2007tik 2012ra Nikolas Sarkozy zen Frantziako presidente, eta, gaur, Frantziako Fiskaltzak zazpi urteko espetxe zigorra eskatu du harentzat. Hain zuzen ere, Libiako agintari izandako Muammar Gaddafik (1969-2011) Sarkozyren presidentetzarako kanpaina diruz lagundu izana leporatu diote.
Joan den urtarril hasieran hasi zuten prozesu judiziala, eta hamabi kide akusatu zituzten guztira. Ministerio Publikoak, baina, gaur jakinarazi du «gertakariak frogatuta» daudela. Presidente ohiari kartzela zigorra ezartzeko eskatzeaz gain, Fiskaltzak Sarkozyren hiru ministro ohi zigortzeko ere eskatu du: sei urte Claude Gueantentzat, hiru Brice Hortefeuxentzat, eta urtebete Eric Woerthentzat.
Dena dela, gaurkoa ez da Sarkozyren aurka emandako ebazpen bakarra; bertzeak bertze, iragan abenduan hiru urteko kartzela zigorra agindu zioten, 2021ean ustelkeriaz jokatzea eta influentzia trafikoa egitea leporatuta.