Fronte Popular Berriak irabazi ditu hauteskundeak, baina urruti da gehiengo osotik

Ezkerreko koalizioak 182 diputatu eskuratu ditu. RN alderdi ultraeskuindarrak, 143, bototan irabazi arren. Macronen inguruko Ensemblek 168 aulki lortu ditu.

Milaka lagun, atzo, Parisen, Frantziako Asanblearako hauteskundeetan NFP Fronte Popular Berriak garaipena lortu zuela ospatzen. YOAN VALAT / EFE
Milaka lagun, atzo, Parisen, Frantziako Asanblearako hauteskundeetan NFP Fronte Popular Berriak garaipena lortu zuela ospatzen. YOAN VALAT / EFE
enekoitz esnaola
2024ko uztailaren 8a
14:30
Entzun

RN Batasun Nazionalak lortu zituen atzo boto gehien Frantziako Asanblearako bigarren itzuliko hauteskundeetan, baina ez diputatu gehien, NFP Fronte Popular Berriak baizik, barrutikako hautaketa sistema dela eta. Hain zuzen, 182 aulki eskuratu ditu NFPk, eta RNk, 143. Bien tartean, Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidentearen inguruko koalizio Ensemble 168rekin gelditu da. LR izan da laugarren indarra, 45 aulki lortuta. Nahiz eta hauteskundeak irabazi, gehiengo osotik urruti geratu da NFP, 289 diputatu behar direlako horretarako —577 aulki daude parlamentuan—.

Marine Le Pen eta Jordan Bardellaren Batasun Nazionalak 8,7 milioi boto bildu zituen atzo, %32. NFPk zazpi milioi boto, %25,6. Ensemblek 6,3 milioi boto, %23,15. LRk 1,4 milioi boto, %5,41.

Ekainaren 30ean ere, lehen itzulian, RN izan zen irabazlea bototan, %33,1 lortuta. NFPk %28ko babesa jaso zuen, Ensemblek %20,4koa, LRk %10,2koa. Egindako estimazioen arabera, RN bigarren itzulian gehiengo osoa lortzeko aukerarekin zegoen, baina hori oztopatzeko, joan den astean indarrak batzen aritu ziren gainerako indar nagusiak, fronte errepublikanoa osatzeko asmoz. Hala, bigarren itzulian aurkezteko aukera zeukaten hamar hautagaitik zazpik erabaki zuten lehiatik erretiratzea; batez ere, NFPren aldeko edo Ensembleren aldeko botoa eskatu zuten. Funtzionatu du formulak.

Hala ere, berriz ere ikusi da RN alderdi ultraeskuindarrak gero eta babes handiagoa duela Frantziako Errepublikan. Asanblearako 2022ko bozetan, 89 aulki eskuratu zituen, eta orain haren presentzia %62 handiagoa da, 143 diputaturekin. Aldiz, Ensemblek nabarmen egin du behera: joan den legealdian 250 aulki izan ditu, eta oraingoan, 168n izango ditu. Ezkerreko indarren artean 131 aulki izan zituzten aurreko agintaldian, eta orain NFP osatu dutenek 51 gehiago izango dituzte. Frantzia Intsumisoak, PS alderdi sozialistak, EELV Europa Ekologia-Berdeek eta PCF komunistak osatu dute Fronte Popular Berria, eta barruti batzuetan beste talde batzuk ere egon dira; duela bi urteko bozetan, berriz, NUPES koalizioan eta beste indar batzuetan aurkeztu ziren.

Parte hartzea %66,6koa izan zen atzo. Ekainaren 30ean, %66,7koa. Bietan ere, duela bi urte baino hogei puntu inguru handiagoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.