Hiru hilabete besterik ez da geratzen presidentetzarako bozetarako —apirilaren 23an egingo dute lehen itzulia—, baina Errepublikanoak alderdiak hautagairik gabe geratzeko arriskua du; François Fillon presidentegaiak esana du bere emazte Penelope Fillonen aurkako ustelkeria akusazioa dela-eta auzipetzen badute Eliseorako lasterketa bertan behera utziko duela. Atzo Alain Juppe Bordeleko alkateak hitz egin zuen. Fillonen lehiakidea izan zen primarioetan, baina ohartarazi du ez dela presidentegaia izango hark atzera egiten badu.
Hauteskunde kanpaina hastear denean eztanda egin dio auziak Filloni; bihar inauguratu behar du ofizialki kanpaina eskuinak, Parisen egitekoak diren mitin handi batekin. Le Canard enchaîné astekari satirikoak asteartean argitaratu zuenez, haren emazteak hamar urtean alegiazko lanpostu baten bidez 500.000 euro irabazi ditu. Bozak irabazteko faboritoa zen Fillon orain arte, baina ikusteko dago zenbateraino eragingo dion aferak. Fiskalak ikerketa hasi du.
Herenegun gauean egin zuen Fillonek lehen agerraldi publikoa eskandalua argitzeko, TF1 kateari emandako elkarrizketan. Emaztearen lana defendatu du hautagaiak, «legezkoa, benetakoa eta erabat gardena» dela esanez. Horregatik, «nazka» agertu du astekariak argitaratu dituen «gezurren» aurrean. Edonola ere, lehen ministro izandakoak ez dio akusazioari zuzenean heldu, eta ez du frogarik aurkeztu. Horren ordez, esan du haren abokatuak epaileari emango dizkiola beharrezko dokumentuak, «auzitegi mediatiko batean» parte hartu nahi ez duelako. Diskurtso hunkigarria egin nahi izan du eskuineko hautagaiak: «Bikaina da nire emaztea, aparta. Ez duzue imajinatzen zenbat sufriarazten duen jendeak pentsatzeak arauak ez dituela errespetatu. Nire emaztea defendatuko dut, maite dudalako».
Fillonek urteetan eraiki duen irudia bete-betean jo du ustelkeria akusazioak, «zintzotasunaren» hautagai gisa aurkeztu baita. «30 urteetan nire izena ez da sekula lotu ustelkeria auzi batekin», esan zuen 2014an. Eskuinaren primarioetan ezaugarri hori nabarmendu zuen auzipetutako Nicolas Sarkozyren aurrean. Herenegungo elkarrizketan, ordea, Sarkozyren antz handiagoa hartu zuen Fillonek, haren aurkako konspirazioak haizatzean. «Nirekin akabatzeko amarru bat da».
PS Alderdi Sozialista da oraindik hautagaia zehaztu ez duen bakarra. Bihar erabakiko dute, bigarren itzulian lehiatuko baitira Manuel Valls eta Benoit Hamon. Ezustea eman zuen Hamon Hezkuntza ministro ohiak joan den asteburuan, lehen itzulian gailendu baitzen botoen %36 jasota. Valls orain dela gutxi arteko lehen ministroa zen faboritoa, baina botoen %31 eskuratu zituen.
Valls eta Hamon
PSren bi ikuspegi antagonikoak ordezkatzen dituzte bi hautagaiek. Hamon frondeurs gisa ezagutzen den ezkerreko sektorekoa da, oso kritikoa François Hollande presidenteak hartutako norabide liberalarekin. Parlamentuan erreforma legearen eta beste neurri ekonomikoen aurka bozkatu izan du. Arnaud Montebourg Ekonomia ministro ohiak haren aldeko botoa eskatu du, lehen itzulian lehiatik kanpo geratu ostean.
Valls, berriz, sozialisten eskuineko sektorearen parte da, eta Hollanderen politikak defendatzen eta ordezkatzen ditu; Barne ministro eta lehen ministro karguetan jardun du haren agintaldian. Hark esana da PSko bi aurkako ikuspuntuak «adiskidetu ezinak» direla.
Frantziako eskuinaren hautagaitza airean utzi du ustelkeria akusazio batek
Juppek esan du ez duela Fillon presidentegaia ordezkatuko hark hautagaitza bertan behera uzten badu. PSk bihar aukeratuko du berea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu