Michel Barnierren (LR Errepublikanoak) azken egunak izan daitezke Frantziako lehen ministro gisa. Gizarte Segurantzaren aurrekontuak bozkatzekoak ziren gaur Frantziako Asanblean; gobernuak, baina, ez du gehiengorik —LRk 45 eserleku ditu Asanblean—, eta ezkerreko alderdien koalizio NFP Fronte Popular Berriaren edo eskuin muturreko alderdi RN Batasun Nazionalaren babesa behar zuen horiek aurrera eramateko. Alderdien arteko negoziazioek ez dute aurrera egin, eta, azkenean, konstituzioko 49.3 artikulua erabiltzea erabaki du Barnierrek. Horren bitartez, Frantziako Gobernuak aurrekontuak onartu ditzake Asanblearen oniritzirik gabe. 15:00etan ziren aurrekontuak bozkatzekoak, baina herrialdeko hedabideek minutu batzuk lehenago eman dute gobernuaren erabakiaren berri.
Lehen ministroak Frantziako Asanblean 49.3 artikulua erabiliko duela jakinarazi duenean azaldu duenez, Frantziako herritarrei «egonkortasuna» emateko hartu du erabakia. «Hemendik aurrera, nork bere erantzukizuna hartu behar du, eta nik nirea hartuko dut», gaineratu du Barnierrek.
NFPk eta RNk jada esana zuten Barnierren gobernuaren aurkako zentsura mozioa aurkeztuko zutela baldin eta Frantziako Konstituzioan jasotako tresna hori baliatzen bazuten. 24 ordu dituzte horretarako, eta NFPren parte den Frantzia Intsumisoak —ezkerreko alderdietako 185 diputatuk aurkeztu dute, azkenean, zentsura mozioa— eta RNko buruzagi Marine Le Penek jakinarazi dute zentsura mozio bana aurkeztu dutela. Ezustekorik ezean, zentsura mozioak etzi bozkatuko dituzte, eta NFPren (182) eta RNren (143) botoek aurrera egiteko modua emango diote, gehiengo osoa lortzeko 289 boto behar baitira. Barnierren aurkako mozioak ganberaren oniritzia lortuz gero, Barnierrek dimisioa aurkeztu beharko du, eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak gobernuburu berri bat aukeratu.
Frantzia Intsumisoak zentsura mozioa aurkeztu duela jakinarazi du alderdiko programaren buru eta Frantziako Asanbleako presidenteorde Clemence Guettek. X sare sozialean argitaratu duen mezuan, azpimarratu du Barnierren gobernuari «bi egun» geratzen zaizkiola. Hala ere, egungo gobernua kargutik kentzea aurreneko urratsa besterik ez dela nabarmendu du: «Emmanuel Macronen dimisioa da krisi politikoari izkin egiteko modu bakarra».
NFPko kide da Frantziako Alderdi Sozialista, eta alderdiaren Asanbleako buru Boris Vallaudek ere X sare sozialean iragarri du Frantzia Intsumisoaren alde egingo duela Barnierren aurkako zentsura mozioan. Macronen aurka egiteari dagokionez, berriz, sozialistek behin baino gehiagotan adierazi dute ez dutela presidentea kargutik kendu nahi. François Hollande Frantziako presidente ohiak (2012-2017) iragan ostegunean esan zuen ez dagoela ados Frantzia Intsumisoak egindako bi eskaerekin, France Inter irrati katean egindako elkarrizketa batean argitu zuenez: Macron kargutik kentzeari eta hauteskunde berri batzuetara deitzeari buruzko eskaeretan.
RNk adierazi du zentsura mozioan Barnierren aurka bozkatuko duela. Lehen ministroak erabakia jakinarazi eta minutu gutxira alderdiak X sare sozialean argitaratutako mezu batean nabarmendu dutenez, 49.3 artikulua erabili izanak «zentsura merezi du». RNko presidente Jordan Bardellak goizean aurreratua zuen zentsura mozio bat aurkeztuko zutela 49.3 artikulua erabiliz gero, RTL Frantziako irrati katean; eta, arratsaldean iritzi hori berretsi du. Xn idatzi duenez, «macronismoaren ildoari jarraitzeagatik» egingo dute egungo gobernuaren aurka: «Ez dago irtenbiderik macronismoaren ildoari eusten dion gobernu batentzat».
Neurri nahikorik ez
Barnierrek 15:00etako epemugaren aurretik keinu egin dio eskuin muturrari. AFP Agence France-Press herrialdeko berri agentziak kaleratu duenez, Barnierrek jakinarazi du Gizarte Segurantzak ez duela gutxituko hainbat botikaren finantzaketa. Finantzaketaren jaitsiera hori aurrekontuen zirriborroan jasoa zuen Frantziako Gobernuak, baina horren aurka agertu da RN hasieratik; are gehiago, «marra gorritzat» jo izan dute. Alderdiko zenbait kidek Le Monde Frantziako egunkariari esan diotenez, neurri hori ez da nahikoa haien oniritzia izateko.
Macronistek, berriz, lasaitasunerako deia egin dute. Gabriel Attal lehen ministro ohi (2024) eta Asanbleako macronisten taldeko buruak Frantziako herritarrek «egonkortasuna» behar dutela idatzi du X sare sozialean, Barnierrek 49.3 artikulua erabiliko zuela aurreikusten zen momentuan. Are gehiago, NFPren eta RNren erabakia gaitzetsi du herrialdeak egun bizi duen «egoera larriagatik»: «Oposizioen lehentasunak Frantziari aurrekontu bat ematea izan behar zuen. Eta, horrela, egungo larrialdiei erantzuteko dugun modu bakarraren [Barnierren gobernuaren] egonkortasuna ez mehatxatzea».
Gobernu berri batek aurrekontu propioak izan ditzake?
Frantziako Gobernuaren aurka aurkeztutako zentsura mozioak aurrera egingo balu, Emmanuel Macron presidenteak gobernuburu berri bat izendatu beharko luke. Gobernu berri horrek ez du zertan aurtengo aurrekontuak erabili. Abenduan izendatuz gero, urte bukaerara arteko epea izango du aurrekontu orokorren proposamen bat aurkezteko, eta Frantziako Asanbleak 70 egunez aztertuko du, aldaketak proposatu eta gero horri oniritzia ematen ote dioten bozkatzeko.