Kaledonia Berriko protesten hirugarren gaua «hain biolentoa» izan ez den arren, Frantziako Gobernuak estrategiari eutsi dio, eta Gabriel Attal lehen ministroak jakinarazi du, gaur eguerdian, uhartedira jendarme eta polizia gehiago bidali dituztela manifestariei aurre egiteko. Mila inguru dira, eta, beraz, denera, 2.700 egongo dira han, aurretik zeudenak aintzat hartuta. Attalek gaur ere errepikatu du «ordena berreskuratzea» dutela helburu, eta atea ireki dio hurrengo egunetan agente gehiago bidaltzeari.
Hilabeteak dira militante independentistak kalean salatzen ari direla deskolonizazio prozesuaren norabidea eta, batez ere, Paris izaten ari den jarrera. Halere, horri guztiari entzungor egin, eta Frantziako Gobernuak hautesle errolda handitzeko asmoa mantendu du; eta azkenean, aste hasieratik, Frantziako Asanbleako bozketaren aurretik, protestak liskar bihurtu dira, batez ere Kaledonia Berriko hiriburuan. Gutxienez bost lagun hil dituzte egunotan —hiru zibil eta bi segurtasun agente—; azkena, jendarme bat, norbaitek «arma bat gaizki manipulatu» eta hari «nahi gabe tiro» egin ondoren, Jendarmeriak gaur azaldu duenez.
Erlazionatuta
Frantziako Gobernuak Defentsarako eta Segurtasun Nazionalerako Kontseilua egin du gaur ere, eta horren ondoren mintzatu da lehen ministroa. Poliziei eta jendarmeei buruzko albistea emateaz gain, Attalek jakinarazi du aireko zubi «logistiko bat» jarri dutela indarrean «irlan egunerokoak bere horretan jarrai» dezan eta oinarrizko produktuak hara bidal ditzaten. «Tentsio handiko egoera bat da», adierazi du gobernuburuak Kaledonia Berriaz aritzerakoan.
EN DIRECT | Suivez ma déclaration à l’issue du Conseil de défense et de sécurité nationale sur la situation en Nouvelle-Calédonie.
— Gabriel Attal (@GabrielAttal) May 16, 2024
https://t.co/I4Dsr3gALe
Parisek CCAT Lur Gaineko Ekintzak Koordinatzeko Taldeari leporatu dio Kaledonia Berriko egoeraren erruduna izatea. CCAT joan den azaroan sortu zuten uhartediko alderdi independentistek, eta kaleko manifestazioak antolatzea eta koordinatzea du helburu, hautesle erroldaren kontrako jarrera adierazteko. CCATk esana du indarkeriaren erabileraren kontra dagoela, eta lasaitasunerako deia egin du gaur ere.
Eta hautesleen zerrenda handitzeko lege proiektuari berari dagokionez, Gerald Darmanin Barne eta Itsasoz Haraindiko ministroari France 2 telebista kateko programa batean galdetu diote, gaur goizean, ea hori erretiratzeko asmorik duten Kaledonia Berriko egoera baretze aldera; Darmaninek ezetz erantzun du, hori egitea «demokrazia erretiratzea» litzatekeelakoan, Frantziako Parlamentuko bi ganberetako bozketei eta uhartediko hiru independentzia galdeketen emaitzei erreferentzia eginez.
Egoera ziurgabea
Hortaz, badirudi, oraingoz bada ere, Frantziako Gobernuak ez duela asmorik independentistei amore emateko. Are, Attalek gaur eguerdiko agerraldian esan duenez, elkarrizketei berriz ekiteko baldintza uhartedian «lasaitasuna itzultzea» da. Horren inguruan, gainera, ziurgabetasuna da nagusi, gaur Emmanuel Macron Frantziako presidentea Kaledonia Berriko alderdiekin bilkura berean mintzatzekoa baitzen gaur, baina hitzordu hori bertan behera utzi dute, indar politikoek uste baitute egoerak ez duela hori egitea ahalbidetzen, Eliseoak azaldu duenez.
Macronek, hortaz, erabaki du banan-banan hitz egitea alderdi horiekin, eta bilera kolektibo hori atzeratzea, datarik gabe. Lehen ministroa ere Kaledonia Berriko indar politikoekin elkartzekoa da, Parisen, baina oraindik ez du datarik jakinarazi; teorian, hilabetea amaitu aurretik izango da, baina ikusteko dago uhartediko egoera nola garatuko den.
Gainera, independentisten artean ere desadostasunak daude. Atzo, uhartediko bost alderdi politiko garrantzitsuenek —independentistak eta loialistak— komunikatu bateratu bat argitaratu zuten, eta esan zuten bide onean daudela akordio bat lortzeko hautesle erroldaren aferaren inguruan; sinatzaileen artean zegoen, kasurako, UNI Independentziarako Batasun Nazionala. Gaur, ordea, UNIren parte den UPM Melanesiako Batasun Progresista kritiko agertu da dokumentu horretan UNIren sinadura agertu delako, eta argudiatu du ezin dela ezer espero negoziazioetatik.