Nicolas Sarkozy Frantziako presidente izandakoa akusatuen aulkian eseri zen atzo, ustelkeriagatik eta influentzia trafikoagatik epaituko baitute. Akusazioaren arabera, Sarkozy presidente ohiak zin egin zion Gilbert Azibert Kasazio Auzitegiko epaile izandakoari ahal zuena egingo zuela Monakoko postu garrantzitsu bat lor zezan, trukean hari buruz sekretupean zegoen informazio bat helarazten bazion. Hiru lagun akusatu dituzte: Sarkozy bera, Thierry Herzog haren abokatua eta Azibert epailea. Auzia hasi eta berehala, hirugarren akusatuak prozesua atzeratzeko eskatu zuen osasun arrazoiak argudiatuta; epaileek ostegunera arte eten zuten epaiketa, eta tarte horretan Aziberti osasun azterketa bat egingo diote.
Kasua Sarkozyren eta Herzogen arteko telefono dei batzuetan oinarritzen da. Ustez, biek azaldu zuten nola eskaini zioten Monakoko postu bat Aziberti, informazio bat ematearen trukean: jakin nahi zuten zer egoeratan zen 2007. urteko presidentetzako bozetako kanpainaren finantzaketa irregularrari buruzko ikerketa. Ustez, garai hartan eskuindarren hautagaia zenak dirua jaso zuen Muammar Gaddafi Libiako agintaria zenarengandik. Akusazioak hamar urte arteko espetxe zigorra eskatu du hirurentzat, baita milioi bat euroko isuna ere.
Frantziako presidente ohiak «borrokan» jarraitzeko asmoa berretsi du, eta haren aurkako prozesua «urtekarietan geratuko den eskandalu» gisara deskribatu du.
Auzi gehiago
Beste hainbat kasuren artean, Sarkozyk Bygmalion afera entzutetsuari ere egin beharko dio aurre: 2012ko presidentetzarako hauteskundeetako kanpainan finantzaketa irregularra izatea leporatu diote —Alderdi Sozialistako François Hollanderen aurka galdu zuen—.
Epaiketa horretan argituko dute UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasunak eta Bygmalion komunikazio enpresak faktura faltsuak sortu ote zituzten 20,5 milioi euroko gainkostua ezkutatzeko; izan ere, alderdiek gehienez 22,5 milioi euro gasta ditzakete kanpainan. Epaiketa 2021eko martxoan abiatuko dute.
Frantziako presidente ohia, akusatuen aulkian ustelkeriagatik
Osasun arrazoiak direla medio, ostegunera arte atzeratu dute epaiketa. Hamar urteko espetxe zigorra eskatu dute Sarkozyrentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu