EB-Turkia itunak bost urte. Frontex. Sira Rego. IUko europarlamentaria

«Frontex ez entzunarena egiten ari da»

Frontexek eta, oro har, Europako migrazio politikak aldaketa bat behar dutela uste du Regok; «harrera perspektiba bat behar da».

RICCARDO PAREGGIANI / BERRIA.
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Frontex agentziaren ustezko jarduera irregularren inguruko informazioa eskatu zuen lehen europarlamentaria izan zen Sira Rego (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1973), eta migratzaileen legez kanpoko itzulketengatik agentzia ikertzen ari den Europako Parlamentuko Batzordeko kide da.

Azkenaldian esan duzu Frontex «kontrolik gabe» ari dela jardunean. Zer esan nahi du horrek?

Adierazi nahi dugu Frontexek egiten dituen gauzen atzean ez dagoela arduradunik. Hori oso larria iruditzen zaigu. Agentzia publiko batez ari gara, diru publikoaz finantzatua, Europako instituzio publikoen aterkipean ekiten duena, eta estatu kide bakoitzarekin harreman estu bat duena, batez ere EBko kanpo mugak dituztenekin. Ezin dugu ahaztu agentzia horrek segurtasun indar baten osagai garrantzitsuak dituela. Beraz, beharrezkoa da aginte maila ezberdinei arrastoa jarraitu ahal izatea, bai aginte politikoari, bai haren administrazio kontseiluari. Ikusten ari gara, baina, ez dagoela inolako bermerik.

Ustezko migratzaileen legez kanpoko itzulketak ari da ikertzen Europako Parlamentuko Ikerketa Batzordea. Ondorio argirik atera duzue?

Gardentasun falta ikaragarri bat dagoela pentsatzen jarraitzen dut. Arduren onarpen falta zantar bat dago. Uste nuen Batzordea daturen bat agerian jartzeko gai izango zela, baina jaso ditugun azalpen guztiak burokratikoak dira. Ez entzunarena egiten ari dira. Larria iruditzen zaigu, ez baita baloiak kanpora botatzeko garaia. Frontexeko arduradunek erantzunak emateko garaia da, eurei gustatu edo ez. Horregatik, ezkerreko talde parlamentarioaren izenean, eskatuko dugu batzordearen lan eredua aldatzeko.

Frontexek egin du barne ikerketa bat, eta adierazi ikertutako hamahiru kasuetatik bost «zalantzagarriak» direla.

Hasteko, ebaluazio mota hau adarjotze bat iruditzen zaigu. Frontexek gertatu dena ikertu nahi badu, giza eskubideekiko errespetuaren aurka ekin den jakin nahi badu, logikoena litzateke lantalde independente bat eratzea. Halere, inpartziala ez den talde honek ondorioztatu du bost kasutan ez dagoela garbi zer gertatu zen. Eurak ere ez dira ezer argitzeko gai.

Halere, pentsatu nahi dut Ikerketa Batzordearen bidez gai izango garela dispositibo errealak eratu eta zer gertatu den argitzeko. Oraingoz, zalantzak ez dira uxatu.

Baina, Frontexetik haratago ere bilatu beharko dira ekintza irregular horien arduradunak, ez?

Arazoa da, hortaz hitz egitean, berariaz nahasgarria den eremu batean sartzen garela. Batetik, estatu kideek euren mugen zaintzarako dituzten ardurak daude, eta horiek agentziari egiten dizkioten kolaborazio eskaerak. Bestetik, Europako Batzordearen partaidetza dago. Kontuan izan behar da batzordeak bi lagun dituela Frontexen administrazio kontseiluan. Beraz, nolabait bada arduradun.

Zaila da, beraz, agentzia erruduntzat jotzea.

Eremu lauso bat dago. Kolaborazio esparru baten pean kokatzen denez, Frontex ez da kargu egiten. Baina, itzulketa irregularrak daude. Printzipioz, esan daiteke zuzenean inplikatuta dagoena estatu kidea dela, baina egitez edo omisio bidez eginiko ekintza bat dago agentziaren aldetik. Hori da ikerketa batzorde honetan ebatzi nahi duguna.

Frontexen hazkunde prozesua agerikoa da, eta badirudi ez duela etenik. Nola iritsi da, baina, honaino?

Frontex Europako migrazio politikaren barruan ulertu behar da. Haren menpeko tresna bat da. Eta zer ikusten dugu Europako migrazio politikaren barruan? Mugen gero eta kanpora ateratze handiagoa, militarizazio handiagoa, eta hirugarren herrialdeekin eginiko akordio gehiago, jendea deportatzeko asmoz. Hori guztia berriz pentsatu beharrean, indartzen ari da. Politika hori aurrera eramateko tresna on bat da Frontex. Eskuin muturraren agenda erosi duen politika bat.

Urte gutxi barru 10.000 agente ere izango ditu.

Polizialki indartu da, bai, baina baita inteligentzia zerbitzuen dosi handi batekin. Datu fluxu ikaragarri bat dago, EBko kanpo mugetako datuen bidez martxan jartzen dena. Agentziak iragazki gisa funtzionatzen du, eta oraintxe ez gaude ziur zertarako balio duen. Beraz, arlo polizialetik haratago, inteligentzia eta informazio kontrolaren eremuan sartu den agentzia baten aurrean gaude. Imajinatu, agente kopuru hori EBren kanpo mugetan, kontrolik gabe, eta informazio hori guztia maneiatzen. Kezkagarria da.

Nolako aldaketak beharko lituzke agentziak?

Arazoa egitura da. Frontex migrazio fluxuak blokeatzeko indar moduan pentsatua dago. Gertatutakoa horren sintoma bat da, porrot egin duen helburu batena. Berriz pentsatu beharra dago zer motatako migrazio politika nahi dugun, eta zein tresna ezar daitezkeen politika hori martxan jartzeko. Ikusten ari gara migrazio kontrola negozio bat dela jende askorentzat, eta horren parte den agentzia bat dugula. Hori desaktibatu beharra dago. Giza eskubideak defendatzeko eta migrazio politikak beste ikuspegi batetik begiratzeko daude botere publikoak. Uste dugu Europaren migrazio politika harrera eta laguntza perspektiba batetik eraiki behar dela.

Migratzaileek mugak igarotzen dituztenean, baina, ez da bukatzen haien ibilbidea. Badago kanpalekuen kudeaketa eredua moldatzeko modurik?

Noski. Migrazio politikaren eta blokeoaren ondorio dira. Migratzaileentzako atxilotze zentroak baztertzeko oinarrizkoak diren bi elementu daude. Batetik, bide legal eta seguruak erraztea, jendeak euren biziak jokoan jartzea eragozteko. Jatorrizko herrialdeetan Europara iristeko tramite administratiboak hasita. Bestetik, estatu kideen arteko banaketa loteslea. Kanaria uharteetara iristen den migratzailea ez da irlan geratzeko iritsi. EBk Espainiari edo Greziari jendea hor mantentzeko agintzeak jendea euren helburuetara iristea galarazten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.