Froga berriak gorabehera, lehengo bertsioa

Grande-Marlaskak berriz esan du Espainian ez zela inor hil Melillako hesia igarotzeko ahaleginean. Ikerketen arabera, lagun batek bizia galdu zuen herrialde horretan sartzean

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa, atzo, Diputatuen Kongresuan. J. C. HIDALGO / EFE.
ander perez zala
2022ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Hilabeteotan hainbat frogak Espainiako Gobernuaren bertsioa ezeztatu duten arren, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak errepikatu egin du orain arteko bertsioa, eta berriz esan du ez zela migratzailerik hil Espainiaren kontrolpeko lurraldean ekainaren 24an, milaka lagun Melillako hesia (Espainia) igarotzen saiatu zirenean, Nadorretik (Maroko). Are, Grande-Marlaskaren arabera, gertakari horren inguruan Espainiako segurtasun indarrek emandako erantzuna «zorrotza, egokia, profesionala eta proportzionala» izan zen: «Legeria bete zen. Esan nuen [iraileko azalpenetan], eta berriz esango dut: gure herrialdetik kanpoko gertakari tragiko batzuez ari gara».

Grande-Marlaskak garai kritikoan egin zuen agerraldia, atzo, Espainiako Diputatuen Kongresuan. Behe ganberako aliatuak kontra ditu Melillan gertaturikoagatik eta horren inguruko kudeaketarengatik, eta oposizioko lehen indarra, PP Alderdi Popularra, haren dimisioa eskatzen ari da afera horrengatik. Gainera, asteotan zenbait hedabidek argitara ateratako informazioak kolokan jarri du orain arteko bertsioa, baina, halere, Espainiako Barne ministroak irailean emandako azalpenei eutsi zien atzo ere.

«Gertakariak nire aurreko agerraldian azalduriko berberak dira; sinpleki, ez dagoelako beste gertakaririk», argudiatu zuen Grande-Marlaskak diputatuen aurrean. Eta, Guardia Zibilaren erantzuna justifikatzeko, Espainiako Barne ministroak esan zuen Melillako hesia igarotzen saiatu ziren migratzaileak modu «antolatuan eta biolentoan» aritu zirela.

Ekainean, Afrikako 2.000 lagun inguru Marokoren eta Espainiaren arteko muga zeharkatzen saiatu ziren, eta, Rabaten arabera, horietako 23 hil ziren. Alabaina, giza eskubideen alde diharduten GKE gobernuz kanpoko erakunde zenbaitek salatu zuten tragedia are latzagoa izan zela: 37 migratzaile hil zirela, baita 70 lagun desagertu zirela ere hesia igarotzeko ahaleginean.

BBC telebista katearen ikerketaren arabera, Marokoko Gobernuak ez ezik, Espainiakoak ere erantzukizuna izan zuen gertakari hartan, eta, El País egunkariak egindako beste ikerketa baten arabera, jende oldeak azpian harrapatutako migratzaileak Espainiako lurraldera ere jausi ziren; gutxienez horietako bat hil zen Espainiaren kontrolpeko eremuan, Lighthouse ReportsGKEak atzo argitaratutako beste ikerketa batek dioenez, lekuko batek eta Marokoko agenteek esandakoak oinarritzat hartuta.

Informazio horiez gain, duela bi aste, Espainiako koalizio gobernuaren parte den Podemoseko eta oposizioko zenbait alderditako diputatuak —tartean EAJko Mikel Legarda eta EH Bilduko Jon Iñarritu— Nador eta Melillaren arteko mugan izan ziren, eta egiaztatu zuten «sarraskiaren parte bat» Espainiaren kontrolpean dagoen eremuan ere gertatu zela.

Eztabaida, baina, ez da horretara mugatu, ikerketek baitiote Espainiako mugaren aldera erori ziren migratzaileei ez zitzaiela osasun artarik eman «unerik kritikoenean». Hori ikusita, Grande-Marlaskak atzo esan zuen «arduragabekeria hutsa» dela hori esatea, 11 migratzaile artatu zituztelakoan: «Osasun arretarako taldeak zeuden, babestuta, noski, oldarraldi biolento bat zegoelako, eta ezin zelako iritsi [talde horietako] kideak arriskuan jarri gabe. Datuak dira horren froga; ez nireak, osasun zerbitzuenak baizik».

Hori bai, Espainiako Barne ministroak ez zuen azaldu han zegoen anbulantzia zegatik egon zen geldi mugatik ehun metrora, eta agenteek zergatik ez zituzten lagundu jende oldearen biktimak.

Dimisio eskariak

Oposizioko alderdiak oso kritiko agertu ziren Grande-Marlaskak esandakoarekin, eta, batez ere, hilabeteotan defendatzen ari den jarrerarekin. Horregatik, denak bat datoz: uste dute Espainiako Barne ministroak dimisioa eman behar duela, eta hala adierazi zuten atzoko saioan ere. Anabel Vazquez PPko diputatuak, kasurako, hainbatetan leporatu zion hau Grande-Marlaskari: «Badaki espainiarrei gezurra esan diela. Espainiako mugan izandako gertakaririk okerrena ezkutatu digute».

ERC Esquerra Republicanako Maria Carvalhok, berriz, Guardia Zibilaren erantzunean jarri zuen arreta, «progresista» izan ez zelakoan. JxC Junts Per Catalunyako Marionna Illamola Dausak, berriz, adierazi zuen Espainia ez dela estatu «demokratiko baten gisara» aritzen: «Espainia eta Maroko koordinatzen al dira nazioarteko zuzenbidea urratzeko? Eta giza eskubideak defendatzeko? Adingaberik ba al zegoen? Nola dakite hori?».

Hildakoen eta zaurituen aferaz, zera adierazi zuen Enrique Santiagok Unidas Podemoseko kide da, hots, koalizio gobernuaren parte diren alderdietako batekoa—: «Jende olde bat izan zen Espainiako lurraldean, eta pertsona horiek ezin izan zuten atzera egin. Olde horretan, gutxienez zauritu zenbait izan ziren, eta gutxienez bat hilik, El País egunkariak emandako informazioaren arabera».

Horrekin batera, Santiagok proposatu zuen «inork hesi baten alde batetik bestera salto egin behar ez izateko erreformak» egitea, eskatzaileak Espainian sartu aurretik tramita daitezen asilo eskariak. Hain justu, herenegun, Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisario Dunja Mijatovic kritiko agertu zen Espainiarekin: «Praktikan, badirudi ez dagoela Melillan sartu eta babesa eskatzeko beste modurik igeri egitea edo hesia pasatzea baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.