Ciotti Errepublikanoak alderditik botatzeko erabakia baliogabetu dute auzitegiek

Ciottik adierazi du eskuin muturrarekin negoziatzen jarraitzeko asmoa duela. Frantziako ezkerreko alderdiek Asanblearako bozetarako aliantza aurkeztu dute.

Eric Ciotti, LR Errepublikanoak alderdiko burua, artxiboko argazki batean. VALERY HACHE /EFE
Eric Ciotti, LR Errepublikanoak alderdiko burua, artxiboko argazki batean. VALERY HACHE /EFE
Ander Perez Zala - Mikel Rodriguez
2024ko ekainaren 14a
13:30
Entzun

Frantziako eskuinean kaosa da nagusi astelehenaz geroztik, batez ere LR Errepublikanoak alderdian. Horko zuzendaritza gaur goizean bildu da berriz ere, eta berretsi egin du herenegun harturiko erabakia: Eric Ciotti LRtik botatzea; bilkura horren helburua zen joan den asteazkenean adosturikoa «zilegi» bilakatzea, alderdiko barne araudira egokitzeko. Ciottik, ordea, uko egin dio LR-ren buruzagitza uzteari, eta helegite bat aurkeztu zuen kanporaketa horren kontra. Iluntzean etorri da auzitegiaren erabakia, eta nahasmena areagotuko du: kaleratzea behin-behinean baliogabetu du Parisko auzitegi batek; hau da, salaketaren funtsari buruzko epaia eman arte.

«Justizia mintzatu da, ni naiz Errepublikanoen presidentea», adierazi du Ciottik erabakiaren berri jakin ondotik. «Niretzat erabaki hau ebidentzia juridiko bat zen, amateurismoz eginiko boterea hartzeko ahalegin bat izan zen, oinarri legalik gabekoa». Eta orain zer egiteko asmoa duen ere jakinarazi du: «Hauteskundeen kanpaina hau zuzendu eskuinen aliantzak irabaz diezaion gure herrialdearentzat arrisku handikoa den ezker muturrari».

Hain zuzen, Ciotti akordioak egiten aritu da alderdiaren izenean eskuin muturrarekin. Jordan Bardella RNko presidenteak, BFMTV telebista katean gaur goizean egin dioten elkarrizketan, esan du ados jarri dela «LRko presidentearekin», eta bi indar politiko horiek hautagaitza komunak izango dituztela 70 hautesbarrutitan, «gehiengorik zabalena lortzeko ezker muturraren arriskuaren aurrean».

Aldiz, RNk ez du itunik egin Errekonkista ultraeskuindarrarekin, eta, jokaleku horretan, indar horretako Marion Marechal Le Penek erabaki zuen, herenegun, Bardellaren alderdiaren alde bozkatzera deitzea. Horren ondorioz, Eric Zemmour Errekonkistako presidenteak bere alderdikidea kanporatzea erabaki zuen.

Marine Le Penek, berriz, gaur esan du batasun nazionaleko gobernu bat eratuko luketela haren alderdiak ordezkaritzarik handiena lortuko balu Asanblearako bozetan. Ez du, ordea, kabinete horren osaketaren berri eman.

Ezkerraren xedea, «erabateko haustura»

Frantziako ezkerreko alderdiek itxaropen sentsazioa dute inguruan, berriz ere. Historiko hitza erabili dute egunotan egin duten guztia deskribatzeko; «ardura» aipatu dute, «erantzukizuna» ere bai. Puntu bateraino bada ere, duela bi urte eratu zuten NUPES Herri Batasun Ekologista eta Sozial Berria berreskuratu dute, horrek dakarren guztiarekin. Baina, aldi berean, ezer ez da garai hartan zen bezalakoa, gauza asko gertatu baitira bidean. Eta horrek, ezinbestean, historia hori bera eguneratzea eskatzen zuen. Fronte Popular Berria da horren ondorio; haiek adierazi duten modura, Emmanuel Macron Frantziako presidenteari eta, batez ere, Asanblearako bozetan eskuin muturrari aurre egiteko tresna bat. Aldaketarako aliantza bat, Macronen politikekiko «erabateko haustura» duena helburu.

LFI Frantzia Intsumisoa, PS Alderdi Sozialista, EELV Europa Ekologia-Berdeak eta PCF Frantziako Alderdi Komunista izan dira Fronte Popular Berriaren sustatzaile nagusiak, baina horietaz gain badira alderdi, mugimendu eta elkarte gehiago, aliantzara egunotan batu direnak. Koalizio eta gobernu programa aurkezteko gaur eguerdian Parisen egindako agerraldiak hori utzi du agerian, familia argazki jendetsua eta prentsaurrekoa bera ilusioa zabaltzeko eta jende gehiago batzen saiatzeko baliatu baitituzte aliantzakideek. Aurpegi serioak izan dira, oro har, lau alderdi nagusietako buruak mintzatu direnean; irribarre gutxi, eskuin muturra «boterearen atarian» dagoelako. Hori izan da mezua, eta hor ikusi da zein den etsaia: Macron bai, baina, horren gainetik, ultraeskuina bera.

RN Batasun Nazionalaren «proiektu arrazista eta antisozialaren» aurka, hortaz, «etapa berri bat ireki» beharra dago «Frantziaren historian», Manuel Bompard LFIren koordinatzaile nazionalak argudiatu duenez. Horregatik izan da ezinbestekoa, haren arabera, ezkerreko alderdien «batasun berri» hori, «inoiz ikusi gabekoa». Eta inork zalantzarik balu, Marine Tondelier EELVren idazkari nazionalak esan du irabazi egingo dutela hauteskundeetan —hilaren 30ean egingo dute lehen itzulia, eta uztailaren 7an bigarrena—, gobernatu egingo dutela eta «bizitza egiazki» aldatuko dietela herritarrei: «Macronek ez du gehiengorik izango».

Eskuin muturraren garaipenaren mamua Frantziako politikan dago bozak aurreratu zituztenetik, eta Olivier Faure PSren lehen idazkariak berak hori aitortu du. Kezkarako arrazoia dela, alegia; aintzat harturik, esaterako, Hungarian «[Viktor] Orban egiten ari dena, eta Italian «[Giorgia] Meloni egiten ari dena». Horren guztiaren kontra, «ezkerra da aukera bakarra», Faureren arabera.

Fronte Popular Berriak, agintera iritsiz gero, bi lehentasun izango lituzke: «elikagaien eta energiaren prezioak blokeatzea», eta Gazako eta Ukrainako gerrak kudeatzea, Bompardek azaldu duenez. Zehazki, besteak beste, oinarrizko produktuen —«elikagaiak, energia, erregaiak»— prezioak blokeatuko lituzkete, erretreten eta langabezia sariaren erreformak indargabetu —erretiro adina 60 urtera jaitsiko lukete— «hamabost egunean», soldatak inflazioaren arabera egokitu, eta SMIC lanbide arteko gutxieneko soldata 1.600 euro garbitan —2.000 euro gordinetan— finkatu.

Nazioarteko aferei dagokienez, ezkerreko alderdien artean barne gatazkak eragin dituzte Palestinako gatazkak eta Ukrainako gerrak. Behin horien inguruan eztabaidatuta, lehenari dagokionez, Gazan «berehala su etena» ezartzearen aldekoa da Fronte Popular Berria, baita Palestinako Estatua aitortzearen eta bahituak eta «preso politiko palestinarrak» askatzearen aldekoa ere; joan den urriaren 7an Hamasek egindako erasoa «terroristatzat» jotzen dute —LFIk ez du hala deskribatu hilabeteotan—. Ukrainari dagokionez, herrialde horren «subiranotasuna defendatu» beharra dagoela uste du Fronte Popular Berriak, eta hara armak bidaltzearen alde egingo du.

Ezkerreko alderdiek gobernu programa adostu dute, baina ez dute erabaki nor izango litzatekeen lehen ministroa. Hori hauteskundeen ondorenerako utzi dute, Fronte Popular Berria osatzen dutenek lortuko duten ordezkaritzen araberakoa izango baita. Hain justu, 577 hautesbarrutiei dagokienez, LFIren hautagaiak izango dira horietako 229tan —2022ko hauteskundeetan baino 97 gutxiagotan—, PSrenak 175etan (+105), EELVrenak 92tan (+15) eta PCFrenak 50etan (=); gainontzeko 31k «alderdi txikientzat» izango dira.

Eta Fronte Popular Berriak egin duen agerraldiaren aurretik, iragan igandeko Europako Parlamenturako bozetan PSren eta Plaza Publikoaren zerrendaburu izan zen Raphael Glucksmannek jakinarazi du berak ere bat egin duela ezkerreko koalizioarekin. «Emmanuel Macronek hiru edo lau aholkularirekin erabaki du [Asanblea] desegitea, eta Frantzia kaosean murgildu du. Boterearen bideak ireki dizkio eskuin muturrari. Ezkerraren batasuna gure erantzukizun historikoa da», adierazi du Glucksmannek France Inter irratian egin dioten elkarrizketan; hori bai, esan du ez duela nahi Melenchon lehen ministro izatea.

Babesei dagokienez, François Hollande Frantziako presidente ohia (2012-2017) ere agertu da aliantza horren alde, argudiatuta beharrezkoa zela hori eratzea, atzo gauean TF1 telebista katean azaldu zuenez: «Funtsezkoa da eskuin muturraren arriskuaren aurrean batasuna lortu izana. Frantzia gara; pentsaezina da imajinatzea eskuin muturrak gure herrialdea goberna dezakeela. Dena egin behar dugu boterera iritsi ez dadin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.