Frantziako Poliziak sinagoga bati eraso dion gizon bat hil du

Gertakaria Rouenen izan da, Frantziako iparraldean. Jakinarazi dutenez, ustezko erasotzaileak molotov koktel bat jaurti du eraikineko leiho batera; gainera, labana bat eta metalezko hodi bat zituen.

Frantziako Polizia, erasoa jazo den sinagogan. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Frantziako bi polizia, gaur, Rouengo sinagogaren kanpoan. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
asier gonzalez de san pedro
2024ko maiatzaren 17a
12:55
Entzun

Frantziako Poliziak gizonezko bat hil du Rouenen, Normandian, sinagoga bati eraso diolakoan. Gertakaria 06:45ean izan da, eta ustezko erasotzaileak molotov koktel bat jaurti du sinagoga baten barrura, eta su txiki bat eragin du. Dagoeneko suhiltzaileek sua itzali dute. Erasotzaileak labana bat eta metalezko hodi bat zeramatzan, eta poliziei eraso egiten saiatu da.

Fiskaltzak iragarri du bi ikerketa ireki dituela. Lehenengoa, kultuko leku bati su emateagatik; eta bigarrena, erasotzailea nola hil den jakiteko. Oraingoz, baztertu egin dute «eraso terrorista bat» izan delako ideia. Hala ere, oraindik ez dakite zein izan diren erasoa egiteko zituen arrazoiak.

Eraso dioten errabino Chmouel Lubeckek BFMTV telebista kateari azaldu dionez, «beldurra» zuen horrelakorik gerta ote zitekeen. Giroa «tentsioz» betea zegoela gehitu du Lubeckek, baina, berak dakiela, sinagogak ez zuen mehatxurik jaso.

Rouengo Israelgo elkarte kulturaleko buru Marc Benhaimek argitu du azkenaldian errabinoak eta fededun batzuek mehatxuak jasan dituztela, baina ez zutela horrelakorik espero. Rouengo alkate Nicolas Mayer-Rossignolek herriko komunitate israeldarrari babesa erakutsi dio.

Ez da komunitate juduak jasan duen lehen erasoa aste honetan. Izan ere, Parisko Holokaustoaren memoriala esku gorriz margotuta azaldu zen iragan asteartean. Naziek Frantzia okupatu zutenean juduei lagundu zieten 3.900 lagunen omenez eraikia dago.

Ez da lehenengo aldia Rouenen erlijio baten aurkako eraso bat egiten dutela. 2016ko udan, kasurako, Estatu Islamikoko bi kidek Eliza katoliko bati eraso zioten. Apaiz bat hil zuten, eta lau lagun bahitu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.