Chido zikloi tropikalak kalteak eragin ditu Mayotte uhartean, Frantziaren menpeko koloniarik txiroenean, Indiako ozeanoan. Datu ofizialen arabera, gutxienez hogei dira hildakoak eta 250 inguru zaurituak, baina datuek okerrera egingo dutela aurreratu dute agintariek. Mayotteko prefetak, François-Xavier Bieuvillek, esan du hildakoak ehunka izan daitezkeela. «Ospitalea hondatu du, eskolak ere bai, eta etxeak suntsituta daude. Ekaitzak ez du ezer utzi bere horretan».
Frantziako Barne Ministerioak esan du zaila dela Mayotten hildakoen eta zaurituen zenbaketa zehatza egitea, egoera «kaotikoa» delako. François Bayrouk, Frantziako lehen ministroak, esan du «irlako azpiegiturak oso kaltetuak edo suntsituak» geratu direla: Franceinfo irrati publikoaren arabera, ospitalearen parterik handiena ez dago erabilgarri, eta aireportua itxita dago; errepide sarea apurtu egin da, eta argindarra eta edateko ura falta dira.
Frantziako agintariek aireko zubi bat ezarri dute zikloi tropikalak kalte egindako Mayotte uharteetara premiazko laguntza eramateko. Lehen hegazkinak atzo iritsi ziren Mamudzu hiriburuko aireportura, laguntzarekin, eta logistika antolaketarako zentro gisa baliatzen ari dira eremua. Zortziehun polizia eta suhiltzaile ere bidean dira, erreskate, segurtasun eta laguntza sanitario eta logistikoko lanetan parte hartzeko, Parisek iragarri duenez.
Bruno Retailleau Frantziako Barne ministroa eta François Noel Buffet Itsasoz Haraindiko jarduneko ministroa artxipelagora joan dira. Halaber, Emmanuel Macron presidenteak batzar berezi bat egingo du Parisen gaiaz eztabaidatzeko.
Mayottek 300.000 biztanle inguru ditu, bi uharte nagusitan banatuta, Afrikako ekialdeko kostaldetik 800 bat kilometrora eta Paristik 8.000 kilometrora. Azken hamarkadetan, biztanleria ia bikoiztu egin da. Komoreetatik oso gertu dago eta Madagaskartik ez oso urrun, eta migrazio handia izan dute uharte horietatik. Erditzeko gutxi falta zaien familia asko hara joaten dira haurrak han jaio daitezen, eta frantziar nazionalitatea izan dezaten. Herritarren %80 inguru pobreziaren mugaren azpitik bizi dira, eta gutxienez herenak txaboletan bizi dira. Asteburuko ekaitzak behera bota ditu txapazko eraikuntzak.
'Chido' aurrera doa
Larunbatean jo zuen Chido zikloi tropikalak Mayotte artxipelagoa. Haize boladarik indartsuenek orduko 220 kilometroko abiadura gainditu zuten. Meteo France Frantziako meteorologia zerbitzu ofizialaren arabera, azken 90 urteetan ez da halakorik ikusi.
Alerta gorria igande arratsaldeko seietan eman zuten Mayotten (16:00ak Euskal Herrian). Zikloia «jada ez da mehatxua lurraldearentzat», baina «olatuen eta uholdeen arriskuaren aurrean erne egoteko» eskatu du prefekturak.
Zikloia ekialderantz doa, bost kategoriako eskala batean lauko indarra duela. Mozambikera heldu da, Delgado lurmuturrera. Ia 2,5 milioi herritar bizi dira han.
Malawi eta Zimbabwe ere ari dira prestatzen Chido iristen denerako. Ez dute itsasertzik, baina zikloaren eragina nabarituko dutela aurreikusi dute. Uholdeak izateko beldurra dute, eta baliteke herritarrak ebakuatu behar izatea.
Zikloi sasoia Indiako ozeanoan
Abendutik martxora, zikloien garaia izaten da Afrikako hego-ekialdean. Ozeanoko urek, 28 gradu baino gehiagora iristen direnean, gora bultzatzen dute aire beroa eta hezea, eta ekaitzak sortzen dira. Gainera, haizearen joan-etorriek ekaitzak kontzentratu egiten dituzte, eta askoz indar handiagoa izaten dute. Ikerketa batzuen arabera, zikloiak okerrera egiten ari dira, klima aldaketaren ondorioz.
Haize bolada indartsuak eta euri jasa handiak eragiten dituzte zikloiek. Hala, uholdeak izateko arriskua izaten da. Gainera, herrialde txiroetan urak kanalizatzeko dituzten azpiegiturak nahikoak ez direnez, urak pilatu egiten dira. Denborarekin, usteldu, eta gaixotasunak zabaldu ditzakete. Kolera, dengea eta malaria, adibidez.
Idai zikloiak, 2019an, 1.300 pertsona baino gehiago hil zituen Mozambiken, Malawin eta Zimbabwen; Freddy zikloiak, berriz, 1.000 pertsona baino gehiago hil zituen hainbat herrialdetan, iaz.