Ukrainako gerraren bilakabidearen berri ematen duten mapa interaktiboak argitaratzen ditu Institute for the Study of WarAEBetako think tank-ak egunero. Ariketa gisa planteatu daiteke joan den ekainaren 7ko mapa hartzea, horretan fronteko lerroari erreparatzea, eta konparatzea, adibidez, atzoko maparekin. Baina Ukrainak zenbait hilabetez iragarritako kontraerasoa hasi zenetik —ekainaren 8tik— hiru hilabete baino gehiago pasatu diren honetan, apenas dagoen alderik bi mapen artean. Izan ere, 1.200 bat kilometroko lerroa ia ez da mugitu.
Mendebaldeak emandako laguntza militarra gorabehera, Ukrainak porrot egin duela dio Errusiak behin eta berriz. Kieven ez dute halakorik entzun nahi. «Kilometro bat bestearen atzetik askatzen ari diren soldaduei aurpegian tu egitea da kontraerasoa geldo doala kritikatzea», adierazi zuen Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroak irail hasieran, agerraldi batean. Baina jakin badakite, ordea, ez dituztela iragarri bezainbeste aurrerapauso eman; Mendebaldeak ere badaki, nahiz eta plazaratzen duen mezua den urratsak «pixkanaka» doazela.
Egoera testuinguruan jartzeko, aurrekari bat mahaigaineratu behar da. Iazko irailean, Errusiak inbasioa hasi eta zazpi hilabetera, Ukrainak kontraerasora jo zuen, eta, Kieven arabera, 3.000 kilometro koadro berreskuratu zituen; nagusiki Kharkiv eskualdean, baina baita Khersonen eta Mikolaiven ere. Iturri berak jakinarazi duenez, udako kontraerasoan 300 bat kilometro koadro pasa berreskuratu ditu.
Iazko maniobrak «ustekabean» harrapatu zuen Errusia. «Une horietan ez zuen defentsarako dispositiborik», azaldu du Jose Enrique de Ayala Espainiako armadako brigadako jeneral ohi eta Fundacion Alternativas Espainiako think tank-eko analistak, posta elektroniko bidez. Kontuan hartuta «ukrainarren erresistentzia gogorra eta Mendebaldearen laguntza masiboa», Errusia «sendotasun handiko posizio defentsiboak prestatzen» hasi zen orduan; iruditzen zaio Ukrainaren kontraerasoa atzeratu izanak «prestakuntza osatzea» ahalbidetu ziola. «Ukrainako armadak zailtasun handiak ditu horiek [posizio defentsiboak] gainditzeko. Kontraerasoa aurreikusi baino motelago doa, eta, oraintxe, ez du ematen nahikoa arrakastarik edukiko duenik».
Ayalaren ustez, kontraerasoari hilabete inguru geratzen zaio «baliagarria» izateko. «Urri erdialdean euria hasiko da, eta horrekin, Rasputisa sasoia: lurra lokaztu egiten da, eta, errepidetik salbu, ezin da inora mugitu».
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea Erresuma Batuko Sky News telebista katean elkarrizketatu zuten urtarril amaieran, eta 300 eta 500 tanke artean eskatu zituen jada iragartzen hasi zen kontraerasorako. Ayalaren esanetan, Leopard 2-ak eta Challenger-ak aintzat hartuta, Ukrainari «azken belaunaldiko» ehun bat bat tanke eman dizkiote, eta 31 Abrams entregatzeko daude. «Kopuru hori ez da nahikoa inola ere, eta Leopard 1ak —140 bat— ez dira hain eraginkorrak». Beste aldagai bat aipatu du, gainera, egoera esplikatzen ahalegintzeko: «Aireko indarretan nagusi ez badira, Ukrainaren tankeak minek eta oztopoek gelditzen dituzte, eta Errusiako erasorako helikopteroek txikitu». Hain justu, kontraerasoa hasitzat eman eta hiruzpalau egunera, Errusiako Gobernuak irudi batzuk zabaldu zituen, zeintzuetan ikusten ziren dozena erdi bat pasa tanke txikituta; ustez, Mendebaldeak emandakoetako batzuk.
Minak hizpidera ekarriz, Matt Dimmick AEBetako armadako koronel ohi eta ErrusiarakoSegurtasun Nazionaleko Kontseiluko zuzendari izandakoak hau esan zion Erresuma Batuko The Guardian egunkariari, abuztu hasieran: «Frontetik kontatzen digutenez, zenbait tokitan metroz metro edo bi metroz behin egiten dute topo minekin».
Institute for the Study of War-en mapek erakusten dute ezen Ukrainak, kontraerasoaren bidez, aurrera egin ahal izan duela; batez ere, Bakhmuten, Donetsk eskualdearen mendebaldean—Kievek hiri hori galdu zuen maiatzean, urte erdi inguruz Wagner taldearen kontra borrokatu eta gero—, baita frontearen hego-ekialdean ere, Zaporizhia eskualdean. Bigarren mugimendu horren helburua zera litzateke: Berdiansk eta Melitopol berreskuratzea, eta Errusiak Donbasstik Krimearaino egin duen lurreko korridorea haustea. Nolanahi ere, gaur-gaurkoz ia ezinezkoa da Ukrainak hori lortzea.
Noiz arte jarraitu laguntzen
Irismen luzeko misilak ere eskatzen ditu Ukrainak. Baditu Frantziak eta Erresuma Batuak emandakoak, eta Fundacion Alternativas-eko analistak zehaztu du «AEBetako ATACMSen» zain dagoela. Ohartarazpen bat egin du: «Horiekin errusiarren atzegoardiari eta lerro logistikoei eraso diezaiekete, baina ez defentsako posizioei. Orain zera behar du: artilleriako munizioa, tanke gehiago, eta hegazkinak, aireko indarretan nagusi izan gabe oso zaila baita kontraeraso bat egitea». Hori bai, pentsatzen du 60 F-16 gerra hegazkinek —«orain arte kopuru hori bidaltzeko konpromisoa hartu du» Mendebaldeak— ez dutela «inolako alderik» egingo. «Berrehun behar dituzu gutxienez, eta, halere, ez ziren erabakigarriak izango, errusiarrak gehiago baitira aireko borrokan».
Hori da egoera, inbasioa hasi zenetik jada urte eta erdi igaro den honetan. Tarte horretan, Mendebaldeak 90.000 milioi dolar inguru gastatu ditu Ukrainari emandako laguntza militarrean —84.000 bat milioi euro—; «horren erdiak, AEBek emanak», Ayalaren arabera. «Baina hori ezin da mugarik gabe mantendu. Herritarren babesa apalduz joango da, eta, agian, ukrainarrak ere ari dira nozitzen gerraren nekea». Eta iragarpen moduko bat egin du: «Kontraerasoak arrakastarik ez badu, bake negoziazio batera joateko beharra planteatuko da, zalantzarik gabe». Iruditzen zaio, hori bai, horrek «banaketa» eragingo duela «gerrazaleenen»—hau da, «Erresuma Batuaren, Poloniaren eta Baltikokoen»— eta besteen artean. «Ukrainak ere aurre egingo dio; sakrifizio gehiegi egin dituzte garaipena ez beste edozer onartzeko. Baina Mendebaldearen laguntzarik gabe, ezingo lukete jarraitu; beraz, besteren erabakien menpe daude».
Gerra Ukrainan
Fronteko lerroa ia ez da mugitu
Hiru hilabete igaro dira Ukrainak kontraerasoa hasi zuenetik, baina ezin izan du eman aurreikusitako aurrerapausorik. Horrek eragina izan dezake Mendebaldearen jarreran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu