Abstentzioa eta boto emaile zalantzatiak. Horiexek dira gaurko hauteskundeen ezaugarri nagusiak, Bruno Cautres politologoaren esanetan. Eta horiexek egiten dute, hain zuzen, emaitza aurreikusi ezinezkoa. CEVIPOF Zientzia Politikoen Ikerketa Zentroko eta CNRS Ikerketa Zientifikorako Zentro Nazionaleko ikerlaria da Cautres, soziologia politikoan aditua; abstentzioa eta parte hartze politikoa ditu ikerketagai. Zalantzarik gabe dio: «Ezohiko hauteskundeak dira hauek».
Inkestek iragarri dute abstentzioa handia izango dela. Haatik, normalean presidentetzarako hauteskundeetan parte hartzea handia izan ohi da. Herritarrek sistema politikoan konfiantza galdu al dute?
Zuhurrak izan behar garelakoan nago. Bai, litekeena da aurrekoetan baino abstentzio handiagoa izatea, baina ez dirudi izugarria izango denik. Ez dut uste 2002ko datuetara iritsiko garenik. Badaude faktore asko jendea bozkatzera erakartzeko: hautagaiek profil ideologiko oso desberdinak dituzte, eta boto emaileen interesa piztu beharko luke horrek. Halere, kanpainak izan ditu gune beltz handiak: François Fillonen eta Marine Le Penen aferak.
FN Fronte Nazionalari mesede egingo lioke abstentzioa igotzeak, ezta?
Teorian bai, FNko boto emaileak beti mobilizatzen dira eta. Beti babesten dute haien hautagaia, eta nekez aldatuko luke jarraitzaile batek botoaren norabidea. Halere, badago argitu beharreko gauza bat: abstentzionistaren soziologiak badu zerikusia FNren boto emailearekin. Alegia: askotan hezkuntza maila apala dutenak dira, eta ondare ekonomiko eta kultural ahulak dituztenak. Horregatik, abstentzioa igotzen bada, egon daitezke etxean geratuko diren FNren boto emaileak.
Eta zein alderdi politikok sufritu dezake gehien abstentzioa?
Abstentzioaren eragin negatiboa izango duten alderdiak beste guztiak izango dira, baina, nire ustez, bereziki Emmanuel Macronek sufrituko du gehien.
Zergatik?
Azken asteetan ikusi den moduan, haren boto emaileen zati bat zalantzatiak dira. Hau da: adierazten dute Emmanuel Macronen alde bozkatuko dutela, baina, era berean, ez daude hautuaz guztiz ziur. Azkenean, boto emaile horiek ez bozkatzea erabakitzen badute, Macroni egingo diote kalte.
Zundaketen arabera, asko dira botoa oraindik erabaki ez dutenak, boto emaileen laurden batek inguru. Kopuru oso handia da hori.
Bai, hauteskunde hauen ezaugarri nagusia da: lehen itzulia jokatzeko egun gutxi falta direla, botoa nori emango dioten erabaki ez duten asko daude.
Emmanuel Macron ezker zein eskuin saiatu da botoak arrantzatzen. Non kokatuko zenuke haren programa?
Zentrista bat da, zentroko hautagaia. Askotan esan du ez dela ezkertiarra, ezta eskuindarra ere. Bere boto emaile gehienak zentro-eskuinekoak eta zentro-ezkerrekoak dira.
Berrikuntza gisa saldu du bere burua.
Baina ez da. Bere irudia bai, bere profil pertsonala berria da: ibilbide profesional bikaina du, oso gaztea da... Baina bere programa ez da berrikuntza bat; Macronen fenomenoak askotan oroitarazten dit 1974ko Giscard d'Estaing.
Ezkerra eta eskuina bereganatzeko ahaleginean ez al du Macronek bere diskurtsoa lausotu?
Hori da Macronen arrisku nagusia. Mundu guztia nahi du erakarri, baina inor ez erakartzeko arrisku handia du. Macronen egoera ondokoa da: bere indargunea da Frantzian politika berritzeko gogo handia dagoela. Aldi berean, bere ahulezia da ezezaguna dela, eta jendeak ez duela bere programa gehiegi ezagutzen. Eta zalantza asko eragiten ditu. Herritar asko seduzitu ditu, baina horiek gero ez dakite zein den bere programa. Bere indargunea ahulezia ere bihur daiteke.
Azken hauteskundeetan gora egin du FNk. Zertan desberdintzen da Marine Le Penen eta haren aita Jean-Mariren alderdia? Lortu al du egungo eskuin muturrak bere diskurtsoa normalizatzea?
FNren taktika aldatu du Marine Le Penek. Lortu du alderdiaren itxura aldatzea, eta, egun, Frantziako hedabideek ez dute deabru gisa aurkezten. Hau da, haren aitaren FN eta egungoa desberdintzea lortu du. Ahalegin handia egin du bere aitaren keinu probokatzaileak baztertzeko, batez ere II. Mundu Gerrari buruzko erreferentziak. Halere, FNren programa epe luzean aztertu duten ikerketek erakusten dutenez, aitaren eta alabaren lehentasunak ez dira gehiegi aldatu: nortasun nazionala, migrazioaren aurkako jarrera, euroeszeptizismoa... Alderdi bera da.
Hain zuzen, eskuinak jarrera gogortu du alor horietan. Bere egin al du eskuin muturraren diskurtsoa?
François Fillonek eskuin gogor bat irudikatu du, oso kezkatuta nortasun nazionalaren inguruan. Proposatu du beste modu batean erakutsi beharko litzatekeela Frantziako Historiako irakasgaia. Bai, FNren boto emaileak erakarri nahi izan ditu.
Ustelkeria auzi batek bete-betean jo arren, Fillonek oraindik aukera du bigarren itzulira igarotzeko. Konspirazioaren teoriak funtzionatu al dio?
Jarraitzaile oso motibatuak ditu. Prest daude Penelopegate ahazteko boterera itzultzen badira.Horrez gainera, haren irudia oso ondo zaindu du Fillonek: Errepublikako presidentearen irudi bertikala du, eta askoren begietan dagoeneko presidentea da. Bigarren itzulira iristen bada, izango da eskuineko boto emaileek esan dutelako: «Hauek gure bozak dira, eta irabazi egin behar ditugu».
Ezkerrari dagokionez, Jean-Luc Melenchonek lortuko luke, inkesten arabera betiere, PS Alderdi Sozialista gainditzea.
Egungo ezkerraren testuingurua ondo aprobetxatu du. PS erabat hautsita dago: Fançois Hollande ez da aurkeztu, eta Benoit Hamonek huts egin du; ez da gai izan alderdi guztiaren babesa lortzeko. Melenchonek kanpaina bikaina egin du, sare sozialak eta hologramak baliatuta. Ezkerra oraindik present dagoela erakutsi du.
Boto baliagarria garrantzitsua izango dela dirudi, batez ere bigarren itzulian. FN igaroz gero bigarren itzulira, haren aurkariak irabaziko al lituzke bozak?
Dudarik ez dago horretan. Halere, Fillon eta Le Pen iristen badira bigarren itzulira, lehia estuagoa izango da, ezkerraren zati handi batek ez baitu bozkatuko. Edonola ere, boto baliagarria erabakigarria izango da. Zentro-ezkerreko boto emaileek saldoka bozkatuko dute Macronen alde, Fillon-Le Pen bigarren itzulia eragozteko.
Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetan indarrek pareko jarraituko balute, parlamentu oso zatitua eratuko litzateke. Gobernatu ahal izateko arazoa al litzateke?
Bai. V. Errepublika pentsatuta dago lehen ministroak gehiengo osoa izateko Asanblea Nazionalean. Ikusiko dugu; Macron izanez gero presidentea, koalizio bat era dezake sozialistekin eta zentristekin. Marine Le Penek irabaziko balitu bozak, ordea, ia ezinezko luke gehiengoa edukitzea Asanblean.
Presidentetzarako bozak Frantzian. Bruno Cautres. Politologoa
«FNren itxura aldatu du Le Penek, baina bere aitaren alderdi bera da»
Profil ideologiko oso desberdineko lau hautagaik dute aukera bigarren itzulira igarotzeko, eta horrek interesa piztu duelakoan dago Cautres zientzia politikoan aditua. «Boto baliagarria giltzarria izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu