Ia hamar urteren ostean, Frantziak jakinarazi du bere soldaduak erretiratuko dituela Malitik, Europako bere aliatuekin eta Kanadarekin batera, «era koordinatuan». Tropak jihadistei aurre egiteko sartu zituzten Afrikako herrialde horretan, baina urteotan ez dute lortu esperotako garaipena, eta, gainera, Maliko junta militarrarekin dituzten harremanak nabarmen okertu dira azkenaldian. Finean, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen iritziz, «terrorismoaren kontrako borrokarako baldintza politiko, operazional eta juridikoak» ez dituzte aldeko.
Erretiroak lau-sei hilabete iraungo du, eta «progresiboa» izango da. Epe horretan, Macronek atzo esan zuenez, Minusma NBE Nazio Batuen Erakundearen misioa babesten jarraituko dute, zeinak 13.000 kasko urdin dituen eremuan —Parisek 5.000 ditu, eta horien erdiak, Malin—. Frantziako presidenteak aitortu zuen Afrika «eta batez ere Sahel eskualdea Al-Qaedaren eta Daexen estrategiaren lehentasun bilakatu» dela, baina, halere, Barkhane operazioa amaitzea erabaki dute.
2013tik hona jihadisten kontrako borrokan garaipen taktikoak lortu dituzten arren, Maliko Estatuak eta haren armadak ez dute inoiz lortu eremuaren kontrola berenganatzea. Gainera, 2020an eta iaz izandako estatu kolpe bikoitzak gobernua boteretik bota du, eta, egun, junta militar bat dago agintean.
Junta horrek uko egin dio datozen urteetan bozak antolatzeari, eta horrek Frantziaren eta beste aliatu batzuen haserrea eragin du. Militar horiek, gainera, Parisen aurkako geroz eta jarrera argiagoa erakutsi dute hilabeteotan, eta desadostasunak handitu baizik ez dira egin. Besteak beste, jihadisten kontrako borrokaz: Bamakok Errusiako Wagner enpresaren mertzenarioak kontratatu ditu horretarako, eta Europako agintarien kexak eragin, ez dutelako haiekin batera aritu nahi muturreko islamisten aurka.
AB Afrikako Batasuneko eta Senegalgo presidente Macky Sall, Ghanako estatuburu Nana Akufo-Addo eta Europar Kontseiluko presidente Charles Michel alboan zituela, Macronek azaldu zuen ezin dutela «militarki engaiatuak jarraitu [Maliko] agintariekin», ez baitatoz bat «haien estrategia eta helburu ezkutuekin». Erabakia herenegungo afari batean hartu zuten, EB Europako Batasuneko eta Afrikako zenbait estatuburu eta gobernubururekin batera.
Operazioaren arrakastaz galdetu ziotenean, Frantziako presidenteak erantzun zuen ez dela izan «porrot militar bat»: «Zer gertatuko zen 2013an Frantziak ez balu esku hartzea erabaki? Ziurrenik, Maliko Estatua erori egingo zen. Gure militarrena arrakasta izan da». Horien artean dago, agintariaren arabera, Magreb Islamikoko Al-Qaedaren buruzagia hil izana, 2020ko ekainean.
Urteotan, muturreko islamistek Frantziaren 53 soldadu hil dituzte Sahel eskualdean; horietako 48, Malin. Parisek, berriz, ez du inoiz jakinarazi ustezko zenbat jihadista hil dituen; Mediapart atariaren arabera, 2.800 inguru dira. Efe berri agentziak, berriz, atzo esan zuen azken hiru egunotan muturreko islamistek gutxienez berrogei zibil hil dituztela Malin.
Nigerren garrantzia
Herrialde horretatik ateratzeak Frantziaren indar militarrak berriz antolatzea eragingo du, eta, Macronek azaldu duenez, hori Nigerren egingo dute —mugakideak dira—, Gineako golkoan «handia» baita «jihadisten mehatxua»; 800 soldadu badaude herrialde horretan jada, Parisen base militar batean.
Zehazki, Frantziako estatuburuak azaldu du 2.500-3.000 militar mantenduko dituztela eremuan, eta Afrika mendebaldeko zenbait estaturi eskainiko dizkietela bere «zerbitzuak» jihadistei aurre egiteko; kasurako, Senegali, Benini eta Boli Kostari.
Auzi hori eta beste hainbat izango dituzte eztabaidagai EBko eta ABko 70 bat agintarik, gaur arte iraungo duen goi bilkura bat hasi baitzuten atzo, Bruselan. Horretan, erakundeek espero dute bien arteko harremana hobetzeko gai izango direla; besteak beste, Afrikan azpiegiturak garatzeko inbertsioak adostuta, baita osasun eta hezkuntza arloetan hobekuntzak negoziatuta ere.
Beste modu batera esanda, EBk bere presentzia handitu nahi du hegoaldeko kontinentean, Txinaren eta Errusiaren influentzia handitzen ari baita han. Egun, talde komunitarioa laguntza humanitarioak ematen ari da, eta 11 misio militar ditu Afrikako herrialdeetan.
Bilkura horren atarian, Josep Borrell EBren diplomaziaburuak baieztatu zuen bloke komunitarioak talde bat bidali duela Malira egoera aztertzeko; herrialde horretako agintariekin batera egingo du hori, eta helburutzat jarri dute EBren misioak Afrikako herrialdean jarraitu ahalko duen argitzea. Lerro hauek idazterako, Malin agintean dagoen junta militarrak ez zuen erantzun publikorik helarazi Macronen erabakiaz.
Mali ABko estatu kide bat da, baina kidegoa etenda du iragan ekainetik, eta zigor ekonomikoak ezartzeko mehatxua egin diote hainbat erakundek —besteak beste, Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak— bozetara laster deitzen ez badu —2025etik aurrera egin nahi ditu—.
Bamakoren orain arteko erantzun bakarra izan da hauteskundeen data aldatzea «aztertuko» duela.
Frantziak iragarri du Malin dituen soldaduak erretiratuko dituela
Parisek 2.500 militar ditu Afrikako herrialdean, eta datozen hilabeteetan aterako dira, aliatuekin «koordinatuta». Macronentzat, operazioa ez da «porrot militar bat» izan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu