Frantziako Gobernua eskuinerago eraman du Sarkozyk azken aldaketekin

Herritarren %32k soilik babesten dute Frantziako estatuburua; haren aurretik dago Fillon lehen ministroa

Erredakzioa
2010eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Bost hilabete zeramaten frantziarrek Nicolas Sarkozy estatuburuak iragarritako aldaketen zain. Azkenean, ordea, iraultza ez da izan esperotakoa, hala kritikatu dute, behintzat, ezkerreko taldeek. Izan ere, presidenteak ateak itxi behar izan dizkie ezkertiar eta zentristei, eskuinera bira eginez. Ez zen hori bere hasierako asmoa.Azken hilabeteetan ahoz aho ibili da Jean-Louis Borlooren izena-igandera arte Ekologia ministroa- gobernua zuzentzeko hautagai gisa; Sarkozyk ezin izan dio aurre egin, baina, François Fillon lehen ministroari. Azken horrek herritarren artean berak baino jarraitzaile gehiago izateaz gain -frantsesen %32ren babesa du presidenteak-, indar handiagoa ere badu UMP Herri Mugimenduaren Batasuna alderdian.

Borlook, berriz, mugimenduen nondik norakoak ikusita, nahiago izan du diputatu karguan jarraitu eta «proposamenak aurkezteko eta hitz egiteko askatasuna» berreskuratu. Hura bezala, aginte taldetik at geratu da Bernard Kouchner Atzerri ministro izandakoa ere. Haren tokia hartuko du 64 urteko Michele Alliot-Mariek, zeinak aurretik Defentsa eta Justizia ministerioetan lan egin duen.

Denbora luzez kanpoan egon ostean, Eliseora itzuliko denetako beste bat Alain Juppe da, Jacques Chirac presidentearen gobernuan lehen ministro izandakoa. Hark zuzenduko du Defentsa Ministerioa.

Kargu nagusiak bere horretan

Larunbatean Fillon lehen ministroak dimisioa eman ondoren, jakinarazitako aldaketak asko badira ere, ministerio nagusiek-Ekonomia, Hezkuntza, Kultura eta Barne ministerioak- lehengo esku berberetan jarraituko dute 2012ra arte. Era horretan, gobernua sendotu nahi du Sarkozyk, eta bide batez, baita herritarren konfiantza berreskuratu ere, hala, beste behin presidentetzara aurkeztu ahal izateko.

Oposizioak, baina, ez du batere begi onez ikusi neurria. Alderdi Sozialistak Batzar Nagusian duen buruzagi Jean-Marc Ayraulten iritziz, exekutiboak ezer gutxi du berritik. «Horrenbeste istorio honetarako. Honek esan nahi du politika berdinekin jarraituko duela. Bost hilabeteko suspensearen ostean, Sarkozyk Sarkozy aukeratu du». Borloo eta Kouchner ere ez dira gustura geratu aldaketekin. Azkena, gainera, kexu agertu da presidentearen aldetik jasandako umiltzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.