Frantzisko aita santua gaur goizean hil da, Vatikano Hiriko Santa Marta etxean, 07:35ean, Kevin Joseph Farrell Vatikanoko kamarlengo eta apezpikuak jakinarazi duenez. 88 urte zituen. Farrelek «min handiz» eman du aita santuaren heriotzaren berri: «Erromako apezpikua aitaren etxera itzuli da; Jaungoikoaren eta Elizaren zerbitzuan eman du bizitza guztia». Azken boladan osasun arazoak izan zituen Frantziskok: hilabete pasatxo igaro zuen ospitalean pneumoniagatik, martxoaren 23ra arte. Atzo, Pazko igandean, jendaurreko agerraldia egin zuen Vatikanoko Done Petri plazan, urbi et orbi bedeinkazioa emateko.
2013an aita santu hautatu zuten Jorge Mario Bergoglio argentinarra, eta ustekabekoa izan zen. Inork ez zuen haren alde apustu egina, nahiz eta Ratzingerren aurkako frontearen buru gisa agertua zen 2005eko konklabean; izan ere, horren ondotik Argentinara itzuli zen, anbizio orori uko eginda. Baina, bat-batean, Benedikto XVI.ak karguari uko egin zion, anitzen harrigarri, eta, hala, Bergoglio bilakatu zen haren ondorengo: Frantzisko aita santua.
Zenbait beharri erantzuteko izendatu zuten Bergoglio, Elizaren barrenean krisi larria izana baitzen Juan Pablo II.a aita santu poloniarraren aitasantutzan eta, batez ere, Benedikto XVI.a alemaniarraren garaian. Erromako gotzain berriak Frantzisko izena hautatu zuen, eta, kargua harturik, Europatik kanpo jaiotako lehenbiziko aita santua bilakatu zen. Izan ere, Buenos Airesen sortu zen, 1936an, baina gurasoak migratzaileak zituen, Piemontekoak, eta, beraz, Bergoglio izendatuta, aita santutza Italiaren esku gelditu zen berriz ere, partez bederen. Aldi berean, Bergoglio hautatuz aitortza egin zioten katolizismoaren gotorlekuetako bati, hau da, Latinoamerikari, jakinda, gainera, fede katolikoa gero eta estuago zegoela han, sekta ebanjelikoen hedapena zela medio.
Frantziskoren alde egin zuten gai zelako Eliza fededunengana hurbiltzeko, hala hizkera arrunta erabiltzeagatik nola hizpide hartzen zituen gaiengatik. Funtsean, erronka zera zen, Benedikto XVI.aren aitasantutza zorrotzean konpondu gabe utzitakoei heltzea: hots, bokazio krisiaren eraginez apaiz kopurua izugarri urritu izana, apaizek adingabeei egindako gero eta abusu gehiago azaleratzea, eta fededunen desilusioa, zeinak elizak hustea baitzekarren, batez ere Mendebaldean.
Nahiz eta «aita santu emeritua» ere tartean egon, Bergoglio berehala agertu zen iraultzaile bere jardunean. Irmo salatu zuen migratzaileen egoera zaila, eta «gotorleku» itxurako Europa horren kontra egin. Are, gogora ekarri zuen kontinentearen sustraiek lotura dutela kristautasunarekin, ez ikuspegi identitariorik, baizik eta elkartasunaren eta humanismoaren aldetik. Aitasantutza hasi eta berehala, argi adierazi zuen bere jarrera, Lampedusako hondartzak bisitatu baitzituen, eta, hiru urte geroago, baita Lesboskoak ere, zeinak errefuxiatuen hilobi bilakatuak baitziren mugak hesteko politiken eraginez.
Bertzalde, garrantzizkotzat jo zuen ingurumena babestea, eta entziklika bat ere idatzi zuen auzi horri buruz 2015ean, Laudato si. Hartan, lotura estua ezarri zuen ekologiaren eta justizia sozialaren artean. Gainera, kapitalismo globalaren gehiegikerien kontra mintzatu zen behin baino gehiagotan.

Horrez gain, behin eta berriz gaitzetsi zuen gerraz baliatzea, eta txartzat jo zuen «bidezko gerrarik» izan daitekeelako uste oro. Horren harira, ohartarazi zuen potentzia handiak elkarren artean «hirugarren mundu gerra» abiatua zutela «puskaka»; bertzalde, NATOk Errusia probokatzea kritikatu zuen, eta palestinar herria esplizituki defendatu.
Hizkera modernizatu eta sekularizatu zuen, eta bazterrean utzi zituen kutsu monarkikoko zenbait gauza, haren aitzinekoak oraindik baliatzen zituenak. Adibidez, uko egin zion aita santuarentzako luxuzko apartamentuetan bizitzeari, eta, horren ordez, egoitza xumeago bat aukeratu zuen: Santa Marta etxea. Bat baino gehiago harritu zen ikusita agurtuz hasten zituela homiliak, norbaitekin harremanetan jarri nahi izanez gero zuzenean deitzen zuela eta elkarrizketak eman zituela telebista saio ezagunetan.
Bere jarreragatik eta egiteko moduengatik, azken hamarkadetako aita santurik maitatuena izan da Bergoglio, eta erreferentziazkoa ere bai mundu zabaleko sektore progresistentzat. Halaber, politikako eta Elizako sektore erreakzionarioek gogor kritikatu dute, bereziki AEB Ameriketako Estatu Batuetan: «heretikoa» izatea leporatu diote inoiz, baita «antikristoa» izatea ere.

Bergogliok defendatu du beharrezkoa dela Eliza «bekatari salbatuen» komunitate bat izatea, ez «kide perfektuz» osatutako komunitate bat, eta, aita santu izan den aldian, nagusiki ekintza pastoralean aritu da, nekaezin aritu ere, misiolari ikuspegia izanik Mendebaldean ere, alde batera utzita bere aitzinekoen ikuspegi teologiko eta dogmatikoa. Halarik ere, Eliza kudeatzeko orduan, anitzetan bizkarra eman die hasierako asmo zinez erreformistei; hori ez da kleroko ildo progresisten gustukoa izan, eta agerian utzi du historiako lehenbiziko aita santu jesuitaren kutsu kontserbadorea.
Nahiz eta hasieran dibortziatuei modua eman zien zenbait sakramentu hartzeko, Bergogliok arrunt baztertu zuen apezei ezkontzeko eskubidea ematea. Vatikanoko arlo burokratikoan emakume zenbait izendatzea bultzatu du, nahiz eta prozesua mantsoa izan, baina emakumeak apez izatearen kontra agertu zen. Frantzisko misogino samar ere aritu da zenbaitetan, hala nola mojen «hitzontzikeria» kritikatu zuelarik. Homosexualitateari dagokionez, aita santu batek aitzinetik egundaino erran gabekoak erran zituen 2013an: «Norbait gaya baldin bada eta jainkoarengana jotzen badu, nolatan epaituko dut nik?». Geroago, nahiz eta gaitzetsi egin zuen zenbait gobernu homosexualei jazartzea, oroitarazi zuen homosexualitatea bekatua dela oraindik, eta, gainera, abortuaren eta eutanasiaren kontra solastatu zen.
Egiturari eutsiz
Beraz, azaleko moldaketa batzuk goiti-beheiti, Bergogliok bere hartan eutsi dio Elizaren egitura instituzionalari. Edozein modutan, aitzinekoekin konparatuz egin dituen berrikuntzengatik hain ezagun bihurtu da, non haren mezu iraultzaileengatik oroituko baitu jendeak, eta auzi anitzetan izandako jarrera konformista eta kontserbadorea ahantzi.
Hagitz agudo ahantzi da askapenaren teologia gaitzetsi zuela, eta berdin gertatu zen akusazio jakin batekin ere: zenbaitek leporatzen zioten Jorge Videlak Argentinan ezarritako eskuin muturreko erregimenarekin kolaboratu izana. Hirugarren munduaren eta pobreen aldeko mezuak zabaldu zituenez gero, «aita santu progresista» bilakatu zen, definizioz.