Frantziako Senatuak onartu du abortua Konstituzioan jasotzea

Macronek astelehenerako egin du parlamentua biltzeko deia, lege aldaketari azken oniritzia emateko.

FRANCE PARLIAMENT ABORTION
Atzoko Frantziako Senatuko bozketaren emaitzak, ganberako pantailan. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
Iñaki Etxeleku.
2024ko otsailaren 28a
20:35
Entzun

Azken egunetako dudak uxatu zituen asteazken gau honetan Frantziako senatariek egin bozketak: gehiengo handiz egin dute abortua Frantziako Konstituzioan sartzearen alde. 267 senatarik alde bozkatu dute, eta 50ek, kontra. Urtarrilaren 30ean, Asanblea Nazionalak haren alde egina zuen jada, nagusitasun handiz: 493k alde egin zuten, eta 30ek, kontra. HBE Hardunaldiaren Borondatezko Etena konstituzioko 34. artikuluan sartzeko azken urratsa gelditzen zaio bide parlamentario horri: astelehenean —martxoak 4—, Versaillesen (Paris), bi ganberak biltzekoa dituen Kongresua. Diputatuak eta senatariak bilduko ditu, eta, testua konstituzioan sartzeko, bostetik hiruren bozak erditesi behar ditu (555 diputatu eta senatariren bozak. Ganbera bakoitzetako lehen bozkaldiak batuta, 760 aldeko boto izan dira).

Duela berrogeita hamar urte onartu zuten abortu eskubidea Frantzian, Simone Veil politikari ezagunaren izena zekarren legearen bidez. Duela urtebete, Frantziako Senatuak abortua konstituzioan sartu eta finkatzeko testu bat bozkatu zuen, jatorrizkoaren hitzak aldatu zituena. HBE «eskubide» gisa onartu ordez, «askatasun» gisa onartzea bozkatu zuen. Azkenean, bi ganberetan bozkatu da, eta artikulu bakarreko lege testuak hala dio: «Hardunaldiaren borondatezko etena egiteko emakumeak daukan askatasun bermatua betetzeko baldintzak finkatzen ditu legeak».

Azken asteetan beldurra piztu zen Frantziako emakumeen eskubideen aldeko taldeen artean. Gerard Larcher Senatuko lehendakaria abortua konstituzioan sartzearen kontra mintzatu zen. Senatari gehien duten Errepublikanoak alderdiak zenbait zuzenketa ere aurkeztu zituen asteazkeneko eztabaida saiorako. Besteak beste, testuak zekarren «bermatua» kentzea nahi zuten horietariko batzuek. Azkenean, gehiengo zabalak egin du testuaren aurreko bertsioaren alde.

Bozkatu ondoren, erabakiarekin pozik agertu da Macron: «Senatuak pauso erabakigarria egin du». Nabarmendu du konpromisoa hartu zuela emakumeen abortatzeko eskubidea «atzeraezin» egiteko.

Bost orduko hitzartzeak

16:30ean hasi ziren eztabaidak, eta gaueko 20:30 inguru arte iraun zuten. Talde politiko bakoitzetako eledunek hitza hartu zuten. Frankok lege testuaren alde egingo zutela iragarri zuten, emazteek beren gorputzaz nahi dutena egiteko dute askatasuna Konstituzioan markatzeko helburuarekin eta gerta daitezkeen balizko mehatxuengatik. Askok aipatu zuten, Estatu Batuetako auzitegi gorenaren abortu eskubidearen ezeztatzea. Baita, Polonia eta Hungaria herrialdeetako egoerak. Frantzian ere, abortuaren kontrako mugimendu «minoritarioen» mehatxua aipatu zuten batzuek. Azken asteetan, Lille eta Bordele hirietako Planning Familial elkartearen egoitzen kontrako erasoak, edo Cnews telebistak abortua heriotz kausa bezala aurkeztu izana lekuko.

Mélanie Vogel senatari ekologistak bideratu zuen HBE konstituzioan sartzeko lege egitasmoa duela urte bat pasa. Hitza hartzerakoan, 1972an, Bobignyn (Frantzia), Gisele Alimi abokatu zutela, gordezka abortatzeagatik epaitu zituzten emakumeak gogoan ukan zituen. «Zer diegu errateko, gaur?» orduko emazte horiei, galdegin zuen: «Legegilearen nahikariaren meneko daudela oraino, eta egun batez berdin, berriro deituak izan daitezkeela epaitegira? Edo, betirako, aske daudela?». HBEa Konstituzioan sartzearen alde bozkatzeak duen erranahia hala laburbildu zuen: «Ez dugu inoiz, sekula debekatuko Haurdunaldiaren Borondatezko Etena». Vogelek senatariei beste galdera hau egin zien, sekulan ez bazuten legearen alde egiten: «Zer erranen diezue zuen alabei, alababitxiei, bilobei? Begietara so egiten ahalko ote diezue? Eta zer erantzungo diezue galdetuko dizuetelarik: ‘Zergatik aukera zenutelarik errefusatu zenuten gure babestea?’».

Mélanie Vogel senatari ekologista. FRANCE PARLIAMENT ABORTION
Mélanie Vogel senatari ekologista, atzoko saioan hitza hartzen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.

Lege egitasmoa lantzen ari zela, bidean ezagutu beste herrialdeetako emakumeak gogoan izan zituen Vogelek, bestalde. «Hainbeste militante poloniarrei entzun diet erraten: ‘Zoragarri da egiten duzuena. A, guk ere, ordu zeno hori egin bagenu Polonian». Munduko emakume horiekin ordua zutela gehitu zuen. «Munduan piztu ditugun itxaropenei erantzuteko tenorea da. Gaur, emakume poloniar, hungariar, estatubatuar, iraniar, argentinar askok miresmenez begiratzen dute Frantziara buruz». Veil legea iritsi baino lehenagoko ezkutuko abortatze dramatikoak oroituz bururatu zuen. «Guhaurren buruari hitzeman diezaiogun, egun: ‘Aingeru egilerik, eskegigailurik, orratz eta hilik ez dadila izan gehiago!».

Askatasun «bermatua»

Philippe Bas senatari Errepublikanoa izan zen bi emendakin aurkeztu zituena eta lege konstituzional horren testua dudan ezarri zuena. «Bermatua» hitza zuen partida. Beldur baita oposa daitekeen eskubidea bilakatzea termino horrengatik. Hiritarrek estatuaren kontra egiteko aukera izatea, HBE eskubidea ez bazaie bermatzen.

Veil legea gizartean barna sartua dela zioen Basek eta «onarpen sozial hori, legea oinarritzen den orekari» zor zaiola. Delako «oreka» hori gisa horretan laburbildu zuen senatari eskuindarrak: «Lehentasuna, emakumearen askatasunari haurdunaldiaren lehen asteetan; eta lehentasuna sortzekoa den haurraren babesteari, ondoren». «Bermatua» hitza esalditik kentzeko emendakina aurkeztu zuen, baina, azkenean, bere alderdiko senatari askok ere atzera bota zuten. Hauetarik, lehena, Konstituzio aldaketarako lege horren txostengilea bera: Agnes Canayer.

Emendakinak bazterturik, lege konstituzionala gehiengo handiz bozkatu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.