Eliza Katolikoko buruak, Frantzisko I.a aita santuak, Peruko Sodalitium Christianae Vitae (SCV) komunitatea desegin du, abusuak egotzita. Vatikanoak ez du adierazpen ofizialik egin, baina duela egun batzuk Elizako gaietan espezializatutako Infovaticana hedabideak argitaratutako informazioa egiazkoa dela aitortu du SCVk gutun baten bidez.
Komunitateari behin baino gehiagotan egotzi dizkiote sexu abusuak eta gehiegikeriak. SCVk 67 biktima daudela aitortu du, baina 67k baino gehiagok salatu dituzte abusuak.
Komunitateak urteak daramatza ikerketapean. 2018an Frantzisko aita santuak SCV ikuskatzeko agindu zuen, erakundeko liderrek ia hiru hamarkadatan egindako sexu abusuen inguruko salaketak ugaritu zirenean.
Duela 25 urte egin ziren lehen salaketak, eta hamar urte beteko dira aurten Paola Ugaz eta Pedro Salinas kazetariek Mitad monjes, mitad soldados liburua argitaratu zutenetik. Liburu horretan, hainbat biktimen bizipenak jaso zituzten.
Horiek esandakoaren arabera, Fernando Figarik eta SCVko beste arduradun batzuek fideltasun sistema bat ezarri zuten, indarkerian, erasoetan, gutxiespenetan eta sexu abusuetan oinarrituta.
Abuztuan egotzi zuten erakundetik Figari, aita santuak hala aginduta. Figarik eratu zuen komunitatea 1971. urtean, eta hura izan da liderra orduz geroztik. Ukatu egin ditu leporatutakoak. Erroman bizi da, eta debekatuta dauka Perura itzultzea.
Irailean Jaime Baertl apaiza egotzi zuten. Elkarteko beste arduradunetako bat zen, eta adingabeen aurkako erasoak egitea eta finantzaketa sare ilun baten kudeatzaile izatea leporatu diote. Harekin batera beste hamaika kide bota zituen Vatikanoak.
Orain beste bi kide ere kanporatu dituzte, baina oraingoan SCVk berak. Desegitearen inguruko informazioa baimenik gabe zabaltzeagatik hartu dute erabakia.
Komunitatea
SCV 1971. urtean eratu zuten, Perun. Halere, zabalduz joan da, eta gaur egun 25 herrialdetan dauka ordezkaritzaren bat, bereziki, Hego Amerikan eta Ameriketako Estatu Batuetan. 1997an Juan Pablo II.ak Eliza katolikoko erakunde gisa aitortu zuen, eta 20.000 kide inguru izatera heldu zen SCV.
Ideologia oso kontserbadorea bultzatzea eta eskuin katolikoko taldeekin loturak izatea egotzi izan zaio erakundeari.