Fronte Polisarioak jakinarazi du Marokoren zazpi baseri eraso diela

Mendebaldeko Sahara askatzeko erakundeak adierazi du hainbat lagun hil dituela

Fronte Polisarioko soldaduak, desfile militar batean, askatutako Mendebaldeko Saharako Tifariti herrian. MOHAMED MESSARA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Fronte Polisarioak gerra egoera ezarri zuen larunbatean Mendebaldeko Saharan, eta atzo hirugarren gerra oharra atera zuen argitara. Ohar horretan adierazi zuten Marokoko armadaren zazpi base militarri egin dietela eraso misilez eta tiroz; gainera, aurreko oharrean jakinarazi zuten moduan, «hainbat militar» marokoar hil dituela berretsi dute. Marokok, berriz, gezurtatu egin zuen inor hil dutenik, Efe berri agentziaren arabera.

Marokoko iturri horien esanetan, Fronte Polisarioaren indar armatuek ez diete eraso egin harresian, eta gaineratu dute soilik «istiluren bat» izan dela. Ofizialki, Marokok ez du gerra oharrik argitaratu, eta armadak ez du adierazpenik egin ostiraletik. Fronte Polisarioak, berriz, bonbardaketen berri eman du. Haien arabera, hiru egunetan egindako hirugarren erasoaldia da.

Ibrahim Ghali Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentearen erabakiz, Fronte Polisarioak hautsitzat jo zuen Marokorekin 1991n sinatu zuten su-etena, eta, hortaz, larunbatean gerra egoera ezarri zuen.

Gerraren erantzukizuna Marokori egotzi zion atzo Mohamed Salem Uld Salek Mendebaldeko Saharako Atzerri ministroak ere. «Marokoren erasoarengatik hasi da gerra, Guerguerat konfiskatu duelako eta uko egin diolako NBEren nahiz Afrikako Batasunaren babesarekin sinatu genuen akordioa betetzeari».

Jatrih Abduh Polisarioaren negoziazio taldeko buruak ohartarazi zuenez, berriz, gerra ez da amaituko NBE Nazio Batuen Erakundeak«iraganeko akatsak» zuzentzen ez dituen eta Marokori «nahi duena egiten» uzten dion artean. Abduhek ohartarazi du gatazka Marokoren hesiaren beste puntu batzuetara hedatuko dela, eta balitekeela Mendebaldeko Sahara osoan zabaltzea.

Tentsio militarrak gora egin zuen ostiralean, Maroko herrialde okupatuaren eta Mauritaniaren arteko mugan dagoen Guergueraten sartu zenean. Eskualdea desmilitarizatua da, baina Marokok armada hara bidaltzea erabaki zuen sahararren protesta bat desegiteko.

Dozenaka manifestari urriaren 21etik ari ziren protestan, inguruko errepide bakarra trabatzen. Salatu dute Marokoren kontrolpeko igarobide hori nazioarteko legediaren kontrakoa dela, eta Mendebaldeko Sahararako autodeterminazio erreferendum bat exijitu dute.

Ikusita tentsioak gora egin duela, Fronte Polisarioak etxeratze agindua dekretatu du Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan (Aljeria).

Autodeterminazioa

Fronte Polisarioak eta manifestari sahararrek Minurso NBE Nazio Batuen Erakundearen misioari exijitzen diote bete dezala autodeterminazio erreferendum bat antolatzeko egindako promesa. Minurso 1991n eratu zuten horretarako, bai eta su-etena zaintzeko ere; halere, Marokok eta Mendebaldeko Saharak elkarri egotzi diote itun hori hainbatetan urratzea eta Guerguerateko eremu desmilitarizatuan indararmatuak sartzea.

NBEk ostiralean adierazi zuen azken egunetan su-etena ez amaitzeko ahaleginak egin dituela. Hura berreskuratzen saiatuko dela agindu zuen.

EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek, berriz, NBEk gidatutako negoziazioak «azkar» berreskuratzera deitu zuen atzo, eta, horretarako, Mendebaldeko Sahararako NBEren ordezkari bat ahalik eta lasterren izendatzea eskatu zuen. «Irtenbide politiko» baten alde mintzatu zen.

Pablo Iglesias Espainiako presidenteordeak Madrilen isiltasuna eten eta Espainiaren kolonia izandako lurraldearen autodeterminazio eskubidea babestu zuen, igandean, Twitterren zabaldu zuen mezu baten bidez. NBEren Segurtasun Kontseiluak 1995ean onartu zuen ebazpen baten aipua egin zuen. «Atzerapenik gabe, Mendebaldeko Sahararen determinazio askerako erreferendum aske, garbi eta inpartziala antolatzeko irrika berresten du...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.