Kaledonia Berriko Gobernuko presidenteorde eta Kanpo Harremanetarako arduraduna

Mickael Forrest: «Frantziak ez du inor errespetatzen»

Forrestek uste du Macronek Frantziako Kongresuko «gehiengoa galdu» duela, Kaledonia Berrian asteotan izandako mobilizazioen ondorioz. Parisekin negoziatzeko baldintza bat jarri du: erretira dezala hautesle erroldaren erreforma.

Mickael Forrest. JON URBE / FOKU
Mickael Forrest. JON URBE / FOKU
ander perez zala
Donostia
2024ko ekainaren 1a
05:10
Entzun

Mickael Forrest (Lifou, Kaledonia Berria, 1979) Kaledonia Berriko Gobernuko presidenteorde eta Kanpo Harremanetarako arduraduna —independentista da— atzerrian zegoen hautesle errolda aldatzeko erreformaren ondorioz bere herrialdean liskarrak hasi zirenean, baita Emmanuel Macron Frantziako presidentea hara joan zenean ere. Atzerrian zegoen, hegaldi komertzialentzat itxita baitago uhartediko aireportu nagusia; oraingoz, ekainaren 2ra arte.

Egoera hori ikusirik, Forrestek asteok baliatu ditu nazioartean Kanakyren egoeraren berri eman eta elkartasun sareak sendotzeko. Venezuelan izan da, Singapurrera joan da, eta Frantziara, Espainiara eta Euskal Herrira ere bidaiatu du; besteak beste, EH Bai eta EH Bildu koalizioekin bildu da.

Macronen bidaiak, azkenean, ezertarako balio izan du?

Gu oraindik saiatzen ari gara aztertzen hau guztia, gauza positiboak aurkitzeko, nahiz eta gure lehen helburua ez dugun lortu. Hau da, konstituzioaren [hautesle erroldaren] erreformari buruzko lege proiektua erabat erretiratzea. Guretzat onartezina da errolda aldatzea, ontzat ematen baitu Frantziako Estatuak garatu duen immigrazio masiboa.

Ez da gauza positibo askorik. Egia da elkarrizketa misio bat eratu duela [Macronek], hiru goi funtzionario frantsesek osatua, baina horretan ere esan diegu ez dela posible, misio hori partziala delako.

Ez da metodo egokia?

Ez da metodo egokia. Duela hamabost egun Caracasen izan ginen, Nazio Batuen Erakundeari premiaz eskatzeko zerbait mekanismo erabil ditzala, juridikoki hori egin dezakegulako. Adibidez, zera eskatu dugu: mandatari berezi bat bidaltzeko, Palestinarekin eta Mendebaldeko Sahararekin gertatzen den bezala, eta nazioarteko bitartekari misio bat bidaltzeko.

Frantziako Estatuarekin dugun elkarrizketa galdu egin da; baliorik gabea da. Ez dugu konfiantzarik. Gu deskolonizazio prozesuan geratuko gara; noski, betiere potentzia administratzailearekin hitz eginez. Euskal herritarrek eta korsikarrek bezala, guk 1988az geroztik erabaki dugu armak alde batera uztea, eta tresna demokratikoak erabiltzea gure helburu politikoa lortzeko: subiranotasun osoa.

Macron «segurtasun afera batez» eta «ordena errepublikanoaz» aritu da gehienbat. Gaiari eduki politikoa kentzeko estrategia bat izan da?

Baliteke hori izatea haren helburuetako bat. Guk onartu egin dugu egoera hau. Hirugarren erreferendumaren ondoren —guri lapurtu zigutena—, urtebetez zubiak hautsi genituen Frantziako Estatuarekin, egoera zein zen aztertzeko eta horretaz lasai eztabaidatzeko.

Negoziatuko duzue hautesle erroldaren erreforma erretiratu gabe?

Ez.

Hortaz, orain ez da negoziaziorik, eta ezin da negoziatu.

Negoziatu dezakegu, baina, aldez aurretik, [lege proiektua] erretiratu egin behar da. Gero, badira aintzat hartzeko beste faktore batzuk: agian Macronek zailtasunak ditu bere gobernuarekin, Olinpiar Jokoak daude, Europako Parlamenturako hauteskundeak…

Eta, noski, mobilizazioak egin ditugula. Iazko azaroaren 18an sortu genuen CCAT [Lur Gaineko Ekintzak Koordinatzeko Taldea, kaleko protestak antolatu dituena]; maluruski, potentzia kolonial handiek modu horretara besterik ez baitakite entzuten herri kolonizatuen ahotsa.

«Frantziako Estatuarekin dugun elkarrizketa galdu egin da; baliorik gabea da. Ez dugu konfiantzarik».

Hiru fasetan aritu gara. Lehenengoan, gaia ikusgai egiteko, esanahiaren zentzurik zabalenean; iazko azarotik aurtengo martxora arte bilkurak egin ditugu, alderdiekin, sindikatuekin eta auzoetan eta herrietan, egoeraz ohartarazteko. Bigarrena aurtengo apirilean hasi da, Macronek prozedura parlamentarioa martxan jarri ondoren; mobilizazioak egin ditugu, presentzia handitu dugu hedabideetan, eta eskualdean eta nazioartean landu dugu gaia.

Adibidez, 80.000 lagun baino gehiago elkartu genituen apirilaren 13an, manifestazio handi batean. Ez dakit ikusi zenuen, ikurrina zegoen, eta EH Bilduren bandera ere bai.

Hori guztia, maiatzaren 13ra arte. Maiatzaren 13an Frantziako Asanbleak bozketa egin zuen, eta erreforma onartu zuen [Senatuak apirilaren 2an egin zuen]. Hortaz, maiatzaren 14tik aurrera hirugarren fasera pasatu gara, aktiboago batera, manifestazio batzuetara, eta oraingo egoera horren ondorio da.

Zazpi lagun hil dituzte liskarretan.

Hilketa asko izan dira. Ez bakarrik jendarmeen partetik, milizien partetik ere bai. Frantziak eliteko poliziak bidali ditu, jendarmeak eta militarrak. Militarrak, normalean, etsaiarekin gerra egiteko erabiltzen dituzu; eta, nik dakidala, gu oraindik ere frantsesak gara. Kudeatu behar izan dugun beste aferetako bat izan da.

Macronek esan zuen hilabeteko epea duzuela ados jartzeko. Zein da alderdi independentisten eta loialisten arteko harremana?

Ez dago eztabaidarik. Salatu dugu loialistek miliziak sortu dituztela, Noumean [hiriburuan], armekin, eta zazpi gazte melanesiar hil dituztela. Bortizkeria handiz, gainera; batzuk burmuina kanpoan zutela aurkitu ditugu. Familiak dolu prozesuan daude.

Aldi berean, indarra ematen digu, martiriak baitira, independentziaren aldeko borrokan hil baitira. Historia kolonial bat da. Baina horrek ez gaitu erakarri gerra armatura itzultzera; guk gure praktikari eusten diogu, nazioarteko legediak babesten gaituelako, Noumeako Akordioa Frantziako Konstituzioan dagoelako. Irtenbide bat nahi dugu.

Posible da akordio bat lortzea hilabete batean?

Seriosak izan behar dugu.

Ez?

Ez. Ez da zintzoa. Dena den, hilabete barru [Macronek] izango al du tartea [Frantziako] Kongresura deitzeko [horko bozketa falta da erreforma onarrarazteko], Olinpiar Jokoetarako hain gutxi geratzen denean? Ez dut uste.

Bitartekarien inguruan: onartuko zenukete independenteagoa den norbait, eta frantsesa? Adibidez, Edouard Philippe Frantziako lehen ministro ohia [2017-2020]? Harreman ona izan zenuten harekin.

Zergatik ez? Guk ere egin ditugu proposamenak, Pazifikoko jende ezagunak, eta Frantziakoak ere bai. Inpartzialtasun eta zintzotasun egoera batera itzuli behar dugu.

Gu hemen gaude EH Bairen eta EH Bilduren esperientziaz ikasteko, batez ere gatazketan egindako bitartekari lanaz.

Le Parisien egunkariari emandako elkarrizketa batean, Frantzian erreferendum bat egiteko aukera aipatu zuen Macronek, hautesle erroldaren erreformaren inguruan.

Guretzat, hori beste iragarpen bat da. Hainbat ministrok pixka bat denetik eta pixka bat edozer gauza esan dute. Guk erabaki dugu ekainaren 15ean ezohiko kongresu bat egitea, eta hor aztertzea eta eztabaidatzea egoeraz.

Mickael Forrest. JON URBE / FOKU
Mickael Forrest. JON URBE / FOKU

Eta zure galderari dagokionez, iraganean ere gertatu da halakorik. 1988an, erreferendum nazional batek onarrarazi zituen Matignongo Akordioak. Aukera bat izan daiteke, baina oraindik lan egin behar dugu, eta gure interesa zein den identifikatu. Nahiz eta gure helburu nagusia prozedura erretiratzea den.

Kanaky Kaledonia Berrian izandako mobilizazioek, gainera, balio izan dute Macronek gehiengoa galtzeko [Frantziako] Kongresuan; uste dut [botoen] hiru bosten ez dituela lortuko. Asanbleako eta Senatuko presidenteek [Yael Braun-Pivetek eta Gerard Larcherrek], biek deitu dute lege proiektua erretiratzera.

Palanka positiboak dira, eta horien inguruan ari gara lanean. Mobilizatuta gaude oraindik ere, erresistentzian jarraitzeko.

Patu komuna kontzeptuari eta horren eraikuntzari garrantzi handia ematen diozue. Nola dago?

Patu komuna eta hautesle errolda oso lotuta daude, deskolonizazio prozesuaren bitartez herria eraikitzea erabaki baitugu. Baina zer oinarritan? Ez azken immigrazio oldeekin.

1983an Nainville Les Rocheseko Akordioak sinatu genituen, eta Frantziako Estatuak lehen aldiz aitortu zuen kanak herriaren autodeterminazio eskubidea. Itun berean, gure zaharrek keinu bat egin zuten, eta esan zuten eskubide hori partekatuko genuela modu boluntarioan edo behartuta etorri ziren komunitateekin.

Caldocheekin?

Caldocheekin [europar jatorria dutenekin], galerianoekin, communard-ekin [1871ko Parisko Komunako kideak edota jarraitzaileak], Aljeriako deportatuekin… Horiek ere gurekin daude, herrialdearen independentzia lortzeko borrokan.

Adibidez, 2019ko lurralde hauteskundeetan [uhartediko Kongresurakoetan], jende ezagun caldocheak jarri genituen FLNKSren [Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakaren] zerrendetan, eta probintzietako parlamentuetan daude, eta bizitza politikoan parte hartzen dute.

Matignongo eta Noumeako akordioen helburua gizartea «berriz orekatzea» da. Zein da bilana?

Politika publikoetan gauza positiboak izan dira. Halere, oroitarazi behar dut ez garela inoiz gehiengo izan, batez ere Europatik etorritako migrazio oldeengatik.

Dena den, gai izan gara hiru erreferendumen garaiko [2018tik 2021era] aukera positiboa baliatzeko. 2018an, kolonialismoaren adituek aurreikusi zuten lehen galdeketan FLNKSk botoen %15 eta %20 artean bilduko zituela baiezkoaren alde. Lan egin genuen, eta %43 jaso genituen.

2019ko bozetan, Matignongo Akordioen ondoren lehen aldiz, Frantziaren aldekoek baino aulki gehiago lortu genituen. Horrek ahalbidetu zigun gobernua eta Kongresua berreskuratzea; basamortuan bide luzea egin dugu, 1982tik ez baikenuen izan aukerarik gure herrialdea kudeatzeko, Jean-Marie Tjibaouren garaitik.

«Macron deitzen dugu bere etxeaz arduratzera, eta guri emantzipatzen uztera, 36 urteko trantsizioaren ondoren».

Eta gero hirugarren erreferendumaren afera egon zen, pandemia betean egin zena. Gu horren kontra ginen, atzeratzea nahi genuen, baina ez gintuzten entzun, eta borrokan segitzen dugu oraindik ere.

Nazioarteko Justizia Auzitegian salaketa bat jartzeko lanean ari gara, Frantziak duen erantzukizuna agerian uzteko. Ez du inor errespetatzen. Ez du errespetatzen Noumeako Akordioa, ez du errespetatzen Frantziako herria, ez du errespetatzen Frantziako Konstituzioa ere. Gure oinarria Noumeako Akordioa da, eta hori konstituzioan txertatuta dago.

Gure desmartxa elkarrizketarena da, elkartasunarena eta duintasunarena. Macron deitzen dugu bere etxeaz arduratzera, eta guri emantzipatzen uztera, 36 urteko trantsizioaren ondoren. Betiere, subiranotasuna helburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.