Mundua

Frantziako PSko Kontseilu Nazionala gaur da jakinaraztekoa nor den idazkari nagusi

Martine Aubryk 42 botoko aldeagatik irabazi zion Segolene Royali lehengo asteko bozketan. Honen jarraitzaileek gaur eskatu dute ofizialki emaitzak bertan behera uzteko.

2008ko azaroaren 25a
13:28
Entzun
Frantziako PS Alderdi Sozialistako 105 federazioetan joan den astean eginiko bozketek egundoko korapiloa eragin dute. Lilleko alkate Martine Aubryk 42 botoko aldea atera dio Poitou-Charentes eskualdeko presidente Segolene Royali. Alabaina, 2007an Frantziako presidentetzarako hauteskundeetan sozialisten hautagaia izan zenak emaitza horiek gaitzetsi ditu, 40 federaziotan irregulartasunak izan zirela argudiatuta. Salaketa horiek aztertu zituen atzo PSko egiaztatze batzordeak, baina Kontseilu Nazionalak du auzia trenkatu beharko, gaur.

Royalen jarraitzaileek gaur eskatu dute ofizialki bozketako emaitzak bertan behera uzteko. Haietako iturri batek dio Aubryren aldea benetan lau botokoa dela.

Egun osoa azterketak egiten jardun zuen PSko egiaztatze batzordeak atzo, gaur biltzekoa den alderdiaren kontseiluari ondorioztatze txostena aurkezteko helburuan. Daniel Vaillant batzordeko buruaren inguruan, PSko jarduneko agintaritzako beste bi kide, Aubry eta Royalen hiruna jarraitzaile, alderdiaren buruzagitzara lehiatu zen Benoit Hamonen bi jarraitzaile eta alderdiko bi kide iraunkor aritu dira azterketak egiten. Horiek arduratu dira salaketen nondik norakoak ikertzeaz.

Parlamentu baten antzeko funtzioa duen Alderdi Sozialistako kontseilu nazionalak du, baina, egiaztatze batzordeak helaraziko dizkion oharren arabera, zerbait trenkatu beharko, PSren Parisko egoitza nagusian. Ez zaio erraza izango iragan asteburuko bozketen emaitzek sortutako korapiloa askatzea. Kontseilu nazionalean Royalen aldekoak gutxiengoan izanda, Aubryren garaipena baieztatuko dutela pentsa daiteke. Hori gertatzean, baina, Royalen jarraitzaileak sutan jarriko dira eta, hortaz, Frantziako sozialisten artean zatiketa areagotu besterik ez da egingo.

Bi bozketa eredu, kontrajarrita

PSren barruan aspaldidanik dauden korronteen arteko lehia zorrotzez gainerat, alderdiaren buruzagia aukeratzeko xedean asmatutako hautaketa ereduek dute egoera nahasi hau eragin.

Azaro honen 6an, Reims hirian eginiko kongresuan ildo politiko bateratua hitzartzea lortu ez zutenez, lehian ziren lau mozioetako jarraitzaile kopuruaren arabera osatu dute kontseilu nazionala. Alabaina, PSren egitura erabakitzailea zenbaketa proportzional baten arabera osatu badute, alderdiburua kide ororen zuzeneko bozketaren arabera, hautatu behar dute, 1995. urtean erabakitako aldaketa batek hala agintzen duelako. Bi bozketa eredu horietako emaitzen arteko aldeak du korapiloa areagotu.

Emaitzak estu-estu egon arren, Martine Aubryk eta bere jarraitzaileek ez dute entzun nahi ere PSko buruzagitza bi aldeen artean banatzeko aukera. «Guztiz artifiziala izango litzake; egin behar dena da, Martine Aubryren eta ildo politiko argi baten inguruan agintaritza gehiengoduna osatzea», adierazi du Claude Bartolone, Lilleko alkatearen aldekoak.

Segolene Royalen aldekoek, berriz, bozketa berriz egitea eskatu dute. "Nor da horren beldur? Bozketa irabazi dutela iritzi diotenek zergatik ez diete alderdikideei hitz berriz eman nahi?", galdetu du Poitou-Charentes eskualdeko buruak. Bide beretik, ordea, lasaitasuna eskatu die militanteei Royalek, esanez haien hitza errespetatuko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.