Fronte Popular Berriak indar harremanean jarri du arreta Macroni presio egiteko

Ezkerreko aliantzako alderdiak ez dira joan Frantziako presidentearekin mintzatzera, eta haren kontrako kritikak ugaritu dituzte; LFIk manifestatzera deitu du, datorren irailaren 7rako. Estatuburua LR-rekin hitz egitekoa da bihar.

Lucie Castets Fronte Popular Berriaren lehen ministrogaia, joan den ostiralean, Eliseoan, ezkerreko aliantzako buruzagiak alboan dituela. TERESA SUAREZ / EFE
Lucie Castets Fronte Popular Berriaren lehen ministrogaia, joan den ostiralean, Eliseoan, ezkerreko aliantzako buruzagiak alboan dituela. TERESA SUAREZ / EFE
ander perez zala
2024ko abuztuaren 27a
16:30
Entzun

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak uko egin dio NFP Fronte Popular Berriaren gobernuari, eta horrek berehala erreakzionatzera behartu du ezkerreko aliantza. Presio egiteko garaia da NFPrentzat, bai erakundeetatik, baita kaletik ere, hori osatzen duten alderdietako buruzagiek atzo eta gaur Frantziako hedabideetan egindako adierazpenek eta sare sozialetan idatzitakoek agerian utzi dutenez. Kohabitazioaz ez bada ez baitago Macronekin hitz egiteko tarterik; hori da ezkerreko aliantzak ahoan bilorik gabe bidali duen mezua. Hortaz, Frantziako presidenteak gaur berriz abiatu duen elkarrizketa sortaren ondorioen zain, NFPko alderdiek indar harremanaren aldeko apustua egin dute hari presio egiteko.

Gobernabideaz aritzeko negoziazio horiek aurrekoak baino azkarragoak izango dira, kontsulten zerrenda askoz ere laburragoa baita: oraingoan, Macronek ez ditu gonbidatu ez LFI Frantzia Intsumisoa, ez RN Batasun Nazionala, ezta Eric Ciotti eta harekin batera bozetan hautatu zuten diputatu taldea ere. Aldiz, Frantziako presidenteak eskua luzatu die gainontzeko alderdiei; besteak beste, NFPren parte diren taldeei: PS Alderdi Sozialistari, EELV Europa Ekologia-Berdeei eta PCF Frantziako Alderdi Komunistari. Hiru horiek, ordea, ez dira Eliseora joan gaur, estatuburuari «demokrazia ukatzea» leporatu baitiote.

NFPk lortu zuen ordezkaritzarik handiena iragan uztaileko Frantziako Asanblearako hauteskundeetan, baina ez du aulkien gehiengo osorik, eta, beraz, errealitate hori argudiatu zuen Macronek atzo Lucie Castets buru lukeen gobernuari ezezkoa emateko, nahiz eta Frantziako politikan ohikoa den ordezkaritzarik handiena duen alderdiari edo blokeari ematea lehen ministro kargua. Horregatik, Castets «haserre» agertu da gaur goizean, France Inter irratian egin dioten elkarrizketan, eta esan du Frantziako presidentearentzat «demokraziak» ez duela «ezer esan nahi». «Aldi berean presidente, lehen ministro eta alderdiaren buruzagi izan nahi duen errepublikako presidente bat da hau. Erakundeek ezin dute horrela funtzionatu», adierazi du ezkerreko aliantzaren lehen ministrogaiak.

«Aldi berean presidente, lehen ministro eta alderdiaren buruzagi izan nahi duen errepublikako presidente bat da hau»

LUCIE CASTETSFronte Popular Berriaren lehen ministrogaia

Castetsen adierazpen horiek gerora etorri diren erreakzioen abiapuntua izan dira. Hortik gutxira, Olivier Faure PSren lehen idazkaria elkarrizketatu dute France 2 telebista katean, eta orduan azaldu du ez zela Eliseora joatekoa, ez duelako izan nahi «demokraziaren parodia baten konplize». Bien bitartean, France Info irratian, Marine Tondelier EELVren idazkari nazionalak ere kritikatu du Macronen jarrera, argudiatuta «desbideratze iliberal batean igerian» ari direla, eta hark ere jakinarazi du ez zirela Frantziako presidentearekin bilduko —gauza bera esan du PCFko idazkari nazional Fabien Rousselek—.

Boikot sorta horretaz harago, LFI kalera begira jarri da, eta «mobilizazio handi batera» deitu du, irailaren 7rako. Ikasleen sindikatuekin batera gaur kaleraturiko komunikatuan, NFPren parte den alderdi horrek argudiatu du Macron «arrisku larrian jartzen ari» dela «demokrazia», «hautetsontzien emaitzei uko egiteagatik»; hortaz, ezinbestekoa da, indar politiko horren arabera, gizarteak erantzun argi bat ematea. Hori bai, LFIren manifestaziorako deia ez da ezkerreko aliantzaren erabaki bat izan bloke gisara, eta PSk, EELVk eta PCFk ez dute erabat argitu horretan parte hartuko duten. Edonola ere, baliteke horretaz mintzatzea lau alderdiak, gaur arratsaldean bilkura bat egitekoak baitira hurrengo pausoak eta estrategia erabakitzeko.

PSren barne eztabaida

PS barnean izan dira NFPren formularen kontrako ahotsak, eta egunotan ugaritu egin dira, aintzat harturik Macronek ezkerreko aliantzaren inguruan egindako adierazpenak, eta atzo harturiko erabakia. Horren erakusle da, adibidez, Pierre Jouvet alderdiaren idazkari nagusiak jada esan duela ez duela parte hartuko datorren irailaren 7ko manifestazioan; Faurek, berriz, azaldu du mobilizaziora joatekoa dela, betiere «karriketan kaosa sustatu gabe».

Hori aski ez, eta NFPren kontrako alderdikide batzuek presio egiteko baliatu dute Frantziako presidenteak atzo jakinarazitakoa. Herrialde horretako hedabideen arabera, PSko lehen idazkariari eskatu diote Macronekin hitz egiteko, eta LFIk gaina ez hartzeko NFP barneko indar orekan.

Eta gobernabideari buruzko elkarrizketei dagokienez, Frantziako presidentea LIOT Askatasunak, Independenteak, Itsasoz Haraindikoak eta Lurraldeak talde parlamentarioko buruzagiekin bildu da gaur, eta LR Errepublikanoak alderdiarekin mintzatzekoa da bihar. Gainera, Le Monde egunkariaren arabera, Nicolas Sarkozy (2007-2012) eta François Hollande (2012-2017) estatuburu ohiak ere gonbidatu ditu kontsulta sortara.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.