Frantziako auzitegi batek berretsi egin du Ipar Kataluniako udaletan katalana erabiltzeko debekua

Iazko maiatzean Montpellierko Auzitegiak emandako ebazpenaren alde egin du Tolosako Dei Auzitegiak; halere, esan du posible izango dela frantsesez egiten diren hainbat mintzaldi eta dokumentu administratibo katalanera itzultzea.

Ipar Kataluniako udaletxe batzuetako alkateak. ACN
Ipar Kataluniako udaletxe batzuetako alkateak. ACN
maddi iztueta olano
2024ko abenduaren 12a
17:22
Entzun

Tolosako Dei Auzitegiak berretsi egin du gaur Montpellierko Auzitegiak iazko maiatzean iragarritako ebazpena: Ipar Kataluniako udaletako saioetan ezingo dute katalana erabili. Tolosako Dei Auzitegiaren arabera, frantsesez mintzatu beharko dute saio horietan, argudiatuta hala dagoela zehaztuta Frantziako Konstituzioan. Halere, esan du posible izango dela hainbat dokumentu administratibo edo mintzaldi frantsesetik katalanera itzultzea.

Montpellierko Auzitegiak iazko maiatzean debekatu zuen Ipar Kataluniako udaletako saioetan katalanez hitz egitea. Ebazpen horri helegitea aurkeztu zioten Ipar Kataluniako Rosello eskualdeko Elna, Portvendres eta Sant Andreu de Sureda herrietako udalek eta Conflent eskualdeko Tarerac herriko udalak. Tolosako Dei Auzitegiak, baina, Montpellierkoaren alde egin du.

Ipar Kataluniako hainbat udaletako barne arautegiek baimentzen dute saioetan eta tramite administratiboetan frantsesaren ordez katalana erabiltzea, eta, ondoren, haiek frantsesera itzultzea. Hain justu, barne arautegi hori argudiotzat hartuta aurkeztu zuten helegitea Ipar Kataluniako udalek. Gaur, Tolosako Dei Auzitegiak bertan behera utzi ditu barne arautegi horiek.

Estatu Kontseilura

Ebazpenarekin pozik ez, eta udal horiek erabaki dute auzia Frantziako Estatu Kontseilura eramatea. Erakunde horrek herrialdeko justizia administratiboko auzitegi goren gisa jarduten du.

Vilaweb egunkariak herri horietako bi alkate aipatuz kaleratu duenez, iritzi diote ebazpena ez dela «garaipen bat», baina ezta «porrot bat» ere. Litekeena da Frantziako Estatu Kontseiluak Tolosako eta Montpellierko auzitegien bide beretik jotzea; halere, horrek aukera emango luke ondoren Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzeko —Estrasburgoko Auzitegia izenez ere ezaguna da— .

Omnium Cultural parte hartzen ari da prozesu judizialean. Taldeak salatu egin du Tolosako Dei Auzitegiaren erabakia, eta, X sare sozialean idatzitako mezu baten bidez, leporatu dio katalana «bigarren mailako hizkuntza bat» izatera kondenatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.