«Parisko Notre Dame sugarrek hartuta. Nazio oso bat hunkituta. Katoliko eta frantses guztiak gogoan. Gure aberkide guztiak bezala, arrats honetan triste nago, gure izatearen zati bat erretzen ikusita». 20:00ak pasatxo zirela idatzi zuen testu hori Twitterren Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Ez zen hori iragarria zuen agerraldia. Ordu horretan telebistan agertzekoa zen, azaltzeko zer neurri proposatuko zituen Jaka Horien krisia konpontzeko antolatu zuen Eztabaida Nazionalaren ondoren, baina ezusteko tragediaren ondorioz bertan behera utzi zuen agerraldia. Notre Dameko katedralak su hartu zuen atzo. Balio historiko kalkulaezina duen eraikina, Eiffel dorrearekin batera Parisko eta Frantziako sinbolo nagusi dena, Europan bisita gehien dituen eraikinen zerrendan lehenbiziko postuetan dagoena, larriki kaltetuta gelditu da.
Agintariek jakinarazitakoaren arabera, 18:50ean piztu zen sutea. Parisen bisitari gehien hartzen duten lekuetako bat izaki, hiriaren erdigunean kokatua, minutu gutxira hedatu ziren irudiak sare sozialetan eta komunikabideetan. Gertakariak berehala sortu zituen erreakzioa eta asaldura. Parisko Udalak premiazko erantzuna koordinatzeko postu bat sortu zuen, eta ehunka suhiltzaile mobilizatu zituzten. «Tokian bertan mobilizatuta gaude Parisko elizbarrutiarekin batera», jakinarazi zuen Anne Hidalgo Parisko alkateak.
Berehala sumatu zen, ordea, ezbeharraren eraginak udalerriaren mugak gainditzen zituela. Macron presidentea, Edouard Philippe lehen ministroa, Richard Ferrand Asanblea Nazionaleko presidentea eta Laurent Nuñez Estatu idazkaria Notre Damera joan ziren, suhiltzaileen lana bertatik bertara jarraitzera. Edizio hau ixtean, suhiltzaileek ez zuten kontrolpean sutea, eta agintariek baieztatu zuten kalteak hagitz larriak zirela. Bi nabarmendu zituzten: erdiko geziaren eta sabaiaren suntsipena.
«Dena dago sutan», adierazi zien hedabideei Andre Finot Notre Dame katedralaren bozeramaileak. «Gangak katedrala babesten du, eta ikusi beharko da kalterik jasanen ote duen». Finotek adierazi zuen lehen sugarren berri izan orduko hustu zutela eraikina —turistentzat itxita zegoen ordurako—, eta Nuñez Estatu idazkariak jakinarazi zuen ez zela inor zauritu. Parisko prokuradoreak ikerketa bat ireki du sutea nola piztu zen jakiteko. Lehen datuen arabera, sabaian piztu zen sua; berritze lanak egiten ari ziren zati horretan.
Suteak nazioartearen arreta erakarri zuen, Notre Dame sinbolo hagitz ezaguna baita mundu osoan. Anitz izan ziren dolu mezuak egin zituzten agintariak: Donald Trump AEBetako presidentea —«hegazkin zisternak» erabiltzea gomendatu zuen Twitter bidez—, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentea, Pedro Sanchez Espainiako presidentea, Sadiq Khan Londresko alkatea...
Bederatzi mende luzeko historia erre zen atzo. Ama Birjinari eskainitako tenplu gisa eraiki zuten katedrala, 1163. eta 1345. urteen artean, eta arkitektura gotikoaren eraikin esanguratsuenetakoa da. Ile de la Cite uhartean altxatu zuten, Sena ibaiaren urek inguratuta; urtero, hamabi milioi lagun igarotzen dira handik.
Gotikoaren adibide
Arkitektura gotikoak Erdi Aroaren bigarren partean izan zuen gorakadaren adibide argienetakoa da Notre Dame. Gizartea aldatzen ari zen, hiriak indartzen, eta hiri horietako tenpluek, indar hori islatzeaz gain, handitasuna, zerua ukitzeko gaitasuna erakutsi behar zuten. Notre Dame jasoko zuten tokian Parisko lehen eliza kristaua eraiki zuten 528. urtearen inguruan,Saint Etiennekoa, eta haren ordez altxatutako eliza erromaniko bat egon zen, leku berean, 1164ra arte, Notre Dameko katedral gotikoa eraikitzen hasi ziren arte.
Frantziaren «zati bat» erre da
Parisko Notre Dame katedralean hagitz kalte larriak eragin ditu sute batek. Emmanuel Macron presidenteak erran du «nazio oso bat hunkituta» dagoela. Prokuradoreak ikerketa bat hasi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu