Frantziako Asanblea Nazionalerako bozak egitekoak dira ekainaren 12an eta 19an, eta ezkerreko alderdiak haien artean hitz egiten ari dira horietarako balizko hautagaitza bateratu bat osatzeko. Baina solas horiek katramilatu egin dira. PS Frantziako Alderdi Sozialistak gaur goizean agiri baten bidez adierazi du bere egiten dituela Jean-Luc Melenchonen LFI Frantzia Intsumisoa alderdiaren programako puntu nagusiak. France Info Frantziako irrati publikoak eta BFMTV telebista kateak ordu batzuk geroago jakinarazi dutenez, ordea, sozialistek negoziazioak «eten» dituzte, argudiatuta Melenchon buru duen mugimenduak «logika hegemoniko oro» hautsi behar duela, eta «pluraltasuna» onartu behar duela. «Une honetan ez dugu bermerik», adierazi du Olivier Faure sozialisten idazkari nagusiak, bi hedabide horien arabera.
Presidentetzarako bozetan Melenchonena izan zen hirugarren indar bozkatuena, botoen %22 eskuratuz. Politikariak Frantziako ezkerraren lidergoa hartu du, eta ez du ezkutatzen parlamenturako hauteskundeen ondoren lehen ministro izatea gustatuko zitzaionik. Beraz, hautagaitza bat bateratzeko, aldebiko elkarrizketak sustatu ditu EELV Europa Ekologia-Berdeekin, sozialistekin eta PCF Frantziako Alderdi Komunistarekin. Horren harira, Julien Bayou EELVren idazkari nagusia baikor mintzatu da France 2 telebista katean, eta iruditzen zaio «laster» lortuko dutela akordio bat LFIrekin.
Ezkerreko lau alderdi horien artean gehien bozkatuen artean bigarrena EELV izan zen (%4,6), hirugarrena PCF (%2,2), eta laugarrena PS (%1,75). Sozialistek inoiz izandako emaitzarik txarrena izan zen, eta PS erakundeetatik desagertzeko zorian legoke.
Etena gorabehera, PSk nabarmendu du bere egin dituela Frantzia Intsumisoa alderdiaren programako puntu nagusiak. Horien artean daude gutxieneko soldata 1.400 euro garbira igotzea, erretretako adina 60 urtera jaistea, plangintza ekologikoa azkartzea, VI. Errepublika deklaratzea, eta Europako Batasuneko «hainbat arau» aintzat hartzea.
Melenchonek baldintza bat jarri zion PSFri negoziazioetan sartzeko: programako puntu nagusiak onartzea. Sinbolo gisa, Maiatzaren Leheneko ekitaldietarako eduki nahi dute akordioa prest, hau da, iganderako. Baina oraindik ez dago ezer sinatuta.