Siriako gatazka. Alepo

Frontean setiatuak

Karmal Yabaleko frontean misio itsuak egitera ohituta daude Siriako Armada Askeko soldaduak. Prestakuntza eta arma egokirik gabe, askotan. Halakoxea izan ohi emaitza.

Shuhada al Mara'a batailoiko kide bat, frankotiratzaile batek tiroak hila Karmal Yabaleko frontean. SERGI CABEZA.
Alepo
2012ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Shuhada al Mara'a batailoiko kideak (Marako martiriak, Alepo probintziako herri bat) Karmal Yabaleko ipar fronteko aurreko taldea ziren. Lekua duela hainbat astetatik matxinoen armada eta Siriako armada erregularraren arteko aurrez aurrekoen gune nagusietarikoa da, eta, ondorioz, erabat txikitua dago. Ez da etxe edota eraikin osorik geratzen.

Desabantailan abiatu zen FSA Siriako Armada Askea inguru honetan, ez armamentuari zegokionez soilik; izan ere, gunea maldan kokatua zegoen, eta goranzkoan ekin behar zioten erasoari. Misioa Baxar Al-Assaden armadara ahal beste hurreratzea zen, haren orga korazatuak suntsitu ahal izateko, infanteria indarrak ez baitziren sekula agertzen.

Taldea aukeratutako lekura aurreratu zen bi solairutako etxebizitzen labirintoan barna, elkarren artean paretetako zuloen bidez konektatuak zeudenak. Hori da ikusiak eta atzemanak izatea ekiditeko modua. Zailtasun bakarra zegoen, bukaeran, ia ziur frankotiratzaile batek zaindutako kale bat gurutzatu behar baitzen. Arazorik gabe pasatu ziren. Mutilak, lasai eta ohiko moduan, biltegi txiki batean geratu ziren, eta humus apur bat jateari ekin zioten.

Mokadua bukatubaino lehenago, «Allahu Akbar» zioten oihu batzuk (Jainkoa handiena da) aditu ziren biltegiko sarreran. Matxino bat etzana eta begirada galduta aurkitzen zen, frankotiratzaileak bularraren eskuinaldean tiroa emanda, eta haren kideak, osasun alorreko prestakuntzarik gabeak, jaungoikoari hoska ari zitzaizkion azken oliadura gisako batean.

Ate zuri bat, ihesbide bakar

Urduritasuna nagusitzen hasi zen hogei bat lagunez osatutako batailoian, setiatuak zirelako jakitun. Bi kale perpendikularrak tankeek hartuak zeuzkaten, eta frankotiratzaile batek zelatatzen zuen ihesbide bakarra, erdi irekitako ate zuri bat birrindutako kalearen erdian. Tiro hots bizia nagusi izan zen egun osoan, tarteka-marteka biltegiaren kalearen pareko hormetara bideratutako kanoikadez girotua, ez baitzuten tiro eremu zuzenik berorrekin.

Egoeraz jabetuta, bi matxinok ate zuria erdiesten saiatzea erabaki zuten, kide eroriarekin zamatuta. Lasterketa baldarrean, salbaziotik metro eskasera zeudela, tiro segidak harrapatu zituen. Ez ziren larri zauritu: balek gorputz bizigabean jo zuten, eta lurrera erori zen, beste biak babesleku bila abiatzen ziren bitartean. Haien kideek, sumindurik, kaletik tiroka ekin zioten, jomuga argirik gabe.

Hiru gizonek alboko etxera aurreratzea erabaki zuten, zeuden gelaren atzealdeko paretako zulo batetik, frankotiratzailea garbitzeko eta etxean egindako granada batzuk tankeren bati jaurtitzeko asmotan. Ez zuten arrakastarik izan. Denbora tarte baten ostean, «Allahu Akbar» oihuek berriz ere okerrena ikusarazi zien. Espediziokideetako bat, buruan tiro batekin, egonlekuan sartu zen, beste bi kidek eutsita eta odol lorratza zeriola. Zapi batez zauria estalita, haren arnasak, konorte bakoa eta irregularra, taldea lur jota eduki zuen ordu erdi batez, harik eta amatatu zen arte.

Etsipena nagusitu zen ordu horretatik aurrera soldaduen keinuetan. Otoitz egiten zuten, bazebiltzan, errefortzuak eskatzen zituzten. Segurtasunez gurutzatu ahal izateko irtenbideak bilatzen saiatzen ziren. Orduak aurrera zihoazen, eta kanoikada batek harrotutako hauts lainoaz baliatu ziren batzuk aterantz korrika egiteko, gainontzekoek lasterraldirako indarrak bilatzen zituzten bitartean. Ordurako argi zegoen operazioa porrota izan zela.

Matxinoen etsaia despistatzeko azken saioa, berriz, kamioi baten erroberari su eman eta kale erdiraino biraraztea izan zen. Keak, ustez, errezel bat sortuko zuen borreroa despistatzeko. Baina saio horiek tiro segidaz eta disuasio kanoikadaz ere erantzunak izaten ziren. Horietako baten metrailak arin zauritu zituen bi matxino, kalearen beste aldean jota.

Denborak aurrera egiten jarraitzen zuen, eta gaua gainera zetorren. Ez zen erabateko iluntasunari itxarotea beste irtenbiderik geratzen biziaren aldeko lasterketari ekiteko. Hala izan zen. Soldaduak, egoeraz ahituta, beraien RPG bazokak tiratzea erabaki zuten. Ezinbesteko erantzun-tiroen ostean, behin isiltasuna nagusituta, elkarren atzetik gurutzatu zuten, beste behin, «Allahu Akbar» oihua ahoratuta. Frankotiratzaileak ez zuen asmatu. Salbu zeuden, baina bi gutxiago ziren.

Gutxienez beste hiru soldadu matxino ere erori ziren Karmal Yabaleko beste leku batzuetan; eremu etsaia, haien interesentzat. Gisa horretako misio itsuak arruntak dira han, eta ez da harritzekoa izaten sagutegi bilakatzea. Ez Siriako Armada Askeko borrokalari gehienen prestakuntza, ez beraien armak, ezta beraien estrategiak ere, ezin eman dezake askoz gehiagorako.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.