Emmanuel Macron Frantziako presidenteak François Bayrou izendatu du herrialdeko lehen ministro. Horrela, azken egunetako katramila askatu du estatuburuak. Bayrou Modem zentroko alderdiko burua da, eta indar horrek, hain zuzen, Macronen gobernuen alde egin izan du. Izendapena jaso ondoren prentsari egindako aurreneko adierazpenetan, lehen ministro izendatu berriak azken hilabeteetako blokeo politikoa aipatu du, eta esan du hori desblokeatzeko ezinbestekoa dela «bakeak egitea». Hain justu, Asanblea Nazionalaren babesa beharko du karguan irauteko. Eta kontuan hartuta iragarpenaren ondoren alderdi politikoetako ordezkariek —izan ezkerrekoak zein eskuin muturrekoak— egin dituzten adierazpenak, ez dirudi berehalakoan eroraraziko dutenik.
Hasteko, gobernu bat osatu beharko du Bayrouk, eta ondoren 2025erako aurrekontu proposamen bat landu eta plazaratu. Horren harira, RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiko Jordan Bardella presidenteak agerraldi bat egin du gaur, eta gogorarazi du neurri handi batean aurrekontuetarako egindako proposamenagatik kargugabetu zutela Michel Barnier lehen ministro ohia pasa den astean, eta ezarri zituzten «marra gorriei» eusten dietela: «Ez dugu onartuko erretiratuen egoera ekonomiko eta soziala are gehiago ezegonkortzea». Aldi berean, alderdi horren lider Marine Le Penek ohartarazpen bat egin dio Bayrouri, X sare sozialean idatzitako mezu batean: «Macronismoari bi aldiz eman diote bizkarra hautetsontzietan, eta horri eusteak porrota besterik ezin du ekarri». Eta eskaera bat ere egin dio: aurrekontuak diseinatzerakoan oposizioak esandakoak aintzat hartzeko.
Barnier kargutik kentzeko, NFP Fronte Popular Berria ezkerreko koalizioak aurkeztutako zentsura mozio baten alde egin zuen RNk, eta ezkerreko bloke horretako alderdi nagusi Frantzia Intsumisoak jakinarazi du zentsura mozio bat aurkeztuko duela gobernuburu berriaren aurka. Mathilde Panot da Asanblea Nazionalean indar horren presidentea, eta X-en adierazi du Bayrouren gobernuak «Macronen zorigaiztoko politikak mantentzea» eragingo duela. Horregatik, Macron ez babesteko eskatu die Frantziako Asanbleako kideei.
Baina koalizioko beste alderdietako ordezkariek ez dute irmotasun horrekin hitz egin. Joan den astean, Barnier kargugabetua izan ondoren, PS Frantziako Alderdi Sozialista, koalizioko bigarren indar nagusia, bloketik aldenduta Macronekin bere kabuz negoziatzeko prest agertu zen. Gaur gutun bat kaleratu du, eta nabarmendu ez duela gobernuan parte hartuko, oposizioan egongo dela. Hori bai, eskari bat egin dio gobernuburu berriari: ez dezala, Barnierrek, besteak beste, egin bezala, Frantziako Konstituzioko 49.3 artikulua erabili, gehiengorik gabe legeak aurrera ateratzeko —artikulu horrek aukera ematen dio gobernuari lege proiektuak onartzeko, horiek Asanblean aurkeztu gabe—. Hori eginez gero, PSk zentsura mozio bat aurkeztuko du; hori azpimarratu du gutunean.
Eta Marine Tondelier ekologisten liderra ere antzera mintzatu da, eta eskatu du lehen ministro berriak ez dezala 49.3 artikulua baliatu. BFM-TV telebista katean mintzatu da, eta ez du baztertu Frantzia Intsumisoaren zentsura mozioa babestea. Esan du, nolanahi ere, aurrena jakin nahi duela zein politika proposatzen dituen Bayrouk. Hori bai, gertatutakoa kritikatu du, irudituta «vaudeville baten itxura duela.
Macronen seigarren gobernuburua
Duela zazpi urte herrialdeko presidente bilakatu zenetik Macronek izendatutako seigarren lehen ministroa da. Lehen biak, Edouard Philippe (2017-2020) eta Jean Castex (2020-2022), karguan egon ziren Macronen alderdiak gehiengo osoa zuenean Asanblea Nazionalean. 2022ko ekainean galdu zuen, eta, hain zuzen, hilabete lehenago izendatu zuen Elisabeth Borne (2022-2024). Hura gobernuburu zela, gobernuak konstituzioaren 49.3 artikulua erabiliz atera zituen aurrera hainbat lege, eta horrek higadura handia eragin zion Borneri berari. Aurtengo urtarrilean eman zuen dimisioa, presidenteak bultzatuta. Haren ordezko Gabriel Attalek bederatzi hilabete besterik ez zuen egin karguan —tartean, uztailean, Asanblea Nazionalerako bozak egin zituzten—, eta azken-aurrekoak, Barnierrek, hiru hilabete, joan den astera arte.
Azken urtean gertatutakoak erakusten du egoera politikoa oso ezegonkorra dela Frantzian. Gainera, Macronek ekainean hartutako erabakia ez zen lagungarria izan. Ikusita bere alderdiak ez zituela emaitza onak lortu Europako Parlamenturako hauteskundeetan, eta RNk, berriz, oso pozik egoteko motiboak izan zituela, herrialdeko presidenteak erabaki zuen Asanblearako bozak aurreratzea. Bost urtez behin egiten direnez berez, 2027an egin beharko ziren.
Baina jokaldia ez zitzaion uste bezala atera presidenteari. RNk emaitza oso onak lortu zituen, baita NFP Fronte Popular Berria ezkerreko koalizioak ere. Macronen alderdiak eta lagun izan dituen aliatuek nola edo hala eutsi zioten, eta, orduan, elkar ulertzeko asmorik ez duten hiru bloke handitan banatuta geratu zen Asanblea Nazionala. Horrek zailtasunak eragin ditu jardun parlamentarioan, eta ezegonkortasuna areagotu du.
Bayrou izendatu du lehen ministro berri, eta ikusteko dago datozen hilabeteetan eutsiko dion ala ez. Hori bai, Macronek ezingo du datorren urteko ekainera arte berriro hauteskundeetara deitu, Konstituzioaren 12. artikuluak dioenez behe ganbera azkenekoz desegin zenetik gutxienez urtebete pasatu beharko da-eta horretarako.