Fronte Polisarioak badauka «arma, gizon eta borondate aski» gerrarako

Fronte Polisarioaren Espainiako ordezkariak ohartarazi du sahararren artean gero eta zabalduago dagoela gerrara joateko aldarria

Kristina Berasain Tristan.
2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
«Gatazka honentzako irtenbide baketsurik ez dagoen bitartean lurraldean bakerik egon ez dadin aski arma, gizon eta borondate ditugu». Butxaraia Beiun Fronte Polisarioak Espainian duen ordezkariak hitzetan jarri du sahararren artean azken egunotan sendotu egin den aldarria. Gerrara joateko herriaren aldarrikapena «masiboa» dela adierazi du, batez ere, nazioarteko komunitatearen «isiltasunagatik, konplizitateagatik eta axolagabekeriagatik». Polisarioa «gerrarako danbor hotsak» zabaldu ez, bide baketsuei eusteko ahalegina egiten ari da, haren ustez; bide horretan, autodeterminazio eskubidea da irtenbide bakarra, haren hitzetan, baina bide hori urratzen bada armen bideari ekiteko beste alternatibarik ez du izango Polisarioak. Sahararrek armak izango ez balituzte, Marokok dagoenekoherria «garbitua» izango lukeela uste du.

Beiunen arabera, «okupazioak» sustatu du gerrarako desira, baina baita nazioartearen jarrerak ere, «ez baitu ezer egin zuzenbidea errespeta dadin». Bide horiek jada amaituta daudela adierazi du, eta horrenbestez balizko gerra baten erantzukizuna bere gain hartu beharko dutela «isiltasuna eta axolagabekeria» babestu duten horiek; «Mohamed VI.aren gobernuari adorea eman diotelako nazioarteko zuzenbidea urratzen jarrai dezan».

Lekukorik gabe

Aaiun hiriburutik bezperan ailegatutako giza eskubideen bi ekintzaileak alboan zituela mintzatu zen Beiun. Egunotan zenbat saharar hil eta zauritu diren, eta atxilotutako lagunak ere zenbat diren ez dakitela jakinarazi du: «Aaiun itxita dago». Garbiketa etnikoa gertatzen ari dela ezin da ukatu, haren ustez, eta salaketa egin ez dutenekin jada eszeptikoa dela dio. Fronte Polisarioak Espainian duen ordezkariak gobernuak auzian izan duen jarrerari egin dio erreferentzia hitz horien bidez, eta orain artean ez dutela harekin elkarrizketarik egin jakinarazi du harremanak zertan diren irudikatzeko.

Trinidad Jimenez Espainiako Atzerri ministroak berretsi du ikerketa «eraginkor, garden eta egiazko bat» egin artean ezin dela gertatutakoa salatu. HRW Human Rights Watchek eta NBE Nazio Batuen Erakundeak ikerketak egitea espero duela adierazi du behin txostenak esku artean edukita balorazioak egiteko. Fronte Polisarioko ordezkariak, baina, gogorarazi du oraintxe nazioarteko begirale eta kazetariek debekatuta dutela sarrera Mendebaldeko Saharan. El Pais eta El Mundo egunkarietako kazetari eta argazkilari bana saiatu ziren atzo herrialdean sartzen, baina «bat ez etortze administratiboak» tarteko ezin izan zuten sartu.

Amnesty Internationalek jada 66.600 sinadura jaso ditu dagoeneko jazarpenaren inguruko ikerketa egin dadin eskatzeko. Europako Parlamentuak, berriz, heldu den abenduaren 1ean deituko ditu alde bateko eta besteko ordezkariak gertatutakoaren inguruko azalpenak eman ditzaten.



Bilbon gaur egingo den manifestazioarekinbat egin dute eragileek

Marokok sahararren kontra darabilen politika salatzeko, manifestazio bat egingo dute gaur Bilbon; Moyua plazatik abiatuko da protesta, 12:30ean. Manifestazioradeitu dute Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoarekiko Elkartasunaren Euskal Koordinadorak, Disabik (Saharako Diaspora Bizkaian) eta Yal-lah Gazte Ekimenak, eta hainbat eragilek egin dute bat deialdiarekin; tartean, ELA, LAB, UGT, CCOO, ESK, ETEE-EILAS, EHNE, CGY, Ezker Batua, Aralar, Alternatiba, ezker abertzaleak.

Fatma Mohamed Salem Fronte Polisarioak salatu egin du Euskal Herrian duen ordezkariak agintarien jarrera epela, eta erantzukizunari aurre egiteko eskatu dio Espainiari.





Errefuxiatu guneetan bizi diren sahararrek egunak daramatzate hesiaren beste aldean bizi diren senideen berri izan gabe; muturrera iritsi direla jakinarazi dute.

Tindufeko sahararren oihua
K. B.

Mundu zabalera albisteak tantaka iristen badira, basamortu idorrera are tantakago ailegatzen dira berriak; apenas bakar bat ere azken egunotan, eta denak kezkatzeko modukoak. Jaioterrian bizi diren senide eta lagunen berririk gabe behar baino egun gehiago daramatzate errefuxiatu gunetan bizi diren sahararrek. Badakite Marokok beren herriaren kontra aspaldian darabilen jazarpena inoiz baino bortitzagoa dela, sahararrak atxilotzen eta torturatzen ari direla, asko desagertuta daudela, batzuk kartzelan eta beste batzuk akaso hobi komunetan. Tindufeko (Aljeria) basamortu idorreko ohiko desosegu eta ezintasuna muturrera iritsi dira; batez ere, gazteen artean.

Lutxaa Salek 24 urte ditu, eta duen amorruarekin zer egin ez dakiela dio. «Eramanezina eta jasanezina da hau; gure herria torturatzen ari dira, eta ezin dugu ezer egin; herri baketsua gara, baina holakoetan oldarkor jartzen naiz». Jaioterria ezagutzen ez duen saharar ugarietako bat da gaztea, eta borroka armatuari ekiteko unea iritsi dela uste du: «Bizi ezin izan naizen lurraldea berreskuratzeko, armak hartzeko prest nago». Otsailaren 27an ezarri zen haren familia, bonbardaketetatik ihesi errefuxiatu guneetara iritsi zenean. Jada 35 urte dira basamortuan ezer egin gabe.

Egunotan, baina, agenda bete-beteta dute. Marokok Agdaim Izik kanpalekua indarrez desegin zuenetik egunero atera dira dairetan protesta egitera. Ehunka gazte ari dira elkarretaratzeetan partehartzen, eta bada hesira gerturatzeko saioa egin duenik ere, alde bietan dauden milioi bat minetan pentsatu gabe. Sale da lotsaizunaren harresira gerturatu den gazteetako bat. «Badakit geure burua arriskuan jartzen ari garela, hankarik gabe gelditzen ahal naizela edo hil naitekeela, baina, besoak gurutzatuta ere, ezin esan bizirik nagoela».

Polisarioaren zain

Horixe da arazoa; gazteek zer egin ez dutela bizi direla, eta horrek apatiara, atzerrira alde egitera edo gerraren bidea aukeratzera bultzatzen dituela. Polisarioa diplomaziari eusteko egiten ari den ahaleginarekin kritiko dira horiek, eta behingoz armak hartzeko eskatzen diote. Salek horixe bera babesten du, gerra zaila dela eta ondorioak larriak izan daitezkeela jakin arren. «Lehen ministroak lasaitasunerako deia egin digu, baina guk ezin dugu gehiago, auzi hau ere gatazka beroa izan dadin da gure irtenbide bakarra; horrela bederen arreta jarriko dute guregan, eta akaso benetan negozia dezaten presioa ere egingo dugu».

Fronte Polisarioak erantzun bat emateko konpromisoa hartu duela adierazi du gazteak, eta horren zain daudela, bestela armak hartu eta elkarrekin abiatuko direla gazteak hesira. Aaiun, Auserd, Dakhla eta Smara uilajetako dairetan bizi diren gazte askoren iritzia ordezkatzen du Salek. «Tindufeko kanpalekuetan aspaldian ez zegoen horrelako girorik; muturrera iritsi gara, eta irrikan gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.