FRANTZIA

Frantziako lehen ministro Elisabeth Bornek dimisioa eman du, Macronek bultzatuta

2022ko maiatzetik egon da karguan, eta higatze handi bat pairatu du, bera buru izan duen gobernuak onartu baititu immigrazio legea eta erretretaren erreforma, besteak beste.

ELISABETH BORNE. FRANTZIA.
Elisabeth Borne, artxiboko argazki batean. EFE
Igor Susaeta.
2024ko urtarrilaren 8a
19:38
Entzun

Elisabeth Borne Frantziako Gobernuko lehen ministroak dimisioa eman du gaur, eta Emmanuel Macronek onartu egin du ordu batzuk geroago. Hori jakinarazi du Eliseoak, iluntzean, ohar baten bidez. Herrialde hartako presidenteak esker ona adierazi dio X sare sozialean idatzitako mezu baten bidez: «Gure nazioaren zerbitzuan egunero egindako lana eredugarria izan da. Estatu politikarien kuraiaz, determinazioz eta konpromisoz zuzendu duzu gure proiektua. Eskerrik asko, bihotzez».

Bornek duela bi urteko maiatzean hartu zuen kargua, Macronen bigarren agintaldia hasi berritan, eta azkeneko 20 hilabeteetan higatze nabarmena pairatu du kabineteburu gisa. Izan ere, Asanbleak onartu ditu, besteak beste, Frantzian eztabaida handia eragin duten bi neurri: immigrazio legea eta erretretaren erreforma. Gobernua ez da gai izan kontsentsuak lortzeko, eta, hortaz, konstituzioaren 49.3 artikulua erabiliz atera ditu aurrera hainbat lege —artikulu horrek aukera ematen dio gobernuari lege proiektuak onartzeko, horiek Asanblean aurkeztu gabe—.

Aldi berean, azkeneko bi urteotan zentsura mozio asko gainditu ditu gobernuak, 30 baino gehiago; horietako bat, ordea, erretretaren erreformaren ondoren planteatutakoa, ozta-ozta irabazi zuen, bederatzi botogatik. Macronek ez du gehiengorik Asanblean, eta hori nozitzea tokatu zaio Borneri.

Dimisioaren berri emateko idatzitako gutunean iradoki duenez, konturatuta zegoen Macronek ordezkatu egin nahi zuela, eta azpimarratu «inoiz baino beharrezkoagoa» dela azken bi urteetako erreformekin jarraitzea. «Ardura batek bultzatzen gaitu: emaitza azkarrak eta ukigarriak lortzeak gure herritarrentzako».

Eliseoaren oharraren arabera, karguan jarraituko du haren ordezkoa aukeratua izan arte. Eta, hain zuzen, Frantziako hedabideak hasiak dira izen batzuk plazaratzen. Esaterako, Gabriel Attal Hezkuntza ministroa eta Sebastien Lecornu Defentsa ministroa. Horri buruz galdetu diote BFM telebistan egin dioten elkarrizketa batean Frantzia Intsumisoa ezkerreko koalizioko diputatu Eric Coquereli, eta adierazi du bat edo bestea izan «politika bera» egingo dutela: «Emmanuel Macronena».

Bornek jasan duen higatzea etenik gabekoa izan da, baina hori immigrazio legearen onarpenak areagotu zuen, orain hilabete inguru. Gobernuak aurrera atera zuen, eskuin muturrak babestuta. Hilaren 3an, hau da, aurreko asteazkenean, ziren egitekoak urteko aurreneko Ministroen Kontseilua, baina hori atzeratu egin zuten, eta, Frantziako hedabideak dimisioarekin espekulatzen hasi ziren.

Azken 30 urteotan karguan egon den bigarren emakumea izan da Borne —Edith Cresson izan zen bestea, 1991tik 1992ra—. Ez zen ezustekoa izan Borneren izendapena, zeren, Macronen aurreneko agintaldian, 2017 eta 2022 artekoan, bi ministeriotako burua izan zen: Trantsizio Ekologikokoa (2019-2020); eta Lanekoa (2020-2022). Izendatu zutenean, Macronek nabarmendu zuen «sineste sendoko emakumea» zela Borne. Alderdi Sozialistaren orbitan ibili zen urte luzez, baina 2017an Macronen alde egin zuen hauteskundeetan.

Oposizioko kideek Borneren jarduna kritikatu dute. Benjamin Lucas Berdeen diputatuak Le Monde hedabideari esan dionez, lehen ministroak parlamentua «mespretxatu» zuen, eta «bidegabea» izan zen herrialdearekin. Ian Brossat senatari komunistak France-Presse berria agentziari adierazi dionez, karguan egon den bitartean, Bornek «traizio» egin die «bere printzipioei».

Hauteskundeen aurretik

Lehen ministro izendatu zutenean, Macronen ingurukoek adierazi zuten profil ekologistagoa eta sozialagoa emango ziola gobernuari. Aintzat hartu behar da ezkerreko kabineteetan lan egin zuela: Lionel Jospinekin, Jack Langerekin eta Segolene Royalekin. Orain bi urte azpimarratu zuten, era berean, negoziatzeko zuen gaitasunagatik nabarmentzen zela. Ez da gai izan ordea, ez eskuina, ez ezkerra erakartzeko.

Eta erabakia iritsi da noiz eta bost hilabete baino ez direnean geratzen Europako Parlamenturako hauteskundeak egiteko. Macronek talde komunitarioan izatea aldarrikatzen du, horren autonomia estrategikoa, baina inkestek, oro har, diotenez, talde horretan konfiantza handiegirik ez dutenen botoak nabarmen areagotuko dira. Frantzian ere bai. Azken zundaketen arabera, Marine Le Pen buru duen eskuin muturrak, esaterako, zortzi eta hamar puntu arteko aldea aterako lioke Macronen alderdiari Europako Parlamenturako bozetan. Horiek horrela, Eliseoko buruak aldaketa esanguratsu bat egitea erabaki du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.