Frontexek dio ez duela hautsi Europako legedia Egeo itsasoan

Agentziaren barne ikerketa baten arabera, Greziak Turkiari itzulitako migratzaileen kasuan ez dira urratu oinarrizko eskubideak. Aztertutako hamahiru kasuetatik bost argitu gabe utzi ditu

Greziara iritsitako zenbait migratzaile Lavrio herriko portuan, iazko irail amaieran. YANNIS KOLESIDIS / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Greziako mugazainek Turkiara itzulitako migratzaileen asilo eskubidea urratu izanaren frogarik ez du aurkitu Frontex Muga eta Kostaldeetako Guardiaren Europako Agentziak, Egeo itsasoan izandako esku hartzeen inguruan osatutako txostenean.

Atzo aurkeztu zituen agentziak urriaren amaieran hasitako ikerketaren emaitzak, Varsovian, baina, publiko egin aurretik, Herbehereetako NOS telebista kateak aurreratu zuen txostenaren edukia. Agentziak argitu behar zuenTurkiara itzuli aurretik migratzaileek aukerarik izan ote duten asiloa eskatzeko bidezko prozedura baterako, bere agenteek parte hartu zuten hamahiru esku hartzetan. Horietako bost oraindik argitu gabe daudela azaldu zuen agentziak, eta gainerako zortzietan ez dutela Europako legedia hautsi izanaren ebidentziarik aurkitu.

Iazko urrian argitara emandako informazio baten harira egin behar izan du barne ikerketa Frontexek. Zenbait hedabidek zabaldu zuten Europako Batasuneko mugen zaintzarako misioko arduradunek bazutela Greziako mugazainen legez kanpoko ekintzen berri, eta, are, migratzaileak itzularazteko lanean konplize izan zirela. Migratzaileak iritsi ahala itzularazten ari zirela adierazi zuten, asiloa eskatzeko aukerarik eman gabe eta, beraz, Europako legedia urratuz.

Hamahiru kasu aztertzeko eskatu zion agentziaren zuzendaritzak ikerketa talde bati, eta horren lehen emaitzak aurkeztu zituzten urtarrilean. Mugazainen zortzi esku hartzeren inguruko azalpenak eman zituen agentziak orduan, eta horietako ezein kasutan ez zuen jokabide desegokirik ikusi. Ikertzen jarraituko zuela jakinarazi zuen orduan Frontexek. Atzo aurkeztu zituen ikerketaren emaitzak, baina, duela bi hilabete bezala, argitzeke utzi zituen aztergai zituen kasuetatik bost. Informazioa biltzeko sisteman nahiz kasuen jarraipena egitekoan «akatsak» izan zirela argudiatu zuten txostenaren egileek, eta horrek eragotzi ziela bost esku hartze horien inguruan gehiago zehaztea.

Gainerakoen inguruko azalpenak jasota geratu ziren, ordea. Txostenak dio horietan ez dela praxi okerrik egon, eta ez dela urratu migratzaileak iritsi ahala itzularaztea galarazten duen legedia. Hala ere, prozeduretan akatsak izan direla onartzen du; batez ere, migratzaileen jarraipen sisteman eta txostenen aurkezpenean. Horiek zuzentzea eskatu du. Lan egiteko «kultura berri bat» behar da, agentziaren arabera, zeinetan akatsak «aitortu eta zuzendu» egingo diren, «desegokia den edozein jokabideren aurrean kontzientziazio eta sentsibilitatea sortzeko».

Informazioaren bilketan izandako hutsuneak konpontzeko eta Frontexen jardueraren jarraipen zehatzagoa egiteko neurriak ere jaso zituzten txostenaren egileek; agentziak egiten dituen operazioetan ardurak ondo banatzea, taldeen prestakuntza hobetzea eta gertakari larrien berri ematea, besteak beste. Era berean, kostazainen jarduera bideoz dokumentatzea ere gomendatu zuten.

Brusela, gainean

Egeoko itsasoan egindako migratzaileen itzuleren auzia zama bihurtu zaio Fabrice Leggeri Frontexeko zuzendariari. Haren dimisioa nahi du Europako Alderdi Sozialistak, baina Europako Alderdi Popularrak, aldiz, ez du horren beharrik ikusten, eta txostenaren edukiak Leggeriren jarraipenean lagunduko duela espero daiteke, nahiz eta agerian utzi dituen erakundearen barruan dauden deskoordinazio arazoak.

Hain justu, bere jarduna ikuskatzeko berrogei funtzionario kontratatuko dituela esan izan du mugan, baina orain arte ez du halakorik egin. Horregatik barkamena eskatu zuen Leggerik herenegun Europako Parlamentuakmigratzaileen itzuleren auzia ikertzeko sortutako batzordean, eta hitzeman zuen hil honen amaieran edo apiril hasieran lanean hasiko direla funtzionario horietatik hamabost.

Kontratazioak lehenago egin zitezkeela esanez erantzun zion Ylva Johansson Europako Barne komisarioak, eta horrek lagunduko zukeela «mugan bertan eginiko itzulketen txostenak azkarrago eta hobeto argitzen». Iazko abenduan, gutun bat igorri zion Johanssonek Leggeriri, eta ikuskariak kontratatzea oztopatu izana egotzi zion. Halaber, auzia gehiegi luzatu izana deitoratu zuen atzo Johanssonek, eta esan zuen horrek kalte egin diola Frontexen izenari.

Handitzeko fase betean harrapatu du migratzaileen itzuleren auziak Frontex.Organismo txiki bat zen hasieran, baina, 2016ko eta 2019ko erreformen ondoren, funtzioak berritu ditu. Europako Batasunaren mugetan jardungo duen indar armatu bat izan nahi du, eta 2027rako 10.000 agente izan nahi ditu.Horretarako, talde komunitarioko estatu kideek nabarmen handitu dute agentziara bideratutako aurrekontua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.