Frantziako Asanblearako bozek galdera gehiago sortu dituzte erantzunak eman baino. Emmanuel Macron presidenteak porrot itxurako garaipen bat lortu du, eta behe ganberan gehiengo osoa galdu izanak erabat irauli dio bigarren agintaldiaren hasiera; iragan legealdian oposiziorik gabe aritu zen, baina datorrenean oposizioari aurre egin beharko dio, eguneroko politikoa parlamentarizatzea eta estatuburua zigortzea erabaki baitute boto emaileek. Adostasunerako beharraren garaian sartu da Frantziako politika; edo, Elisabeth Borne lehen ministroak herenegun argudiatu zuenez, «inoiz ikusi gabeko» testuinguru batean, «arrisku bat sortuko» duen egoeran batean. Kezka da nagusi gobernuan datozen hilabeteetan gerta daitekeenaz, herrialdeko politika testuinguru ezezagun batean murgildu baita.
Macronek berak ez zuen espero gehiengo osoa berreskuratuko ez zuenik, eta kanpainan une oro geratu da agerian uste hori. Azken 25 urteetan estatuburuari gehiengo osoa ematea ohitura moduko bat izan da Frantzian, eta egungo presidentea joera hori bere horretan mantenduko zelakoan zegoen; ez da hala izan, eta Macronek ohitu egin beharko du konpromisoa oinarri duen agintaldi batean gobernatzera. Frantziako presidentearen Ensemble aliantzak 246 diputatu izango ditu Asanblean —gehiengo osoa 289koa da—, duela bost urte baino ehun bat gutxiago.
Hilabeteotako hauteskunde sortak hiru poloko paisaia politiko bat egituratu du, bai presidentetzarako bozetan, baita behe ganberarakoetan ere. Bi alderdi tradizionalen hondoratzea lortu zuen Macronentzat, zaplazteko politiko bat da errealitate hori, eta, orain, gogoeta askorako tartea izango du aurrean, agintaria ez baita oraindik murgildu egoerarik zailenetan.
Asanblea erabat zatituriko errealitate politikoaren isla izango da: alde bat gehiengo osorik gabekoa, eta bestea, ezkerrak eta eskuin muturrak osatua, gobernuaren eta presidentearen aliantzaren aurkako lana besterik egingo ez duena. Aurrekaririk gabeko egoera da Frantziako V. Errepublikan, eta batez ere 2002an hauteskundeen egutegia aldatu zutenetik, botereak 25 urteotan izan dituen oinarriak aldatu egin baitira.
Hortaz, LR Errepublikanoek erabaki bat hartu beharko dute datozen bost urteetarako: Ensemblek gehiengo osoa lortu ez duenez, legealdian izango duten pisua eta eragina —64 diputatu— erabiltzea Macronen aliantzarekin negoziatzeko, edo une oro oposizioko lana egitea.
Christian Jacob alderdiko buruak atzo esandakoaren arabera, ez dute «ez akordiorik, ez aliantzarik, ez koaliziorik» egingo Ensemblerekin, «oposizioan» egongo baitira; halere, sektore batzuk kontrakoa egitearen aldekoak dira, tartean Jean-François Cope alderdiko presidente ohia, zeinak «koalizio itun bat» nahi duen Macronekin.
LR-ren tokia Marine Le Penen RN Batasun Nazionala ultraeskuindarrak hartuko du, 89 aulki lortuta oposizioko lehen alderdia izango baita. Borroka politiko bizia iragarri du Le Penek Asanblean —«oposizio indartsu bat»—, atzo jakinarazi baitzuen alderdiaren buruzagitza utziko duela, eta RNren talde parlamentarioko presidente bilakatuko dela.
Eskuin muturrak emaitza ikaragarria lortu du, zortzi aulkitik 89ra igo baita, eta horrek agerian utzi du fronte errepublikanoa are gehiago ahuldu dela Frantzian; batez ere, Macronen aliantzak ez zuelako erabat argitu zer bozkatzera deitzen zuen herenegun ezkerra eta eskuin muturra aurrez aurre zeuden hautesbarrutietan, eta abstentzioa handia izan delako bigarren itzulian —%52,49koa—.
Kontrara, Jean-Luc Melenchonek berak atzo aitortu zuen moduan, ezkerraren emaitza espero baino txarragoa da—«nahiko etsigarria»—, Asanbleara indartsu itzuli den arren. NUPES Herri Batasun Ekologista eta Sozial Berriak kanpaina sendoa egin du, baina ez du lortu bere buruari jarri zizkion helburu zailak betetzea: kohabitazioa behartzea, edo, halakorik lortu ezean, 200 bat diputatu lortzea.
Horiek horrela, etorkizuna ziurgabea da ezkerrarentzat ere bai. Denera, NUPESek 142 aulki bildu ditu, baina hori osatu duten alderdiak ez dira talde parlamentario berean elkartuko, eta, hortaz, alderdi ezkertiar bat ez da izango oposizioko lehen indarra; aldiz, ezkerra oposizioko lehen blokea izango da, eta horrek aukera batzuk ireki dizkie LFI Frantzia Intsumisoari, PS Alderdi Sozialistari, EELV Europa Ekologia-Berdeei eta PCF Frantziako Alderdi Komunistari. Azken hiru alderdi horiek nahiago izan dute norbere taldea osatu, independentziari eusteko.
Lehen borroka, berehala
Macronek berehala erreakzionatu behar du, eta batez ere haren aliantzak, Asanblea datorren asteartean elkartuko baita lehen saioa hasi eta behe ganberako presidentea aukeratzeko.
Ez dago batere argi Ensemblek zer egingo duen bozketa horretan; iragan legealdian Richard Ferrandek izan zuen kargu hori, baina herenegun ez zuen lortu diputatu postua. Gainera, ikusteko dago ere zer gertatuko den aliantza horren talde parlamentarioko presidentetzarekin, Christophe Castanerrek ere ez baitzuen irabazi bere hautesbarrutian.
Hain justu, bi porrot horiek izan dira Macronen egoeraren erakusle argienak, baina, oro har, herenegungo emaitzek agerian utzi dute Frantziako politika parlamentarizatuko dela, eta Asanbleak iragan agintaldian baino pisu askoz ere handiagoa izango duela datozen bost urteetan. Hori, noski, aurretik Macronek behe ganbera desegin eta hauteskundeetara deitzea erabakitzen ez badu.
Bien bitartean, aldaketak espero dira, gobernutik hasita. Kasurako, egungo lehen ministroaren etorkizuna kolokan dago.
Frantziako Asanblearako bozak. Bigarren itzulia
Frantziako politika bestelako egoera batean murgildu da
Gehiengo osoa galdu izanak bigarren agintaldia irauli dio Macroni: konpromisora eta adostasunera ohitu beharko du. Eskuin muturra oposizioko lehen alderdia izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu