Frantziako Gobernuak datorren urterako aurrekontuen onarpena behartuko du Asanblea Nazionalean, konstituzioaren 49.3 artikulua baliatuta. Emmanuel Macron Frantziako presidentea gutxiengoan gobernatzen hasi zen joan den ekainean, eta horren ondorio da gertatutakoa. Konstituzioaren 49.3 artikuluaren bidez, gobernuak ez du zertan aurrekontuen lege proiektua behe ganberan aurkeztu. Elisabeth Borne lehen ministroak adierazi du «behartuta» hartu behar izan dutela bide hori, oposizioaren jarrerak beste aukerarik ez dielako eman.NUPES Herri Batasun Ekologista eta Sozial Berria ezkerreko koalizioak iragarri du zentsura mozio bat erregistratu duela. RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiak ere gauza bera egiteko asmoa du. Horrek gobernua eroraraz dezake.
Indarrean dagoen konstituzioa onartu zutenetik —1958. urtean— 89 aldiz erabili dute 49.3 artikulua. Ia beti erabili dute, orain bezala, gobernua gutxiengoan zegoenean. Aukera ematen dio kabineteari testu bat onartzeko, iruditzen baldin bazaio eztabaida parlamentarioa ez doala behar bezain azkar edo uste badu testuari zuzenketa gehiegi aurkeztu zaizkiola. Azken hori izan da gobernuak salatu duena, oposizioak Asanblean duen gehiengoa baliatu baitu aurrekontu proiektuari zuzenketak egiteko eta beste batzuk baztertzeko, gobernuaren iritziaren kontra.
Bornek adierazi du gobernuak ehun zuzenketa baino gehiagorekin onartuko dituela aurrekontuak, «horietako batzuk oposizioarenak», nahiz eta 49.3 artikuluak zuzenketa horiek gabe ere onartzeko aukera ematen dion.
Artikulu horren erabilera aktibatuta, oposizioak 24 ordu ditu zentsura mozio bat aurkezteko. Ezinbesteko baldintza da gutxienez parlamentarien %10en sinadurak jasotzea epe horretan, eta Jean-Luc Melenchon buru duen koalizioak adierazi du 151 sinadura aurkeztu dituela jada. Macronen Ensemble aliantzak 250 eserleku ditu Asanblea Nazionalean, eta oposizioak, 327. Zentsura mozioa onartzeko, ganberaren gehiengo osoaren babesa behar da, eta bozketa ezin da egin aurkeztu ondorengo 48 orduetan.
Mozioa onartzen badute, gobernuak dimisioa eman beharko luke. Kontrara, atzera botatzen badute, lege proiektua lehen irakurraldian onartuko lukete, eta gero Senatura eramango lukete, atzera Asanblea Nazionalera itzuli aurretik.
Mathilde Panot ezkerreko koalizioaren talde parlamentarioko presidenteak nabarmendu du uko egiten diotela 49.3 artikuluaren erabilera «ohiko» bihurtzeari, eta Andre Chassaigne Alderdi Komunistakoak azpimarratu du artikulu horren erabilera «lotsagarria» dela demokraziarako.
Bakarrik ezin
Oposizioak Asanblean gehiengoa izan arren, ez litzateke harritzekoa izango gobernuaren kontrako bi zentsura mozioak bertan behera gelditzea. NUPESek eta RNk ez dute beren kabuz zentsura mozio bat onartzeko indarrik—289 boto behar dituzte horretarako—, eta nahitaezkoa dute bestearen babesa gobernua kanporatzeko. Beraz, ez da gobernuaren kontrako gehiengorik osatuko talde horietako bakoitzak erabakitzen badu soilik bere zentsura mozioa babestea.
Frantziako Gobernuari zentsura mozioa aurkeztu dio ezkerreko koalizioak
Macronen kabineteak iragarri du Asanblea Nazionalean bozkatu gabe onartuko dituztela aurrekontuak, konstituzioaren 49.3 artikulua erabiliz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu