Ipar Katalunia

Frantziako Justiziak herriko etxeetako osoko bilkuretan katalana erabiltzea debekatu du

Montpellierko Administrazio Auzitegiak ebatzi du katalana erabiltzea konstituzioaren aurkakoa dela, «frantsesaren nagusitasuna» zalantzan jartzen duelako. Auzapezek helegitea aurkeztuko dute.

Elnako auzapezorde Pere Manzanares eta auzapez Nicolas Garcia (ezkerrean) eta Sylvaine Candille, Montpellierko epaiketan, udal ordezkarien xingolak jantzita. VILAWEB
ander perez zala
2023ko maiatzaren 9a
12:15
Entzun

Elnako, Els Banys i Palaldako, Portvendreseko, Tareraceko eta Sant Andreu de Suredako herriko etxeek (Ipar Katalunia) beren araudiak aldatzea erabaki zuten osoko bilkuretan katalanaren erabilera bermatzeko, baina Montpellierko Administrazio Auzitegiak gaur ebatzi du bileretan hizkuntza horretan aritzea Frantziako Konstituzioaren aurkakoa dela, «frantsesaren nagusitasuna» zalantzan jartzen duelako. Erabaki horren ondorioz, bost udalerriek datozen hiru hilabeteetan aldatu beharko dute, berriz, beren araudia.

Herriko etxeek argudiatu zuten Hizkuntza Gutxituen Europako Itunak ahalbidetzen ziela katalana erabiltzea, baina auzitegiak erantzun du akordio hori betetzea ez dela «nahitaezkoa». Epailearen arabera, araudiek frantsesaren estatusari kalte egiten diote, osoko bilkuretan «lehenik katalanez» aritu eta «gero frantsesera itzultzen» den kasuetan; hau da, argudiatu du frantsesera itzultzea ez dela nahikoa, ordena horretan hizkuntza hori bigarren mailakotzat jotzen dutelako. «Katalanaren erabilera itzulpenean dago baimenduta».

Elna izan zen lehena bere araudia aldatzen, eta prozedura hau zehaztu zuen: katalanez mintzatu nahi duten hautetsiek hala egin dezaketela, betiere esandakoa gero frantsesera itzultzen bada. Testuen kasuan ere, frantsesaren itzulpena bermatzea zen asmoa, eta hizkuntza horretan idatzitakoak nabarmentzea katalanaren aurrean.

Auzitegiaren erabakiaren berri jakin eta berehala, herrietako hautetsiek agerraldia egin dute, eta azaldu dute oraindik ez dutela agortu bide judiziala. Elnako auzapezorde Pere Manzanaresek, adibidez, adierazi du «lasterketaren lehen etapa galdu» dutela, baina «gainontzeko aukerak» ere erabiliko dituztela: «Helegitea [Okzitaniako] Tolosako Administrazio Auzitegian, gero [Frantziako] Estatu Kontseiluan, eta, azkenik, beharrezkoa balitz, Giza Eskubideen Europako Auzitegian».

Hori bai, herriko etxeen abokatu Mateu Ponsek azaldu du auzitegiaren erabakiak «inplizituki» ireki diola atea bilera horietan lehenik frantsesez hitz egin eta gero katalanera itzultzeari. Hortaz, Portvendreseko auzapez Gregory Martik esan du horren arabera aldatuko dutela bere herriko araudia: «Eta gero ea zer egiten duen prefetak».

Rodrigue Furcy Ekialdeko Pirinioak departamenduko prefetak eraman zuen kasua justiziara, argudiatuta «Frantziako Errepublikako hizkuntza frantsesa» dela. Herriko etxeei eskatu zien araudia aldatzeko, baina, ezezkoa jaso zuenez, auzitara jotzea erabaki zuen.

Korsikeraren kasua

Gaurko erabakiak joan den martxoko beste bat oroitarazi du, korsikerarekin zerikusia duena. Bastiako Administrazio Auzitegiak ebatzi zuen hizkuntza hori ezin zela erabili Korsikako Asanblean, hori egitea Frantziako Konstituzioaren kontrakoa delakoan.

Uharteko parlamentuak 2021ean onarturiko ebazpenak dio «Korsikako Asanblearen hizkuntza eta eztabaidak frantsesa eta korsikera» direla, baina justiziak ez zuen legezkotzat jo hori, eta bertan behera utzi zuen testua.

Frantziako Gobernua eta Korsikako hautetsiak irlaren etorkizun instituzionala negoziatzen ari diren honetan hartu zuen erabakia auzitegiak, eta horrek are gehiago gaiztotu du bien arteko harremana.

2014an ere, Paueko Administrazio Auzitegiak atzera bota zuen Uztaritzeko Herriko Etxeak (Lapurdi) harturiko deliberoa: euskara hizkuntza ofizial izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.