Barne ika-miken eta negoziazio korapilatsuen ondoren, azkenean, NFP Frantziako Fronte Popular Berria osatzen duten alderdiek lortu dute Frantziako Asanbleako presidentetzarako hautagaitza adostea. PS Frantziako Alderdi Sozialistako buru Olivier Faurek eman du akordioaren berri. Halere, ez du zehaztu hautagaia nor izango den: «Hori [hautagaia nor den] argitzea akordioan parte hartu duten alderdietako presidenteei ere badagokie».
Hain justu, Frantzia Intsumisoak negoziazioak behin-behinean etetea erabaki eta biharamunean lortu dute akordioa. Negoziazioak etetea justifikatzeko, alderdi horrek argudiatu zuen koalizioa osatzen duten alderdiak —nagusiki, Frantzia Intsumisoa, PS, EELV Europa Ekologia-Berdeak eta PCF— ez zirela gai Frantziako Asanbleako presidentetzarako hautagaitza bakarra aurkezteko.
NFPren negoziazioen etenaldiak apenas iraun dituen 24 ordu. Halere, tentsioa nabarmen areagotu da azken orduetan, eta hein batean, horrek bultzatu ditu ados jartzera. Tentsio horren adierazle dira PCFko idazkari nagusi Fabien Rousselek gaur esandako hitzok: «Datozen egunetan irtenbiderik aurkitzen ez badugu, erabateko noraezean murgilduko gara».
Bestalde, Frantziako presidente Emmanuel Macronek onartu egin du Gabriel Attal lehen ministroa buru duen gobernuaren dimisioa. Hori bai, Macronek Attali eskatu dio jardunean jarraitu dezala gobernu berria osatu artean. Frantziako Asanbleako presidentetzarako hautagaitza adostu badute ere, NFP osatzen duten alderdiek gaur-gaurkoz ez dute lortu lehen ministro izateko hautagairik adostea.