Frantziako Estatuak 75.000 euro ordaindu beharko dizkie Yvan Colonna Korsikako militante independentistaren oinordekoei, Marseillako Auzitegi Administratiboak hala aginduta. Auzitegi horrek komunikatu baten bidez eman du ebazpenaren berri, eta, horren arabera, Frantziako Estatua Colonnaren hilketaren «erantzule» da; hein batean, behintzat. Colonna duela hiru urte hil zuten, 2022ko martxoaren 3an, Arlesko presondegian (Okzitania) zegoela; jihadismoagatik zigorturiko preso batek militante independentista jipoitu zuen, argudiatuta «profetari birao» egin ziola, eta koman utzi zuen. Martxoaren 21ean hil zen, Marseillako ospitale batean. «Colonnaren kasuarekin lotuta, gure ikerketek erakusten dute hutsegite larriak izan zirela presondegiaren hainbat zerbitzuren funtzionamenduan; besteak beste, presoak behar bezala ez zaintzea», esan du Auzitegiak.
Colonnaren abokatu Patrice Spinosik «erabateko garaipentzat» jo du organismo judizialaren ebazpena, eta, batez ere, horren bitartez militante independentistaren kasuan egon ziren «hutsegite administratiboak» aitortu izana. Jakinarazi duenez, halere, jada adostuta zeukaten akordio bat Frantziako Estatuarekin, zeinak aurreikusten zuen Colonnaren familiari 200.000 euro inguruko kalte ordaina ematea. Marseillako Auzitegi Administratiboaren arabera, Colonnak ezin izan zuen bere erasotzailearengandik ihes egin, eta horrek «sekulako larritasuna» eragin zion.
Marseillako Auzitegi Administratiboaren aurretik, beste organismo batzuek ere egotzi izan diote presondegiari eta estatuari «hutsegite larriak» egitea; besteak beste, Frantziako Asanblearen ikerketa batzordeak. Talde horrek 2023ko maiatzean ondorioztatu zuen «zaintza falta» izan zela Arlesko presondegian, eta horren ondorioz Colonnaren kontrako erasoa «luzatu egin» zela. Haren aurkako erasoak zortzi minutu iraun zuen, eta ez zen inor agertu harik eta erasotzaileak, erasoaren ondoren, abisua eman zuen arte, agenteei ohartarazi baitzien Korsikako presoa «gaizki» zegoela.
Erasoaren nondik norakoek auzitan jarri zuten bien espetxealdien kudeaketa, biek baitzuten DPS bereziki zainduriko presoen estatusa, eta horren arabera ezin ziren bakarrik egon. Colonna 2003tik zegoen kartzelan, eta bizi guztiko kartzela zigorra ari zen betetzen, Claude Erignac prefetaren (1998) hilketagatik zigortuta.