Francisco Francoren diktadurapeko (1939-1975) errepresaliatu batek aurreneko aldiz deklaratu du, gaur, Espainiako epaile baten aurrean. Julio Pacheco ikasle elkarte bateko kidea zen, eta kontatu dio Madrilgo 50. Instrukzioko Epaitegiko epaile Ana Maria Iguaceli Polizia frankistak nola torturatu zuen, zenbait egunez, 1975eko abuztuan. Pachecok AFP France-Press berri agentziari atzo esan zion «mugarri garrantzitsu bat» dela, eta «zirrikitu bat» ireki dutela frankismoaren biktimek nozitu duten «inpunitatearen murruan».
Otsailean jarri zuen salaketa Pachecok, eta, hiru hilabete geroago, tramiterako onartu zuela jakinarazi zuen epaileak. Horren berri emateko kaleratu zuen autoan nabarmendu zuen «posible» zela «gizadiaren aurkako krimenak» egon izana. Espainiako Memoria Demokratikoaren Fiskaltza prozeduran aurkeztu da, eta salaketa jarri duen pertsonaren abokatuak auzi saioa amaitu eta gero kazetarien aurrean adierazi duenez, hori «positiboa» da.
Biktimen elkarteek azpimarratu izan dutenez, azkeneko lau hamarkada pasatxotan ehun bat salaketa jarri dituzte Espainiako Estatuan, baina horiek, tramiterako onartuak izan ziren kasuetan ere, ia automatikoki artxibatu zituzten justizia estamentuek. Argudiatzen zuten delituek preskribitu egin zutela, edo 1977ko Amnistia Legea zegoela indarrean.
Ia 40 urtez egindako krimenengatik inor ez dute epaitu, eta, hori dela eta, NBE Nazio Batuen Erakundeak Espainiari belarrietatik tira egin izan dio. Memoria elkarteak ahalegindu dira Zigor Kodea erreformatzen, horrek frankismoko krimenak ere barnebildu ditzan. Proposamen bat bozkatu zuten Kongresuan iazko martxoan, baina atzera bota zuten PPren, Voxen, Ciudadanosen, eta, are, PSOEren botoekin.
Salatzaileak zehaztu du BPS Brigada Politiko Sozialeko lau agentek torturatu zutela Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan, Madrilen, eta agente horietako bat Jose Manuel Villarejo zela, gerora Espainiako Poliziako komisarioa izandakoa, eta, besteak beste, estatu indarkeriari gorazarre egin izan diona. Epaileak autoan jaso zuenez, ikertu gisa deklaratzera deituko ditu Villarejo eta beste hiru poliziak: Jose Maria Gonzalez Reglero, Alvaro Valdemoro eta Jose Luis Montero. Gainera, auziari buruzko dokumentazioa eskatu die Poliziari eta Espainiako Artxibo Nazionalari. Iturri judizialak aipatuz Espainiako zenbait hedabidek kaleratu dutenez, hiru polizia horiek hilda daude. Dena den, epaitegiari dagokio hori baieztatzea eta horien auziak artxibatzea.
Egin beharreko hurrengo urratsei dagokienez, salatzaileak esan zuen, atzo, izan daitekeela epaileak Villarejo deklaratzera deitzea. Ondoren erabaki bat hartu beharko du epaileak: auzia artxibatu edo ahozko epaiketa hasi.
Argentinako bidea
Espainian salaketek bidea egiteko zituzten zailtasunak ikusita, biktimen elkarteek Argentinara jo zuten, eta han, nazioarteko zuzenbideak jurisdikzio unibertsala gauzatzeko aukera ematen diola argudiatuz, Maria Servini epaileak ikerketa bat hasi zuen 1936ko gerran eta frankismoan gertatutako gizadiaren kontrako krimenengatik. Krimen horiekin lotura zutelakoan, diktadura garaiko ministro, epaile eta polizia batzuk —hogei bat guztira— estraditatzeko eskatu zuen, baina Espainiako Estatuko instituzioek horri uko egin izan diote.
Ceaqua Argentinako Kereila Babesteko Estatu Koordinakundeak ohar baten bidez eskatu die botere publikoei eta alderdi politikoei har ditzatela «beharrezkoak diren neurriak», Madrilgo epaile horrek hartutako erabakia «salbuespena» izan ez dadin.