Michel Barnier Frantziako lehen ministroaren agintaldia amaitu dezaketen zentsura mozioak bihar bozkatuko dituzte, arratsaldeko lauretatik aurrera. Atzo gobernuaren aurkako bi zentsura mozio aurkeztu zituzten Frantziako Asanblean, lehen ministroak Gizarte Segurantzaren aurrekontuak Asanblearen oniritzirik gabe onartu ostean —konstituzioko 49.3 artikulua erabilita—. Ezkerreko alderdien koalizio NFP Fronte Popular Berriak eta eskuin muturreko RN Batasun Nazionala alderdiak aurkeztu zituzten mozioak.
Ezkerreko koalizioak aurkeztutako zentsura mozioa bozkatuko dute lehenik, eta, dirudienez, aurrera egingo du. Izan ere, eskuin muturreko diputatuek babestuko dute; hori iragarri zuen RNko buruzagi Marine Le Penek, atzo. NFPk 193 diputatu ditu, eta RNk, 124. Beraz, bien artean erraz gaindituko lukete gehiengo osoa lortzeko 289 botoren langa. Kontrara, Barnierren LR Errepublikanoak alderdiak 45 eserleku ditu Asanblean, eta guztira 210 diputatuk babesten dute egungo gobernua.
Gobernuko kideek, baina, zentsura mozioek aurrera ez egiteko itxaropena mantentzen dute. Esaterako, Catherine Vautrin Lurraldeekiko Elkarlaneko eta Deszentralizazioko ministroak gaur esan du oraindik elkarrizketarako tartea dagoela. Frantziako irrati batean elkarrizketatu dute, eta gogorarazi du Le Penek zentsura mozioa babestuko duela esan badu ere Asanblean beste 576 diputatu daudela. Gainera, «arriskutsua» iruditzen zaio lehen ministroa kargutik kentzea. Barnierren gobernuko beste kide batzuek ere nabarmendu dute hori. Antoine Armand Ekonomia ministroak adierazi duenez, zentsura mozioa onartuko balitz, herrialdeko ekonomia «ezegonkortuko» litzateke. France 2 telebista katean esan du mozioak herritarrak jarriko dituela arriskuan.
Ostera, Le Penek gobernuaren ekinaldiak jo ditu arriskutsutzat. X sare sozialean gaur zabaldu duen mezu baten arabera, «frantziarrak aurrekontu arriskutsu batzuetatik babesteko» bozkatuko dute zentsura mozioaren alde. Izan ere, RNko liderraren ustez, hori da konstituzioak jasotzen duen aukera bakarra atzera botatzeko «zazpi urteko macronismoak eragindako defizita areagotuko luketen aurrekontuak».
Ezkerreko koalizioko kideek, berriz, Barnierren gobernuarekin negoziatzeko izan dituzten zailtasunak aipatu dituzte zentsura mozioa aurkezteko arrazoi gisa. PS Frantziako Alderdi Sozialistako buru Oliver Faurek BFMTV telebista katean salatu du bi hilabete eman dituztela lehen ministroari proposamenak egiten, eta «Le Penek egindako bat» baino ez duela onartu. NFPk du eserleku gehien Frantziako Asanblean, eta haren parte da PS.
Emmanuel Macron Frantziako presidentea Saudi Arabian da bidaia ofizial batean, eta ez du adierazpenik egin zentsura mozioen inguruan.