Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak Estrasburgon salatu du Espainiako Estatua, iritzita Espainiako Auzitegi Gorenak haren oinarrizko eskubideak urratu zituela Kataluniako prozesu independentistaren harira epaitu zuenean. Gorenak 11 urte eta erdiko espetxe zigorrera kondenatu zuen, sedizioagatik. «Espero dut han aurkitzea Espainiako Estatuan aurkitu ez dudan justizia», adierazi zuen atzo Bartzelonan egin zuen prentsaurrekoan.
Forcadellek bezala, aurretik Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo zuten Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidente izandakoak, Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente ohiak, eta Jordi Turull eta Josep Rull Generalitateko kontseilari ohiek. Forcadellen kasuak, baina, baditu zenbait berezitasun; Iñigo Iruin defentsa abokatuak nabarmendu du Europan ez dagoela aurrekaririk, «eztabaida bat baimentzeagatik zigortua» izan den parlamentu buru baten beste kasurik.
Aukera eta arriskua izan daiteke aurrekari falta, aldi berean. Batetik, epaiak jurisprudentzia ezarriko duenez, defentsak uste du kasua arreta handiz aztertuko dutela, eta iruditzen zaio litekeena dela Areto Nagusiak hartzea azken erabakia. Bestetik, baina, Forcadellek ezin izango du bere defentsa oinarritu beste kasu batzuetan erabili diren irizpideetan, eta soilik printzipio juridiko orokorrak baliatu ahalko ditu.
Parlamentuko presidente ohiak joan den astean aurkeztu zuen salaketa Estrasburgon, Espainiako justizian egin zezakeen ibilbide juridiko osoa agortu ostean. Forcadellek Gorenaren epaiaren kontrako helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, eta hark baztertu egin zuen, argudiatuta parlamentarien bortxaezintasunak ez zituela babesten Forcadelli leporatzen zitzaizkionak. Bi magistratuk boto partikularra eman zuten.
Parlamentarien bortxaezintasuna da Forcadellen defentsak aurkeztu duen salaketaren ardatzetako bat; adierazi du parlamentuko presidente ohia eztabaida jakin batzuk baimentzeagatik zigortzean Espainiak haren ordezkaritza politikorako eskubidea eta adierazpen askatasuna urratu dituela, Giza Eskubideen Europako Ituna oinarri hartuta. Europako Auzitegiak bere jurisprudentzian jasoa du parlamentuko jardunaren parte diren diskurtsoek babes handia dutela, eta parlamentua funtsezko foro bat dela demokraziak egoki funtziona dezan.
Horrez gain, defentsak Espainiako Estatuari leporatu dio biltzeko eta elkartzeko eskubidea urratu dizkiola Forcadelli, haren kontrako epaia helburu politiko bat lortzeko xedez eman duela, Pablo Llarena instrukzio epaileak ez duela inpartzialtasun printzipioa bete, eta Espainiako Auzitegi Gorena ez dela Forcadell epaitzeko gaitasuna duen organo bat.
«Nire eskubideen urraketa argiak eta larriak dira. Gure proiektua zilegizkoa, demokratikoa eta baketsua da», ziurtatu du Forcadellek. Gaineratu du herrialdeko gizartearen gehiengo batek babesten duela Kataluniaren autodeterminazio eskubidea.
Forcadellek Estrasburgora eraman du bere auzia, aurrekaririk gabekoa
Defentsak adierazi du «eztabaida baimentzeagatik» zigortu duten parlamentu buru bakarra dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu