Bosniako gerrak 30 urte. Kazetarien ikuspuntua

Fokuen itzalean gertatutakoa

Bosniako gerrak nazioarteko begiradak bereganatu zituen piztu bezain pronto. Kontatutako bertsioa, ordea, partziala eta «polarizatua» izan zela diote han izandako zenbait kazetarik, eta «kriminalizazioa» bultzatu zutela.

Mostarko etoribide bat, 2002an. Aurrean, iragazki komertzial bat, eta, atzealdean, eraikinak suntsituta. ALESSANDRO GORI.
Maria Ortega Zubiate
2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Dardarka utzi zuen Europa 1992ko apiril hark. Balkanak, kontinentearen bihotzean, elkar odolusten ari ziren, gatazka etniko eta nazional ulergaitz betean; ordura arte «neba-arrebak» izandakoak bando batean eta bestean ari ziren kokatzen, gorroto itsuz elkar hiltzen. Aurretik eraikitako zubi guztiak eraitsi zituzten egun batetik bestera, eta han gertatzen ari zena ez zen erraza ulertzen bertakoentzat; are gutxiago gatazka herrialdetik kanpora jarraitzen ari zirenentzat. Bainagerra hasi eta segituan piztu zuen atentzioa nazioartean, eta komunikatzaileen ardura bihurtu zen XX. mendeko gertakari historiko hura ulertaraztea.

Gerra odoltsua izan zen, bizitzeko eta kontatzeko. Han izan zen Jagoba Manterola argazkilaria, eta, gerraz galdetuz gero, irudi batekin erantzuten du: «Gogoan dut atera ez nuen argazki bat. Kale bat guztiz suntsitua; ez zegoen inor. Dena hautsez eta zaborrez beteta zegoen, eta garbi zegoen bakarra bi gorpu ziren; aita-seme batzuk. Asko ematen zuten atentzioa, dena zegoelako zikina baina bi gorpu horiek garbi zeuden. Aita semearen gainean zegoen, hilda, baina semea bizirik zegoen. Egoera horretan ezin izan nion argazkirik atera».

Manterola bertara heldu aurretik, are gatazka bere horretan hasi aurretik, han izan zen Teresa Aranguren kazetaria, Telemadriden eskutik; federazioa osatzen zuten nazioetan independentzia aldarriak loratzen hasi zirenean. 1991 zen Kroaziak independentzia erreferendumera deitu zuenean, eta alarmak piztu zituen, sor zitekeen suntsipenak erakarri baitzituen nazioarteko begirada zenbait; geroko gerrak erakarri zuenarekin alderatuz ezdeusa izan bazen ere.

Kontsulta hori, Jugoslaviako Federazioak gaitzetsia, zaila izango zela aurreikusi zuen kazetariak, eta hara joan zen. «Nazioarteko interesa zuen gaiak; aurreikus zitekeen prozesu gogorra izango zela, erreferenduma egiteko asmoa azaltzearekin batera serbiarren indarkeria hasi baitzen. Baina uste dut inork ezin zuela imajinatu zer gertatuko zen, ezta jugoslaviarrek ere», azaldu du.

Gerraren hazia jada ernalduta zegoen, fruituak ematear. Indarkeriak azkar egin zuen gora, eta horren irudi bat datorkio burura Arangureni: «Erreferendumaren aurreko egunean Belgradeko eta Zagrebeko taldeen aurkako partida bat egon zen. Serbiarren harmailak hutsik zeuden: ez zen inor ausartu joatera. Kroaziarrenak, ostera, jendez lepo zeuden, bandera kroaziar eta faxistekin, jugoslaviar banderak erretzen». Gero etorriko zenaren aurrekaria izan zen han ikusitakoa, horixe uste du Arangurenek; eta, gerra bere hartan piztu zenerako Madrilen bueltan bazen ere, gertutik erreparatu zion han gertatutakoari.

Arangurenek utzi zuen Jugoslavia hura laster suntsitu zen, eta urte erdi ere ez zen pasatu Manterolak atera ez zuen argazkiaren milaka bertsio telebistan agertu zirenerako; erakutsitako hildako bakarrak, ordea, bosniak etniakoak ziren. Izan ere, nazioarteko albistegietan bertsio bakarra kontatu zen, hori dio Arangurenek: «Nire irudipena izan da korrontearen aurka joan nintzela. Planteamendu bakarra ezarri zuten, eta ez zen xehetasunik onartzen. Satanizazio giro bat sortu zen; serbiarren ankerkeriak baino ez ziren kontatzen, eta asko izan ziren, hori argi. Baina Jugoslavia desegiteko prozesua oso konplexua izan zen, eta zati bati buruz bakarrik egiten bada berba, ez da errealitate osoa ikusten».

Joera bera antzeman zuenAlessandro Gori kazetari italiarrak ere.«Hasieran, gerra hiru bandokoa zen. Horretan ere ez zen atentziorik jarri, ez zen kontatu bosniarren eta kroaziarren artean egondako sarraskia, ez zutelako nahi hori jakiterik». Euskaldunon Egunkaria-ko eta BERRIAko kolaboratzaile, graduatu berria zen hara joateko erabakia hartu zuenean: «Nazioarteko komunitatearen begietara, Jugoslaviako gerraren errudun bakarrak serbiarrak ziren, eta nik jakin nahi nuen han zer gertatzen zen».

Berez, 1992 eta 1995 artean Serbian baino ezin zen egon Gori. «Gatazka egunero zegoen albistegietan, baina kamera eta albiste guztiak beti zeuden Sarajevon; bonbak eta misilak grabatzen. Horixe zen gerratik zabaldu zen informazio guztia. Serbian zer gertatzen ari zen inoiz ez da ikusi inon; gerraren beste aurpegia zen hangoa», dio Gorik.

Esan eta egin. Belgradeko mugetan barna ibili zen, eta, bertan gerrarik ez bazegoen ere —1999ra arte ez zen piztu han, NATOk bonbardatu zuenean—, egoera «kaotikoa» zela dio: «Gazte asko gerraren aurka zeuden, baina derrigorrez joan behar zuten gerrara. Giroa itogarria zen, bakartuta bizi baitziren; blokeoa eta pobrezia izugarriak ziren. Jendea gaizki bizi zen, baina, era berean, Mendebaldeak haiei botatzen zien errua; eta horren karga ere sentitzen zuten».

Interesik ez

Lan handia eginagatik ere, Gorik ez zuen ikusgaitasun handirik lortu, ordea; Italiako hedabideek ez zuten interesik kontatzeko zuena argitaratzeko. Horrek lotura zuzena du serbiarren aurka zabaldutako iritziekin, hori dio: «Oso kazetari gutxi zeuden Serbiatik berri ematen, eta polarizazioa sekulakoa zen serbiarren aurka».

1995era arte ezin izan zen Bosnian sartu italiarra.Mostartik sartu zen, herrialdeko hego-mendebaldetik; eremu hartan gatazkak bukatuta zeuden ordurako. Hiri hori esanguratsua bilakatu zen oso, Neretva ibaiaren gaineko zubiak batzen baitzituen, sinbolikoki, alde kroaziarra eta bosniarra —azaleko irudian agertzen da—. Gori heldu zenean, suntsituta zegoen, eta irudi hark laburbiltzen du gatazka; bi etnien loturak hautsiak zeuden: «Kalean ez zegoen argirik: argindarra kendua zegoen. Zubiaren tokira heldu ginenean, zur eta lur geratu nintzen: zubia falta zen, ez zegoen ezer, eta hustasun horrek hainbeste esaten zuen. Inork nahi ez zuen akordio baten ondorio zen».

Manterolak aukera izan zuen, AFP agentziaren eskutik, gerra Bosniatik kontatzeko; baina serbiarren bandotik. «Ni serbiarren bandoan nengoen, baina horrek ez zuen asko saltzen. Bosniakei serbiarrek egindakoak saltzen zuen, baina alderantziz ez. Ni ez ninduten zentsuratu, baina oso gutxi argitaratu ziren nire argazkiak, hori egia da», dio.

Bereziki zaila egin zitzaion handik berri ematea, berak ere barneratuta baitzeukan serbiarren aurkako ideia hori. «Serbiarren bandoan lan eginagatik ere, horrek ez du esan nahi haien alde egon nintzenik. Urte askoko lanketa izan da niretzat ulertzea serbiarrak ez zirela hain gaiztoak, eta krimenak alde denetan izan zirela».

Arangurenentzat bestelakoa zen egoera; 1999ko NATOren bonbardaketen berri ematera bidali zuten Serbiara, Bosniako gerra jada bukatuta zegoela. Baina Bosnian egindako kontaketek Serbiako bonbardaketak«justifikatzen» lagundu zutela dio. Haren iritziz, bonbardaketen berri apenas eman zen nazioartean, eta bere nagusiek jaso zuten presiorik: «Badakit presio handiak zituztela zuzendaritza batzordekoek, Espainiako Gobernua bonbardaketen alde zegoelako; NATOko idazkari nagusia ere espainiarra zen, Javier Solana». Uste du lagundu egin ziola «telebista autonomiko baterako» lan egiteak, katearentzat bera han izatea «prestigio» handia zela baitio.

«Karga» handia

Erredakzioko beroa utzi, eta nazioarteko kaleko kazetaritza egitera joan ziren hiru elkarrizketatuak; gerra betera. Enpresak aginduta joan zen Aranguren, eta interes pertsonalagatik beste biak. Manterolak dio kazetaritzako filosofiagatik, ideologiagatik joan zela: «Lan hau idealista izatea da. Nire filosofia zen argazki batek aldaketa ekar zezakeela. Ez dakit mundua aldatzea zen nire helburua, baina, hogei urte dituzunean, baduzu sentsazio hori».

Hala ere, konbentzimendu osoz joanagatik ere, han aurkitutakoa ez zen goxoa izan. Gerra eta krisi sakonean zeuden herrialdeok: etengabeko erasoak, arazo ekonomikoak, trauma soziala. Arazo horiei batu zitzaizkien lana egiteko zailtasunak, eta ez ziren gutxi izan. Arangurenek ondo gogoan ditu 1999 hartako bonbardaketei buruz berri emateko egin behar zituenak.Bere lana ikus-entzunezkoa zen heinean, bideoak lehenengo ekoitzi eta gero bidali behar zituen, eta horrek leku seguru eta lasai bat eskatzen zuen. Baina ez zen horrela izan, Belgraden argia eteten baitzen behin eta berriz. Telebista bonbardatu zutenean, haren lankideak argi sorgailuak zituztenen bila hasi ziren. «Autoen tailer baten jabearen etxean egiten nituen edizioak; mikrofonoa lisatzeko taularen gainean jartzen nuen, umeen gelan. Bukatzean, Errumaniara bidali behar genuen, Timisoarara, eta handik, satelite bidez, Madrilera».

Manterolak ere ondo daki zertaz ari den Aranguren. Gogoan du, esaterako, 35 kilogramoko ekipoarekin ibili behar zutela batetik bestera, argazkiak satelite bidez bidaltzea beste aukerarik ez zutelako. Gainera, dioenez, satelite horiek ez zuten funtzionatzen egungoek bezain zehatz: zaila zen kokapen zehatza aurkitzea. Ondorioz, gerrari buruzko informazioa ere eskas heltzen zitzaien. «Teknologia oso txarra genuen; baldintza kaskarretan egin genuen lan».

Karga handiko lana izan zen, beraz, baina ez bakarrik alde fisikotik. Lan sakona egin zuten handik berri ematen aritu zirenek; beren begiz ikusi zituzten han pairatzen ari zirenak, eta kazetarion erretinan betiko iltzaturiko irudiak dira horiek. Arangurenek ordutik «alarmak» gordetzen ditu, eta nazioartean gatazkaren batek eztanda egiten duen aldiro pizten zaizkio, fokuak bereganatzearekin batera, informazioari emango dioten trataerak kezkatzen baitu.«Alarma pizten zait hedabideen erakustaldi zabalak ikusten ditudanean:badago alde bat benetan informazioa dena baina beste bat agian ez dena hainbestekoa».

Arangurenen «alarmen» lekuan, «mamuak» diru Manterolak. Hark ere gerra hartakoa ondo gordeta dauka buruan: orban eta itzal luzea utzi dio han bizitakoak. Ikusitakoak, atera zituen eta ateratzera ausartu ez zen argazkiak sarri etortzen zaizkio burura, horiei buruz berba asko egiten ez duela aitortu arren, aipatutako «mamuak» utzi baitizkio: «Mamuak bizi guztirako dituzu. Denborarekin burutik kenduz noa, baina tentsioa ez da guztiz joaten, nik uste».

30 urte dira dagoeneko ordutik, baina munduan beste gatazkaren batek eztanda egiten duen aldiro berpizten zaizkio oroitzapenak. Oraingoan, argazkia atera ez zion haur hartaz gogoratzen da; sarritan etortzen zaio burura, horixe dio, eta bere buruari diotso: «Orain 30 edo 31 urte inguru izango ditu; nire iloba izan daiteke. Non egongo ote da haur hori?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.