwatera».
Hara baino lehen, Japoniako hiri ororen bihotza den horretara joan gara: tren geltokiaren ingurura. Namien, ordea, desertu hutsa da herri eta hiri guztietan jendez bor-bor egoten den leku hori, eta han gelditu diren bi trenetan—bat noranzko bakoitzean— ez da sartu-irtenik batere izan. Lurrikararen aurretik, 20.000 biztanle baino gehiago zeuzkan kostaldeko hiri koxkor honek; gaur egun, berriz, 2.000 pasatxo. Denbora dezente zain egon ondoren, Kazuma agertu da, hiriko coworking gune baten kudeatzaile gaztea. Egunero etortzen da Sendaitik, eta azaldu du bere negozioan ez dagoela ekintzaile askorik oraindik, baina espero duela jendea hirira itzultzen hasiko dela, pixkanaka-pixkanaka.
Ur isurien inguruan galdetuta, erantzun du hango gehienek ontzat jo dituztela: «Jende asko saiatzen ari da bestelako gauzak egiten hiria hobetzeko; beraz, uste dut jende askori ez zaiola axola afera hori. Namieko jendea ez dago beldurtuta; ez dute sentitzen segurtasuna falta zaienik», esan du, oso seguru. «Hiri honek dena galdu zuen, eta, hala ere, horren ondoren, zenbait jende gogor hasi zen lanean beste aro bati ekiteko eta duela hamabi urte baino gehiago gertatu zen tragedia hura atzean uzteko», kontatu du, irmo; «eta ni urrutitik etortzen naiz, laguntzeko».
Geltokitik minutu gutxira, Michinoeki Namie merkataritza zentro koxkorra dago; ia aparkatzerik ere ez dago. Duela hiru urte eskas inauguratu zuten, eta tokiko arraina saltzen dute, mota guztietakoa, Ukedoko portuko arrantzaleek harrapatua. Merkatu horretan saltzaile dabil Tomoko, eta, dioenez, jendeak normal-normal jaten du inguru hartako arraina, ur isuriak gorabehera. «Uste dut behar bezalako kontrolak egiten direla, eta segurua dela produktu hauek kontsumitzea», esan du. Kaoru, berriz, erretiratuta dago, eta merkatu koxkor honetako bezeroa da aspalditik. Saltzailearekin bat dator, eta irmo esan du arraina segurua dela, eta oso gozoa: «Etxean askotan jaten dugu, eta ez dugu inolako arazorik izan; alderantziz: gozo-gozoa dago». Isurien ondoren eskualdeko itsas produktuak seguruak ote diren galdetuta, Kaoruk ez du inolako zalantzarik: «Segurua da, dudarik gabe, hemengo arraina jatea».
Kooperatiba
Fukushimako arrantzaleen kooperatibaren eraikin nagusian, hango kudeatzaile Wataru Niitani erantzuteko prest dago, ez eragozpenik jarri gabe. Gogoz kontra, lekua egin du bulegoko harrerako mahaian, langile guztien begi bistan.
Kudeatzaileak azaldu du kostalde hartako 286 arrantzale hartzen dituela kooperatibak. «Fukushimako arrantzale guztiak», zehaztu du. «Lurrikara baino lehen, arrantzaleek bi edo hiru egun ere ematen zituzten itsasoan, baina orain egun bakan batzuetan baino ez dira joaten, goizaldetik eguna zabaldu arte. Arrantzak %62 egin du behera lurrikaraz geroztik, hainbat egunetan ezin atera-eta. Abantaila da orain freskoagoa dela arraina, eta arrantza mota jakin batera emanagoak daudela arrantzaleak: kalitatezko arrainaren bila ibiltzen dira, eta ez diote hainbeste erreparatzen kantitateari».
%62 gutxiago harrapatuta, ordea, arrantzaleak galduan ateratzen dira. Galdera, hortaz: «Nola konpentsatzen da diru sarrera gutxiago izatea?». Eta kooperatibako kudeatzaileak honela erantzun du: «Zaila da oraingo diru sarrerak duela hamar urtekoekin konparatzea, baina Tepcok dirua ematen die arrantzaleei, galera horiek berdintzeko». Erantsi du kooperatibako arrantzaleak «pozik» daudela konpainiak eta gobernuak galerak konpentsatzeko eskaini dieten diruarekin, baita arrainari egiten zaizkion osasun kontrolekin ere.
Hurrengo galdera: «Eta zergatik ezin da arrantzaleekin hitz egin? Edo, hobeto esanda, zergatik ez diete uzten hitz egiten?». Eta horra Niitaniren erantzuna: «Fukushimako buruzagitzak ez du nahi informazio faltsurik zabaltzea, eta arrantzaleei eskatu die ez hitz egiteko prentsarekin; gaizki-ulerturik ez sortzea, horixe da eskualdeko gobernuaren helburua».
Eskualdeko gobernuak, herrialdekoak eta Tepcok informazio eta gardentasun kanpaina handi bat hasi zuten, kontsumitzaileei segurtasuna eta konfiantza emateko, eta funtzionatu du; are, Fumio Kishida Japoniako lehen ministroa bera ere azaldu zen Fukushimako arraina jaten, zentralean lehen aldiz ura itsasora isuri ondotxoan. «Bai gobernua, bai enpresak eta, jakina, bai gure kooperatiba pozik daude hartzen diren arrain laginekin; aztertu egiten dira, eta egiaztatu ea egokiak eta seguruak diren jateko», azaldu du kudeatzaileak. «Zer esango zenieke Txinako eta beste zenbait herrialdetako buruzagiei, konbentzitzeko segurua dela Fukushimako arraina jatea?», egin du galdera kazetariak. Eta Niitanik zera erantzun du, modu diplomatikoan: «Arazoak zerikusi handiagoa du politikarekin, jakien segurtasunarekin baino; eta nik neuk ez dut ezer esan nahi horren gainean». Jarraian, proposatu du joateko porturik hurbilenera, Numanouchikora, eta galdetzeko han.
Portu hartan hiru arrantzale baino ez daude, kanaberaz arrantzan hirurak. Haietako bat Daiki da, arrantzan ibili zalea den gazte bat, Iwatekoa, eta seguru-seguru esan du isurien ondoren ere ez dagoela inolako arazorik arrainekin. «Ez daukagu arazorik arrain hau jateko; nire seme-alabek ere jaten dituzte nik arrantzatzen ditudan aleak». Eta erantsi du: «Arraina ondo dago, inolako zalantzarik gabe; gainera, jendeari ez zaio askorik inporta zer esaten den isuriei buruz».
Berriz ere Tokiorako bidean, autobideko erradiazio sentsoreak atzean utzirik eta ilargi beteak bidea argitzen duela, errepidea autoz bete da kontrako bidean, Ibarakirantz, Fukushimarantz eta Sendairantz. Japoniar askok jada ez dute beldurrik: badira hamabi urte beldur hori galdu zutela. Orain, kutsadura hondarrak garbitzeko lan eta lan ibili eta gero, ahaleginean ari dira iragana atzean utzi eta beste aro bati ekiteko.
Fukushimako hondamendia
Fukushimako arrantzaleen isiltasuna
Hilabete pasatxo da Fukushimako zentralaren ardura duen enpresa milioika litro ur itsasoratzen hasi zela, tritio hondakin eta guzti. Istripua izandako planta hartatik gertuko portuetako arrantzaleek bere horretan segitzen dute, arrantzan. Ez dute kazetariekin hitz egiteko baimenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu